Egun, Erdi Aroko herri txikia da
Uxue; bertan, harrizko karrika meharrak daude, eta horien aldeetan pilatzen diren etxeek Erdi Aroko atariak eta armarridun fatxadak dituzte, eta etxandi gotikoak ere badira. Dena dela, iraganean, Uxue Iruñeko Erresumako bastioi nagusia izan zen, musulmanek Ebro ibaiaren inguruko lurrak mendean hartuak zituztenean.
Eliza horrek gotorleku baten itxura du, eta gerra eta aliantza haien emaitza da.
Fabrikazioko zenbait etaparen emaitza da gaur egungo eraikina. Zenbait erregeren agindu eta ekarpenei esker eraiki zen. Burualde hirukoitza zuen tenplu erromaniko bat bezala hasi zen eraikitzen (XI. eta XII. mendeak).
XIV. mendean, Karlos II.ak santutegia zaharberritzea erabaki zuen, Uxueko Andre Mariari debozio handia baitzion. Hiru nabe erromanikoak eraitsi ziren, eta soilik burualdea eta lehen tartea geratu ziren zutik; haien ordez, nabe gotiko bakarra altxatu zen.
Errege honi zor zaizkio, halaber,
luxu handiko erronda-bide gangaduna -behatokia eta guzti-, errege egoitza eta ospitale handia. Gainera, herriari unibertsitate edo ikasteko leku nagusi bat ere eman nahi izan zion.
Karlos II.ak izugarri maite izan zuen Uxueko Ama Birjina; izan ere, hil zenean, bere gorpua baltsamatu eta Iruñeko katedralean lurperatu zuten, baina haren bihotza atera eta hainbeste maite zuen Ama Birjinaren ondoan dago, kutxatila batean sartuta.
XII. mendeko taila bat da; haltz-zurezkoa da eta zilarrez dago forratuta. Oso ederra da eta
Nafarroako irudi erromaniko zaharrenetakotzat jotzen da. Metro bateko eskultura da, eta horren ezaugarri deigarriena da bere aurpegi garbia, aurpegiera geometrizatua duena. Almendra formako begi handiek, baita aho txikiak ere, espresio gozoa eta irribarretsua ematen diote.
Santa Mariaren elizako beste bitxietako bat da
hegoaldeko portada, XIV. mendekoa. Gotiko nafarraren lan ederrenetakoa. 10 arkiboltak altxatzean osatzen duten arkua du, eskema puntadun eta turuta gisakoa agertuta. Kapiteletan mahats-biltzearekin zerikusia duten apaingarriak nabarmentzen dira (emakumeak mahatsak biltzen, txoria mahatsa mokokatzen...). Tinpanoan bi eszena ageri dira: Afari Santua eta Epifania. Esaten denez, Ama Birjinaren ondoan belauniko ageri den pertsonaia Karlos II.a izan liteke, bere itxura hilezkor ikusi nahi izanda, obrak ordaindu zituen aldetik. Efektu handiko eszena da, figuren tamaina eta konposizio liluragarriarengatik.
Bilaka zaitez zelatari tartetxo batez, eta erronda-bidetik barna ibili; handik
Erriberri herria ikusiko duzu. Uxuek harreman estua izan zuen horrekin XIV. eta XV. mendeetan zehar.