Herri bakoitzak bere nortasuna du. Burgin edo Izaban, adibidez, enarek eta almadiek durundi egiten dute oraindik. Enara deitzen zitzaien udazken oro Mauleko (Frantzia) fabrikaraino espartinak egitera joaten ziren emakume gazte erronkariarrei, udaberria iritsi arte. Hortik, beraz, izengoitia, hortik eta euren arropatik: jantzi beltza eta aulki zuri bat. Gaur egun, euren memoriak ekartzen dizkigute gogora
ibarreko zentro etnografikoan,
Izaban. Izaba da, zehazki, herri lehiatsuena ibarrean, ondoan dagoen Belaguara joateko abiapuntu izan ohi dena mendizaleentzat.
Joan den mendeko erdialdean utzi zioten almadiak erabiltzeari (Esako urtegia eraiki zen orduan). Baina, urte oro, udaberrian,
Burgik omenaldia egiten dio antzinako lanbide horri
Almadiaren Egunean (Interes Turistiko Nazionaleko Jaia izendatu da). Hainbat almadia joaten dira ibaian behera, amaiera ikusgarria zain dutenak: herriko presan egin beharreko jauzia, Erdi Aroko zubi ederraren ondoan. Arreta handiz eutsi die Erronkaribarrek bertako ohiturei. Hartara, antzinako ogibideak gogoratzen dira Burgin, lanbideen ibilbidea egin daitekeela bertan (seinaleztatuta dago).
Burgitik gertu
Bidankoze dago, errepide nagusitik bazter dagoen herri txikia bezain ederra. Urtero, herriko festetan -abuztuaren akaberan-
sorginen akelarre ospetsuak ekartzen dituzte gogora. Garai batean, era horretako pertsonaiak ohikoak izaten ziren ibarreko herrietan. Gurasoengandik seme-alabengana pasatu diren elezaharrak dira eta horri buruzko agiri asko daude jasota.
Ibarraren erdian, geografiari begira,
Erronkari dago. Merezi du kaleetatik ibiltzea eta bere itxuraz gozatzea: harriztatutako kaleak, Y forman banatuta daudenak Eska ibaiaren inguruan. Maldan behera datoz etxeak parrokia-elizatik, nondik herriko bista zoragarriak baitaude. Elizatik oso hurbil,
Julián Gayarre tenorearen Museo Etxea dago, tenoreari lotutako objektuak eta bere bizitzari buruzko agiri ugari biltzen dituena. Errepide ondoan,
Naturaren Interpretazio Zentroa dago. Inguru honetako landarediari eta faunari buruzko azalpen egokiak aurkituko dituzu han, panel eta ikus-entzunezkoen bitartez. Herrigunetik urrun, hilerrian, Julián Gayarre tenorea datza, bere
mausoleoan.
Iparralderago
Uztarroze dago. Herriko kale aldapatsuek Santa Engrazia elizaraino eramanen zaituzte. Barnean, nafar barrokoaren organorik bikainena dago. Baina, zalantzarik gabe,
Gaztaren eta transhumantziaren museoa da herriko harribitxia. Omenaldia egiten zaio han artzainen bizimoduari, baita ibarreko produktu gorenetako bati ere, hots,
Erronkari sor-marka duen gaztari.
Tradizioak dira, batetik, eta, bestetik, kirola egiteko hamaika aukerak Erronkaribarrek partekatzen dituen erakargarritasunak. Jai ospakizunetan, harro-harro erakusten dute erronkariarrek jantzi tipiko ederra. Horrela, uztailaren 13an,
Hiru Behien Zerga ospatzen dute. Senidetasunezko festa horrek erronkariarrak eta Baretous Ibar mugakideko auzokideak (Frantzia) biltzen ditu, San Martin harrian, 1.750 metrotik gora dagoen mugarrian. Agintariekin batera, milaka lagun elkartzen dira.
Erronkaribarreko bazter deigarrienetako bat
Belagua da. Erronkaribarreko ekosistema nabarmenena da, 1.100 eta 2.428 metro bitarteko garaierak dituena. Bat egiten dute han naturak eta historiak. Jarduera ugari egin ditzakete Belaguan kirolzaleek: mendiak igotzea, zintzur jaitsierak, iraupen eskia, parapentea, elur erraketak, alpinismoa, mendi zeharkaldiak, eskalada, espeleologia, etab. Egin jarduera horiek zure kontura edo, bestela, inguru honetan dauden enpresa espezializatuen bitartez.
Erronkaribarretik hurbileko inguruak ezagutzeko gomendatutako ibilaldia.