Iruñetik 20 kilometro iparraldera,
Gerendiain eta Lizaso artean, Orgiko oihana dago. Oihanak dituen berezitasunen artean, nabarmentzekoa da badaudela ibar hondoetako lurzoru istiltsuetan bizi daitezkeen haritzak -quercus robur klasea-. Horietako aunitzek ehun urte dituzte eta bada berrehun urtera ere iritsi denik.
Oihana hiru eremuetan antolatua dago: Harrera eremuari Arigartzeta deritzo; paseoen inguruari, berriz, Tomaszelaieta eta, azkenik,
Muñagorri deitzen zaion aldea dago. Jendeak ez du azken horretan sartzerik, inguru hori berez lehengoratzen ari delako.
Beraz,
Arigartzeta deitzen zaio Harrera Eremuari eta hariztiaren sarrera da. Ongi hornitua dago: aparkalekua, askaldegiak eta bainuak.
Ibilbideen eremuari Tomaszelaieta esaten zaio; 37,5 hektarea ditu eta leku berezi horren ezaugarri desberdin nagusiak erakusten ditu. Hiru ibilbide nagusiak oso ongi seinaleztatuta daude, eta honako hauek dira:
- Labirintoko bidea erraza eta bihurria da -300 metro- eta, hari jarraikiz, oihanean barneratuko zara, harik eta "zuhaitz eroria" dagoen tokira iritsi arte. Haritz erraldoia da, aspaldian haizeak bota zuena; gaur egun, beste landare batzuek estalita dago.
- Bideak 1.400 metro ditu, eta hirugarren ibilbidearekin egiten du bat -Bidexka-. Bi bideetako zenbait txokotan zurezko eserlekuak daude, zaldainak, bai eta hegaztiak ikusteko etxola txiki bat ere. Beraz, ez dago gaizki prismatikoak eramatea.
- Itsasoak leku hau hartua zuen duela 180 edo 200 milioi urte, eta horren aztarna urmael gazi bat da. Hortik barna eramanen zaitu Bidexkak -700 metro-.
Zure ibilian ikusiko duzu Ameriketako haritza (gorria) eite txikiagoko zuhaitzekin batera bizi dela: gorostia, astigarra eta zumarrak. Oihanpea aberatsa da belarretan, iratzeetan, txilarretan eta ipuruetan (orrea). Isilik bazabiltza, beharbada aukera izanen duzu txorien txio-txioa entzuteko, anfibio txikien mugimendu azkarra sumatzeko edo saguzarren bat ikusteko.
Behin oihanetik aterata, badira oinez egiteko moduko ibilbide luzeagoak,
Ultzama ibarreko leku ederrenak aurkitzeko parada emanen dizutenak. Besteak beste:
Orgiko bidexka, 8,4 kilometrokoa, edo Amatikoa, 10,5 kilometrokoa, Lizaso, Larraintzar, Iraitzotz, Zenotz, Eltso eta Gerendiain herrietan barrena doana, oso baserri ederrak ikusteko parada emanda. Ibarreko burualdean, beste ibilbide erraz batzuk daude, esaterako, Aratxuriko amildegikoa -2 km-, Belateko itzuliarena -6,2 km, Ultzama eta Baztan arteko mugaren inguruan dabilena- eta Zohikaztegiko bidexka -kilometro batekoa, bertako ekosistema berezi horren paregabetasun naturala erakusten duena-.
Ibarreko kirol eskaintza osatzeko, golfean aritzeko instalazio egokiak daude inguruan:
Ulzama Golf Kluba edo
Pitch & Putt zentroa. Gainera, Orgiko oihanaren inguruan proposamen gozoak eskaintzen dira, esaterako, Eltso/Gerendiainen eztiaren museoa bisitatzea, edo artisautza produktuak dastatzea, besteak beste, ospe handiko mamia.
Ibilbide gomendatua Orgiko oihanaren inguru hurbila ezagutzeko.