Jendeak
"Diputazioa" esaten dio Nafarroako Jauregiari eta Gobernu autonomoaren egoitza da. Estilo neoklasikoan egina, bere fatxadetako bat Foruen monumentuari begira dago, Sarasate pasealekuan, eta bestea Karlos III.ari eta Gazteluko Plazari.
Fatxada nagusian Fructuoso Ordunak egindako eskultura multzoa dago (1951), Nafarroako armarria barne, gizonezko bat alde banatan duela: menditarra bat, Erriberakoa bestea. Bi horma-hobitan brontzezko irudi bi daude: errege Antso VII.a Azkarra eta Antso Handia dira. Fatxada horretako arkupeetan oraindik ere ageri dira Espainiako Gerra Zibilean izandako bonbardaketa batek eragin zituen kalteak.
Fatxada nagusiaren ondoan,
lorategia burdinsare batez hesitua dago eta Artxibo Nagusia izandako eraikina dago bertan. Lorategi horretan dago
hiriko zuhaitzik altuena: 37 metro dituen sekuoia lerden-lerdena. Bere inguruak zazpi metro ditu. 150 urte ditu eta Jose Maria Gaston eta Echeverzek ekarri zuen Ameriketatik. Zehazki, 1855ean Gorteetarako diputatu hautatu zuten eta orduantxe landatu zuen Jauregiko lorategian.
Beste fatxada berriagoa da, Jose eta Javier Yarnoz arkitektoek egina, eta Karlos III.a etorkibideari begira dago, Gayarre Antzokiaren aurrean. Fatxada hori sortu zen, Gazteluko Plazari irteera emateko. Egituran ageri duen soiltasuna fatxada nagusikoaren antzekoa da.
Barnealdean, badira
margolan eta horma-pintura interesgarriak, gehienak XIX. eta XX: mendeetakoak. Nafarroako historiaren une batzuk ageri dira eta hiru solairuko eraikin honetako aretoetan eta pasabideetan daude barreiatuak. Horrela,
"Tronuaren Aretoan", solairu noblean, - marmolez, belusez, kristalez, armarriz, ispiluz, argi-armiarmaz, argimutilez, urreztaturiko izkutuz, pitxerrez eta bestez apainduta- zortzi olio-pintura daude. Egileak Francisco de Aznar, Alejandro Ferrant eta Constantino Corona dira. Gainera, Nafarroako errege-erreginen 32 erretratu ere badaude, gorputz osokoak, eta gai historikoa agertzen duten beste margolan eta tapiz batzuk ere bai, denak XVII. mendekoak. Gainera, aretoan kapera bat dago, errege-kabinete zaharra.
Solairu noblean ere lehendakariaren bulegoa dago; aurreganbera, Vianako Printzearen erretratua duena; presidenteen aretoa, areto berdea, Bilkura Aretoa eta Areto Isabelinoa. Jauregian ikusgai dauden margolan eta horma-pintura gehienetan errege-erreginak eta itzal handiko pertsonak ageri dira.
Goyak margotutako Fernando VII.aren erretratuaz gain, Maria Cristina erreginarena ere nabarmendu behar da edo Isabel II.arena, haur zelarik. Antonio M. Esquivel da egilea.
Egunero, eguerdiko 12etan, Diputazioko erloju ederrak
Nafarroako ereserkia jotzen du. Doinu hori oso ongi entzuten da aldameneko kaleetatik. Bidenabar esateko, inguru hori hiriaren merkataritza gunerik biziena da eta jende askoren ibiltokia. Oso erloju animatua da. Izan ere, Eguberrietan
gabon-kantak jotzen ditu eta
Sanferminetan festa giroko nafar doinuak.