XII. mendean eraikirik, Erdi Aroko Ziritza herri desagertuko baseliza izan zen.
Iratxeko monasterioari loturik egon zen oso, eta, horregatik, errepikapenak aurkitzen ahal ditugu bi monumentuetan.
Oinplano angeluzuzeneko eraikina da, eta burualde erdizirkularra du. Erdi Aroko aulkiteria ederra du, ia bere osotasunean. Begi bakarreko kanpai-horma gainaldean duen eliza aurkituko dugu han,
-jatorrizko tenpluari beharbada atxikirik-, eta kanpoko hormak horma-bular angeluzuzenetan bermaturik ditu. Absidean, erdiko leiho batean irekitzen da eliza, "T" itxurako harlanduek utzitako baoetan. Izan ere, sentsazio optiko berezia ematen dute baoek, harburuak horien gainetik agertuko balira bezala nolabait. 1200. urte aldeko aurrealdean ere irekitzen da tenplua. Puntaduna da, soila, zistertarra eta oso sinplea, eta kontrastea egiten du erlaitzeko eta teilatu-hegaleko
eskulturen aberastasunaren aldean Merezi du denbora luzea ematea hainbat pertsonaia bereziren bila, besteak beste: dragoi hegalduna; zezenaren burua; errinozerontea; gamelua; aurrez aurre dauden grifoak
-erdia lehoia, erdia arranoa-; harpia hegalariak; makurturik, jarrera exhibizionista erakusten duen emakumea; besotan haurra duen ama; borrokan ari diren bi zaldun armatuak, hiru emakume lagun dituztela, horietariko bat erdian, otoitzean bailitzan eskuak erreguka jarriak dituena; eta
Sanson eztabaidagarria. Gizonezko baten busto bat, harri batean obraren eskultoreari edo ongileari loturiko testu iluna duena. Batzuen irudiko, Sanson bera da. Ezin zalantzan jarri, keinu berezi hori eginez, arretaz ohartaraztera gonbidatzen gaituela. Batek daki, beharbada, kasu eginez gero, xehetasun ezkutuak aurkituko ditugu,
sinbologia erromaniko oparoan sarturik.
Soila izanik ere,
barnealdeak altxor nabarmenak ditu gorderik: Erdi Aroko bataiarria; XVI. mendeko koroa goialdean, zutabe toskanarren gainean zimendaturik; eta
XVI. mendeko polikromia baten hondakinak, absideko hormetan. Marra gorriek aukera ematen digute hainbat figura antzemateko: burezur bat, itsasontzi bat, dorre bat eta besoak gurutze moduan jarririk dituen emakume bat,
Santa Katalina, beharbada. Izan ere, marrazki horiek santuaren eta udako solstizioaren gaineko sinesmenei loturik daude: uretan itsasontzi baten itxura hartuko duen arrautza bat, gaztelu bat, eta puntaz beteriko gurpila, torturatzen saiatu zirenean santuaren gorputza ukitzean hautsi zena. Estellerrian, erretaula anitzetan agertzen da dohatsuaren irudia.
Santa Katalina,
XVI. mendeko obra erromanista, eliza horren titularra den arren, Azkonako parrokian dago gaur egun.