San Nikolasen badira aztarna erromaniko gutxi batzuk eta halakorik ez da
Iruñeko beste elizetan. Elizaren kanpoaldean, bi atetan ageri da soilik barneko gotikoaren nagusitasuna, bai eta absidean eta goi-hormaren alde batzuetan ere. Gehien-gehiena ezkutatua dago Angel Goicoecheak XIX. mendean egindako obren azpian.
Hasieran, elizak sarrera bakarra zuen, San Nikolas plazakoa, hain zuzen. Gero, hiria bestaldera hasi zen handitzen. Horregatik, Sarasate pasealekua egitearekin batera, beste ate bat egin zitzaion 1888an, jende askoren pasabidea baita. Aldi berean, parrokia-etxea eraiki zen eta eraikina iparraldetik eta mendebaldetik inguratzen duen arkupe neo-gotikoa ere bai. Defentsarako eraikuntza zenez, hainbat dorre izan zituen, baina gaur egun dagoen bakarra -kanpandorrea eta almenak- Jose Martinez de Ubagok egin zuen 1924an, urte horretan tenplua berriro zaharberritu zutelako.
Barnealdean,
Erdi Aroko arkitektura erlijiosoaren ohiko oina aurkituko dugu: gurutze latinoa, hiru nabe, goian korua eta burualdean absidea. Estilo gotikotik atera gabe, hainbat fasetan egin zen.
Proto-gotikoak dira, aldiz, trazatua, alboko nabeetako arku zorrotzeko kanoi-estalkiak eta horma nagusiaren alde bat. Erdiko nabeko gurutzeria-estalkiak XIV. mendekoak dira, bai eta gurutzadura eta presbiterioa ere, bere gurutzea eta hormak barne.
Horma horietan beirateak daude. Erretaula guztiak 1982ko zaharberritze lanetan desmuntatu ziren. Urte horretan Erdi Aroko pinturak agertu ziren.
Kanpora atera baino lehen, altxatu begirada goian dagoen korurantz. Hantxe dago
organo barroko handia, 1769. urtekoa, hiriko nabarmenena, zalantzarik gabe. Azaroaren 1ean, kontzertua egiten da Pablo Sarasate iruindar musikariaren omenez.
Gainera, eliza honek badu halako egun seinalatua: otsailaren 3a,
San Blas eguna, eztarria babesten duen abokatua. Jendeak elikagaiak tenplura eramaten ditu, apezak bedeinka ditzan. Baina herri tradizio hori San Nikolas elizan egiten da soilik Iruñean eta hantxe dago San Blas apezen kofradia, 1339an sortua.
Urtero, egun horretan, prozesio txikia egiten da gorapean Santuaren irudia eta guzti, eta barnean elikagaiak bedeinkatzen dira. Plazan, egun osoa
merkatua izaten da: San Blas eguneko opilak eta gozoak saltzen dira, bai eta piper-opilak eta goxokiak ere. Denak bedeinkatuak daude. Eztarriko gaitza baduzu, elikagai bedeinkatua jan eta sendatuko zaizu…
Arratsaldez eta gauez, inguru osoan ikasleak ibiltzen dira, San Nikolas eta San Gregorio kaleetan barrena. Hiri osoko taberna dentsitaterik handiena dago.