San Pedro eliza
Erriberriko El Fosal plazako eraikin nagusia da. Herria Nafarroako Erdialdean dago, eta Foru Komunitateko monumentu multzorik nabarmenetakoa da. Tenplua erromanikoan eraikitzen hasi eta barrokoan handitu zuten.
Hiriko zaharrena da. Multzoan hiru gauza nabarmendu behar dira: ataria, klaustroa eta bere dorre gotiko lerdena.
Bere
atari erromanikoa dotorea eta soila da. Erdi-puntuko arkua du sei arkibolta leunetan txaranbeldua. Arkiboltak jori apainduak daude xake-itxurakoekin eta landare motiboekin. Nabarmentzekoak dira San Jorge eta Herensugearen arteko borroka irudikatua duten kapitelak, eta zentauro bat harpia baten aurka egiten ari den borroka ere bai. Tinpanoa eta ateburua gotikoan erantsi zitzaizkion; tinpanoan San Pedro, San Andres eta Santiago ageri dira. Ateburuan, berriz, San Pedroren bizitzako irudiak daude irudikaturik. Fatxadan, azkenik, arrosa leiho ederra eta frisoa daude, azken hori orbelaz eta irudi mitologikoz apaindua.
Deigarri gertatzen da
altueran 52 metro dituen dorre gotiko bitxia; bere gainean zortzi aldeko orratza dago, XIV. mendekoa. Eredu interesgarria da bere generoan, ahalegin arkitektoniko handia dariolako eta ertzek duten kurbatura bitxiagatik. XIII. mendeko horma-irudi gotikoez apainduta egon zen kanpandorrea, baina Iruñean dagoen
Nafarroako Museoraino joan beharko duzu pintura lan horiek ikustera. Han daude segurtasun eta kontserbazio arloko arrazoiak direla medio.
Eraikinari atxikia, iparraldean, XIII. mendearen
erdiko klaustro bakartua dago, oin laukizuzena duena. Erdi-puntuko arkuez osatua, arku horiek zutabe bikoitzetan bermatuak daude. Bere kapiteletan argi eta garbi bereizten dira landare formak, giza aurpegiak eta Genesiaren irudiak, Adan eta Eba protagonista direla.
Tenpluaren barnealdeak oin laukizuzena du. Erdiko nabea eta alboko biak gurutze gangez estaliak daude eta gurutzadura, berriz, laranja erdiko kupula batez. Kupula hori maskorren gainean dago. Gurutze formako zutabe gotiko ikusgarriek are monumentaltasun handiagoa ematen diote elizari.
Erretaula nagusia barrokoa da eta San Pedrori eskainia dago. Nafarroako San Fermin eta San Frantzisko Xabierkoa zaindarien mihise gaineko margolanak ageri dira, Vicente Berdusanek egindakoak. Virgen del Campanal izeneko Ama Birjinaren kapera eraikuntza protogotikoa da eta XIII. mende bukaeran egindako horma-irudien bidez apaindua zegoen. Gaur egun, Nafarroako Museoan daude ikusgai eta
garai hartako nafar horma-irudien lanik garrantzitsuenetakoak dira.
Elizan ere Erriberriko Enequo Pinel notarioaren hilobia dago, 1432an eraikiarazi zuena. Bere berezitasun nagusia da Hirutasuna hiru lagunekin batera irudikatua dagoela.
Jean Lome de Tournayk egin zuen, hots, errege Karlos III.a Prestuaren eskultore kutunak. Nafarroako eskultorerik garrantzitsuena izan zen XV. mendean. Bere lan nagusien artean Karlos III.aren eta bere emazte Leonorren hilobia nabarmentzen da,
Iruñeko katedralean dagoena.