Esako urtegia Esa herriko udal-barrutian dago eta Aragoi eta eska ibaiak elikatzen ditu. 1960an zabaldu zen, 10 km. luze da eta 1 kilometrotik 2,5ra arteko zabalera du. 470 km3 ur gordetzeko edukiera du.
Nahiz-eta seinale bidez markatutako bidexkarik ez egon, toki egokia da urtegiko ertzetatik eta inguruetatik paseatzeko. Urtegia bera izanen da beti erreferentzia. Denboraz ongi bazabiltza, ipar ertzetik atzealderaino joan zaitezke, Leire
mendiko kareharrizko labar izugarriaren begiradapean; eta basoan sartzen bazara, zozoen eta txantxangorrien txio-txioa entzuteko aukera izanen duzu egun lasaietan, edo basakatuen, erbien, azerien, muxarren, erbinudeen eta katajineten soinu iheskorra ere bai.
Presa Esa herritik hurbil dago, errekan gora eginez. 400 metro ditu luzeran eta 75 altueran.
Esan,
erronkariarren zubiaren arrastoak daude, Aragoi ibaiaren gainean XI. mendean eraikia. Hirurogeita hamar metro ditu luzeran eta bi eta erdi, berriz, zabaleran. Oraindik zutik daude hasierako bost arku erromatarretatik hiru. Kondairaren arabera, hantxe gertatu omen zen funtsezko bataila bat Errekonkistaren hasieran arabiar armadaren aurka eta Erronkariko bizilagunek parte hartu omen zuten, gogatsu parte hartu ere. Hortik heldu zaio izena zubiari. Gudaldi hori, gainera, ibar horretako armarrian islaturik gelditu zen.
Urtegitik hurbil bada zer bisitatu, esate baterako,
Zangoza, hots, Donejakue bideak zeharkatutako monumentu-hiria. Edo
Xabierko gaztelua, hau da, Nafarroako zaindaria sortu zen lekua. Kantu gregorianoak mendi gainean dagoen Erdi Aroko eraikuntza batean entzun nahi badituzu, ez galdu
Leireko monasteriora joateko aukera. Gainera, handik, Esako urtegiaren ikuspegi zoragarria gozatuko duzu.