Nafarroako mendebaldean kokaturik, Urbasa eta Andia mendiek osatzen dute
Urbasa-Andiako Natur Parkea. Andia mendia zeharkaturik, NA-120 errepideak Etxarri-Aranatz eta Lizarra lotzen ditu. 20. kilometroan, errepidetik metro batzuetara, erromatarren galtzada dago, garai batean Egaibar eta Arakil ibarra lotzen zituen lekukoa, mila urtetik gora dituena. Mendiak parkeko bazter ikusgarrienetariko bat eskaintzen dio bisitariari:
Irantzuko monasterioa.
Lurralde osoaren % 70 pagadi ikusgarriz betea dago, hagin, ipuru eta pinuekin batera. 1.000 metrotan badira
arrasoak izeneko lautadak. Soilguneak dira, hots, zuhaitzik gabeko bazkalekuak eta, tarteka, txilarrak eta elorriak daude. Ohikoan, han bazkatzen egoten dira zaldi, behor eta ardiak. Ardi esnearekin
Idiazabal izeneko gazta goxo-goxoa egiten da. Soilgune guztietan handiena denari Arrasoa esaten zaio. Bertan, XVII. mendeko jauregi bat aurkituko duzu, baina gaur egun itxita dago.
Eta ez ibili erreka bila Natur Parkean, lurzorua kareharrizkoa baita. Beraz, ura lur barnera sartu eta arrailaz arrail, leizez leize iragazten da. Zalantzarik gabe,
leku egokia da espeleologia maite dutenentzat. Bi iturburu ikusgarri daude:
Urederra ibaiarena, Urbasa mendian (Bakedaon dago sarbidea), eta Andia mendian dagoen Ubagua ibaiarena (Errezun dago sarbidea).
Olazti eta Lizarra lotzen dituen NA-718 errepidea hartzen baduzu, mendia alderik alde gurutzatuko duzu. Baina, aukera izanen duzu ibilgailua hainbat tokitan uzteko. Iparraldeko sarreran gomendagarria da Informazio Zentroa bisitatzea. Parke Naturalak paisaiari, ekologiari eta kulturari begira dituen balioei buruzko xehetasunak emanen dizkizu. Hegoaldean,
"Seberinoren borda" dago. Interpretaziorako eremua da gaur egun, eta artzainen bizimodua ekartzen digu gogora. Artzainak bizi eta azienda gordetzeko etxolari esaten zaio boirda. Borda horretan, gainera, ikaztobi bat egin da.
Ibiltzea nahiago baduzu, badira seinale bidez
markatutako hainbat ibilbide, batzuk daude Urbasa mendian:
-
Iturrien ibilbidea bidexka zirkularra da. Seberinoren bordatik abiatu eta 4,5 kilometro ditu. Desnibela apala da, bazterrak zoragarriak eta badira hainbat iturri.
-
Artzainen ibilbidea. 7,6 kilometro ditu. Bidexka erraza da eta Urbasako baso eta arrasoak zeharkatzen ditu, abeltzaintza erabilerak ikusteko. Informazio Zentroan hasi eta Seberinoren bordan bukatzen da.
-
Mendizaleen ibilbideak 3,8 kilometro ditu. Mendiaren iparraldeko amilbururik gorenera iritsiko gara -1.113 metrotan-. Zailtasun ertaineko bidea da, Informazio Zentrotik abiatu eta gatzaren bide zaharrari jarraikitzen zaio. Lehenago, bide hori erabiltzen zuten hurbil dagoen Jaitz herritik gatza garraiatzeko.
-
Dulantz eta Irantzuko arroila (Andía). Erraketa itxurako zidorra da, 18,6 kilometrokoa. Irantzuko monasteriotik hurbil atera eta lehen ibaiaren ibilbideari jarraitzen dio, baso itxietan barna Dulantz tontorreraino igotzeko.
Ibilbide gomendatua, Urbasa eta Andiako ingurune hurbila ezagutzeko.