Lizarrako San Martin plazan, San Nikolas kalearen izkina hartuta -lehenago, Erromesen rua edo karrika deitzen zena- hantxe dago eraikia Nafarroako Errege-erreginen Jauregia,
Lizarrako arkitekturaren harribitxietako bat eta Nafarroako erromaniko zibilaren adibide bakarra.
Oin laukizuzeneko eraikin honen gauzarik adierazgarriena bere
aurrealde eder eta harmoniatsua da, bi gorputz eta dorretan egituratua. Puntu-erdiko lau arku sendok osaturiko galeria ageri da
beheko solairuan. Bitartean,
bigarren gorputzean bere lau leihateak dira nabarmengarri, horietako bakoitza launa arkutxoz zatitua. Arkutxoak zutabe mehe kapiteldunetan bermatuak daude. XVII. mendean handitu zuten. Silarrizko atikoa da, hiru gezileiho ditu eta bi dorrez babestua dago angeluetan.
Fatxadaren alde banatan, elkar gainka paratutako bi zutabe daude eta, guztira, lau kapitel: horietako bi landare motiboz apainduak eta beste biak historiatuak. Bi azken horien artean, ezker zutabeko beheko kapitela da famatuena. Zehazki,
Errolanen eta Ferraguten arteko borroka ageri da. Lehenbizikoa Karlomagnoren paladina da eta bigarrena, berriz, mairu erraldoia. Heroi kristauak erraldoi musulmana garaitzen duen unea jasota dago kapitelean, Errolanek erraldoiaren ahulgune bakarrari -zilborrari- eraso egiten dionekoa, hain zuzen.
Eskuineko zutabeari dagokionez, goiko kapitelean ageri diren irudiek ez dute elkarren arteko loturarik. Ezkerraldean,
alegi hau irudikatua dago: astoak harpa jotzen duen bitartean entzule dago bere atzeko hanken gainean eserita dagoen lehoia. Eskuinaldekoan, aldiz, bi diruzale zeken ageri dira, diru poltsak lepoetatik zintzilik dituztela. Biak zigorrerantz doaz zepo batek uztarturik. Aldamenean, kondenatuak pertz batean erretzen dira lau deabruren begiradapean.
Fatxadako bigarren gorputzaren gainean teilatu txiki bat dago landare-gaien bidez apaindua: habe gaineko erronbo-erretikulak, orri-mamiak eta beste landare-motibo batzuk eta, horrez gain, kiribildurak, lobuluak, diamante puntak eta arrain bat ere bai.
1975ean egindako zaharberritzearen ondotik, jauregia
Gustavo de Maeztu (1887-1947) Museoaren egoitza da. Pintore gasteiztarrak Lizarrari oinordetzan utzi zizkion margolan, akuarela, litografia eta marrazkiez gain, aldi baterako erakusketak ere izaten dira, bai eta ikastaro nahiz mintzaldi ziklo asko ere.
Jauregia ikusitakoan, ez galdu Erdi
Aroan sortu zen hiri honetan kalez kale ibiltzeko aukera, erromesen ibilerari jarraiki.
San Migel edo
Ruako San Pedro elizena bezalako arte aberastasunaz gozatuko duzu.