Queiles ibarrean, Erriberan, aintzirak Moncayoren urak biltzen ditu, lur ureztatuetan erabiltzeko. Hala ere, hori baino anitzez gehiago da: arrantza barrutia, bertako espezien eta beste berriago batzuen bizilekua;
uretako hegaztiei behatzeko bide bikaina; eta misterioz betetako ingurua, antzina igerilari batzuek bizitza galdu baitzuten urak zeharkatzean.
Cascantetik Ablitasera doan errepidea gurutzatuta, aintziraren ertzera helduko gara. Handik aurrera,
mendi-bide goratu batek inguratzen du aintzira, eta, urtaroa zein den, espezie anitz ikusten ahal dira, besteak beste: kopetazuri arrunta, murgil handia, koartza hauskara, ahate gorrizta, murgilari europarra, etab. Araldian murgilak eskaintzen duen dantzak, ispiluaren aurreko dantza dirudien erritualak, ez du inor hotz uzten. Komenigarria da isilik egotea eta bidetik ez ateratzea, hegaztiak ez uxatzeko.
Aurrerago, uretako landareen gunea ikusten ahal da, lorategi japoniar bateko urmaelaren antzekoa.
Eta sugestioa kontrolatzerik dugun jakiteko, onena da aintzirara
gauez joatea. Gaueko zorigaiztoko soinuek irudimena piztu eta, beharbada, ilea laztuko digute. Aintziraren erdian miura bat dago? Ez horixe! Txori zezena da. Eta irri horiek? Maitagarri batenak ote dira? Giza presentzia bat ote? Ez, jakina. Zenbait hegaztiren kantek giza irriaren antza dute. Gauez edo egunez, ibilaldi atsegina da, aski ezezaguna den natur ingurune batean barna.