Bidasoa ingurua Nafarroako iparraldeko muturrean dago,
Pirinio Atlantikoetako mendebaldean. Bidasoa ibaiak zeharkatzen du alderik alde. Amuarrain eta izokin ibai hori laburra, azkarra eta emaritsua da. Erratzuko dermioan sortu eta Oronoz-Mugairiraino Baztan esaten diote. Ibilbidean erreka aunitzen urak biltzen ditu, nonahi baitaude Pirinioetako inguru honetan. Nafarroatik atera ondoren, Bidasoa Espainia eta Frantzia arteko muga da hamar kilometrotan. Kantaurin itsasoratzen da, Hondarribitik hurbil.
Bidasoa ibaiak amuarrainak eta izokinak
harrapatzeko aukera ematen du. Izokinaren sasoiak gehienbat martxoaren erdialdea eta uztailaren erdialdea bitartean irauten duen arren, 50. harrapaketarekin ixten da automatikoki. Ibaiaren ibilbideari jarraiturik, beste natur esparru erakargarri bat gozatzen ahal da:
Bidasoako Natur Bidea. Antzinako trenbidearen ibilbidea aprobetxatu du bide horrek. Tarte batzuetan laua eta zolatua da ibilbidea, eta, 35 kilometroko bidea eginik, Endarlatsa eta Oieregi lotzen ditu. Ibilbidean oinezkoak eta bizikletariak aise ibiltzen ahal dira han.
Ibai horren inguruan herri ederrak daude, eta bereziak dira baserri handiak daudelako, pinudi, pagadi eta gaztainadi usuak hartzen dituen berde biziko paisaia batean barreiaturik. Hango herri txukunen arkitekturan jauregien eta baserrien planta ageri dira tarteka. Etxeen kolorea eta itxura berezia denez, merezi du herri horiek bisitatzea. Etxeek bi isurialdeko teilatuak dituzte eta balkoi zainduek eta teilatu-hegal handiek zeharkatzen dituzte horien aurrealdeak.
Bortzirietan gaude. Bera, Lesaka, Igantzi, Etxalar eta Arantza. Kategoria historikoari dagokionez, hiribilduak dira 5 herri horiek, eta mugetatik hurbil egon direnez eta lehenbiziko burdinolak izan zituztenez, nortasun berezia dutela antzematen da.
Berak jauregi interesgarriak ditu, eta Itzea da ospetsuena. Barojatarren etxea da, eta
Julio Caro Baroja idazle eta historiagileak bere obraren zati handi bat garatu zuen han.
Lesaka nabarmentzen da, etxe eta baserri sorta ederra izateaz gainera, Tourseko San Martin eliza duelako. Errenazimentu eta barrokoko ezaugarriak ditu XVI. mendeko tenplu horrek.
Igantzik, Bortzirietako herririk txikienak, arreta handiz gordetzen du bere altxor preziatuena: San Joan Bataiatzailearen baseliza. Horren barnealdea
San Juan Xar Natur Erreserban kokatutako kobazulo bat da. Herri sinesmenak gaitzak sendatzeko dohain bereziak egozten dio handik isurtzen den urari. Lizar, haritz, ezki eta hurritzez osatutako erreserba berezia hangoa, Iberiar Penintsulan xarma modu naturalean hazten den leku bakarra baita.
Arantza, antzinako errege hiribildua, eta, azkenik,
Etxalar. Nabarmentzeko moduko herria da hura, elementu bereziak izateagatik: etxe zainduak; Jasokunde eliz atariko hilarriak, Nafarroako hilerririk misteriotsuena; eta usategiak. Ehiza garaian, usategiek zale ugari erakartzen dituzte usoen pasa ikustera.
MalerrekaBidasoa inguruaren hegoaldean Malerreka dago. Ezkurra eta Ezpelura ibaiek zeharkaturik, harizti eta pagadi handiak daude, bai eta ezin konta ahala erreka ere, denak sigi-sagan mendian beheiti. Honatx lurralde honetako udalerriak: Beintza-Labaien, Doneztebe, Elgorriaga, Ituren, Zubieta, Urrotz, Oitz, Donamaria, Sunbilla, Ezkurra, Eratsun eta Saldias.
Urrotzen eta Beintza-Labaienen artean
Leurtzako urtegiak daude. 1920an eraikita, aisiarako naturgune izendatu zituzten duela hogei urte. Urtegien inguruko bide ederrak aukera emanen dizu askaldegiz eta pagadiz zipriztindurik dagoen mendiko paisaia ederra ezagutzeko.
Zubietan errota bat bisitatzen ahal da. Mendeetan aritu ondoren, ekomuseoa da gaur egun, eta kontsumorako irina eskaintzen jarraitzen du. Bitxia da hango ohitura,
lakaz edo gauzaz ordaintzen baita hango irina. Handik oso hurbil,
Jauregia dorrea dago
Donamarian, eraikinaren puntan zurezko estaldura interesgarri bat duena.
Gastronomia Inguru honetan badira jaki goxo-goxoak. Horien artean amuarrain arrunta eta oso bakan ageri den
izokina. Gainera, haragiak ere nabarmendu behar dira, behikia bereziki. Eta ez gara
ehizatik datozen jakiez ahaztuko: basurdea, erbia edo usoa. Azken hori protagonista izaten da urtero Etxalarren urrian eta azaroan egiten diren Ehiza Jardunaldietan. Azkenik, eskualde honetako beste ikur bat ere aipatu behar da, hau da,
Idiazabalgo Jatorrizko Deitura duen gazta. Zapore nabarmena du, handia, erdi mina eta oso gurintsua.
Festak eta ohiturak Ibar bildu horietako herritarrek zaindu dituzte beren ohiturak, eta iraganera itzultzeko aukera gozatzen dute hainbat festa bitxitan:
Ituren eta Zubietako inauterietan, besteak beste. Inauterietako joaldunek espiritu gaiztoak uxatu, eta lurrak bedeinkatu eta arazten dituzte.
Etxalarko pasako usoak ehizatzea da antzinako ohiturekiko atxikimendu horren adibidea. Ikuskizun paregabea da, engainuaren arteak garrantzi handia baitu jarduera horretan. Usategiak ezagutzeko bisita gidatuak antolatzen dira udazkenean. Gainera, santu zaindarien festa guztietan musika, kultura, dantza eta herri kirolak daude. Azken horiek baserriko ohiko lanak dira, kirol jarduera bihurturik. Bertako koreografiei dagokienez,
Lesakako sanferminetan Onin ibaian lesakarrek dantzatzen dituztenak dira esanguratsuenak.