Santiago eliza monumentu historiko artistikoa da 1977az geroztik, izen bereko karrikan dago
Zangoza izeneko herrian, Nafarroako Erdialdean, alegia.
Erromanikoaren eta gotikoaren arteko trantsizioaren adibide ederra da; burualdeko hiru absideak eta atari nagusia lehenbiziko estilori dagozkio. Aldiz, XIII. mendean, hiru nabeak egituratu zituzten, hirurak gurutzeria-ganga sinplearekin estaliak.
Ondotik ere
eliza eraikitzen segitu zuten. Izan ere, XIV. mendekoa da eraikinetik sendotasun handiz altxatzen den almenadun dorre karratua.
Atari nagusia
xumea da eta bere tinpanoan (XVII. mendea) Santiago ageri da
maskor baten gainean atsedena hartzen. Maskorra Donejakue bidearen ikurra da. Alde batean, bi erromesen pinturak daude, biak belaunikaturik, eta santuari otoitz egiten ari zaizkio. Eta bi-biek ere Santiagorantz zihoazen ibiltarien jantzia daramate: sotana marroia, maskorra lepotik dilindan, txano beltza eta, eskuan, makila.
Elizaren barnealdea nabarmen lotua dago Donejakue bideari. Hori agerikoa da apaingarrietan, Bidearekin zerikusia duten apaingarriak baitira:
pordoiak, erromes-maskorrak eta kalabazak. Hiru nabe ditu, lau tarte, burualde erdi-zirkular hirukoitza eta deboziorako kapera zenbait. Kapera horietako batean, Santiagoren harrizko irudi bat dago (XIV). 1964ra arte, kaperako lurpean egon zen ezkutaturik eta tamainaz bitxia da, ia bi metrokoa baita; santuak Ebanjelioen liburua dauka ezker eskuan eta erromesaren pordoia -puska batean hondatua- eskuinekoan.
Tenpluaren barnealdean badira hainbat gauza nabarmengarri arteari begira, esaterako, erretaula nagusia (XVIII), lau kapera (Jesusen Bihotza, San Roman, Gurutziltzatua eta Elurretako Ama Birjinarena), bai eta bataiorako kapera ere. Azken horretan dago San Eloiren erretaula (XVI. mendekoa).
Barrenetik kanpora atera ondoren, erreparatu eliza aurrean dagoen etxe noble handiari: harrizko atari bikoitza du eta arku erdi-zirkularra.
Erromesentzako ospitale zaharra da, gaur egungo abatetxea, eta atariaren dobelan erromesaldiaren ezaugarriak agertzen dira.