Eta geratzeko iritsi da, hiru hilabetez, ez gehiago ez gutxiago. Opor maitatu eta merezituenak arduraz planifikatzeko unea da, urtearen ekuatorera iritsi garelako eta fronte askotan borrokatu gaitezkeelako sei hilabetetan... Stop sakatuko dugu orain, eta baimena emango diogu gure buruari gure premietan eta gure ilusioetan pentsatzeko; erlojua eta agenda bazter utziko dugu, eta dolce far niente izango dugu gozagarri. Barren-kezkarik gabe. Hargatik. Dagokigulako.
Eta udako oporrak antolatzearen alde ona da joan-etorria gehiago luzatu daitekeela, hau da, jomuga nolabaiteko lasaitasunez ezagutzeko aukera izan dezakegula. Nafarroa, behinik behin, bai, aise ibili daitekeelako haren barna iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera. Aniztasuna eta aldeak bilatzen badituzu gastronomia ona lagun, hauxe da zure jomuga. Hona hemen zergatiak.
Iparraldean, Pirinioak daude. Herrixka xarmangarriak, eta eliza eta harrizko baserri ederrak guztietan, balkoi loredun eta guzti; ibar berde zoragarriak, hala nola Erronkaribar malkartsua, Baztan barea, Aralar edo Urbasa –han dago Urederraren iturburu zoragarria–; ibai eta errekak, eta igerileku naturalak haietako batzuetan, naturan bertan freskatzeko aukera emango dizutenak; eta hamaika xendra eta bide berde, noraezean eraman eta basoaren itzalean murgil zaitzatela, eskertzekoa udan.
Eta gozatu oso esperientzia naturalez. Edan ur garbi-garbia iturritik, erosi herriko ogia, jokatu pilota-partidu bat frontoian, bainatu ibaian –mendiko ur hotzari aurre egin beharko diozu–, egin piknik bat Leurtzako urtegietan, eta aurkitu herriak eta paisaiak, bai zure kasa, bai bisita gidatu dibertigarrien eskutik. Haietako batzuek gure betiko ofizioak hobeki ezagutzen lagunduko dizute, gaztandegietan, errotetan eta abarretan egiten zirenak kasu –taloak txorizoarekin eta gazta eman ohi dituzte amaieran–.
Eta, gastronomiaz ari garela, zergatik ez erosi Erronkari edo Idiazabal jatorri-deiturako gaztaren bat? Edo Elizondoko txokolate zoragarriak? Edo zergatik ez egin gauzak behar bezala eta eseri mahai batean eta dastatu zainzuriak, menestra, potxak, txuletak, ajoarrieroa edo postre zoragarriak, hala nola mamia, kremadun tututxoak edo ogi-torradak?
Emozio zirraragarriagoak bilatzen badituzu, Pirinioetan ere aurkitu ahalko dituzu, naturan bertan kokatutako hainbat abentura-parkeren eskutik, hala nola Irrisarri Land edo Bertiz Abentura Park deiturikoen eskutik (tirolinak, via ferratak eta erorketa askeak dituzte, besteak beste).
Eta, orain, mendebalderantz! Donejakue Bideari jarraituz gero, eliza misteriotsuak aurkituko ditugu, hala nola Eunatekoa, oktogonala, zubi erromaniko ederrak, Gareskoa kasu, hiri txiki historikoak, hala nola Viana edo Estella-Lizarra –iparraldeko Toledo deitutakoa– eta antzinako monasterioak, Irantzukoa eta Iratxekoa, adibidez. Eta, arte oparo horretatik hurbil, kolore turkesako urtegi bat, Allotzekoa, jardueraz beterikoa: bela, paddle sup, ibilbide gidatuak belaontziz, eta beste hamaika ekintza ingurune hurbilean.
Hegoalderantz joanez gero, Nafarroako beste ezin galduko batekin topo egingo dugu: Erriberriko jauregia, ipuin-irudiko jauregi gotiko bat dorre almenadunekin. Paradore eta guzti du. Eta, kilometro gutxira, Erdi Aroko hainbat herri, kale harriztatutakoak, hala nola Galipentzu edo Uxue. Artzain erako ogi-apur famatuak eta txingarretan egindako arkume-saiheskiak dastatu ahalko dituzu Uxuen. Eta ez ahaztu almendra garrapinatuak erostea oroigarri gisa! Ezetz probatu gabe etxeraino bueltan eraman.
Hiru behien zerga, Erronkarribarrean, Artzai Eguna, Uharte Arakilen, Orhipean jaia, XX. mendearen hastapenetara garamatzana, Otsagabian, edo Transhumantziaren Eguna, Kasedan. Eta, kultura-jarduera nabarmenei dagokienez, idatzi hauek agendan: Harresien Jaialdia edo Flamenco on Fire, Iruñean, Erriberriko Antzerki Jaialdia, eta Kultur programa interesgarria, artea, musika eta dantza banatzen dituena Nafarroa osoko lekune natural eta monumental interesgarri askotan.
Ikusi duzunez, bere kulturaren eta jendeen onena aurkezten digu Nafarroak udan bertako jai eta ekitaldien eskutik, baina, horrez gain, hamaika aukera eskaintzen ditu artea, natura eta hurbilekoekin mahai baten inguruan esertzeak ematen duen une atsegina lasaitasunez bizitzeko.