Berriak

2019ko ira. 14ko prentsa-oharra

Europako Mugikortasun Astea

Beratik Behobiara eginen den ibilbide zikloturistak Mugaz Gaindiko Ederbidea Bizikleta festaren inguruko jarduerei hasiera emanen die



Bera eta Behobiaren artean hurrengo larunbatean, hilak 22, eginen den martxa zikloturistak, Europako Mugikortasun Astearen barne Mugaz Gaindiko Ederbidea Bizikleta festaren inguruan eginen diren jarduerei hasiera emanen die. Proba publiko mota ezberdinei zuzenduta dago.

Izen ematea derrigorrezkoa da eta ondorengo estekan egin daiteke hilaren 18ra arte. Beste jarduera anitz ere egonen dira, hala nola, txirrindula elektrikoen tailerrak, gurpilen gaineko zirkua edo bizikleta eskola txikientzat.

Ederbidea proiektuaren barnean antolaturiko Martxa Zikloturista Beratik abiatuko da goizeko 10etan eta Bidasoako Bide Berdea zeharkatuko du, Irun-Behobian eginen den Mugaz Gaindiko Ederbidea Bizikleta festaren eremuraino.

Baztan-Bidasoa Turismo Elkargoak Nafarroako Gobernuko Turismoko zuzendaritza nagusiarekin, Berako Udalarekin eta Baztan-Bidasoako udalekin (Uraren Bailarak-Cederna Garalur) batera antolaturiko martxa honetan parte hartzea doakoa da, eta nahi dutenek autobus zerbitzua izanen dute Berara itzultzeko, bertan finkatu baita ekitaldiaren egoitza.

Ederbidea Bizikleta Festa

Ederbidea Bizikleta Festaren erdigunea Irungo San Martzialeko Guduaren Bigarren Mendeurreneko Plaza izanen da. 12:00etatik 17:00etara irekiko da publikoarendako eta jarduera-programa zabala antolatuko da bertan. Familiek nahiz kirolzaleek animazioaz eta musikaz gozatzeko eta bizikleten elektrifikazioari nahiz mekanikari buruzko tailerretan edota gurpil gaineko zirku jardueretan parte hartzeko aukera izanen dute, taloak egin eta txikienendako bizikleta-eskolan disfrutatzeaz gain.

Gainera, bizikleta bidezko bisita gidatuak eta argazki-lehiaketa eginen dira eta informazio standak jarriko dira zikloturismoko jarduerei buruzko eta mugikortasun jasangarriari buruz, bizikleten doako maileguarekin batera, besteak beste.

Ederbidea Bizikleta Festa argazki lehiaketa Facebooken

Bizikleta Festa egiten den egun berean, argazki lehiaketa antolatuko da, eta horretan parte hartzeko aski izanen da izena eman eta oinarriak sinatzea Euskal Herri-Aturriko mugikortasun sindikatuak ekitaldiaren eremuan duen standean.

Argazkiak egun berean egin behar dira, Bizikleta Festan egiten den bizikletaren erabilera erakusteko eta berariaz baloratuko da mugaz haraindiko batasunaren espiritua iradokitzeko gaitasuna. Argazkiak Facebookeko orrialdean partekatuko dira 15:30ak arte.

Epaimahaiak 10 argazki finalista hautatuko ditu eta horien artean zozketa eginen da 3 irabazleak erabakitzeko. Sariak hauexek izanen dira: bizikleta elektriko bat, bi pertsonendako egonaldia Velodysse?en eta Ve?libleu zerbitzurako abonu bat.

Ederbidea

Ederbidea Mugaz Gaindiko Bizikleta Festa Nafarroa, Gipuzkoa eta Pirinio Atlantikoen arteko lankidetza bidezko jarduerei atxikita dago Ederbidea deritzon bizikleta bidezko mugaz gaindiko mugikortasun iraunkortasunaren aldeko proiektuaren barnean, eta hau FEDER Europako Eskualde Garapenerako Funtsak kofinantzaturiko INTERREG POCTEFA europar programan sartuta dago.

Hauexek dira EDERBIDEAren bazkideak: Nafarroako Gobernua, Pirinio Atlantikoen Departamentua eta Gipuzkoako Foru Aldundia; Irun, Imotz, Biarritz, Donibane Lohizune eta Hendaiako udalak; Euskal Herri-Aturriko mugikortasun sindikatua, Baztan Bidasoa Turismo Elkargoa, Cederna Garalur elkartea eta Plazaola Partzuergo Turistikoa.

Ederbidea Mugaz Gaindiko Bizikleta Festaren programa

10:00 Bera-Bizikleta Festa (Irun-Behobia) Martxa Zikloturista.

Bidasoako Bide Berdean barna. Derrigorrezko izen-ematea: web.rockthesport.com

11:00 Irun-Bizikleta Festa Martxa Ziklista.

Irteera Zabalgune Plazan. Irun.

12:00- 17:00 Bizikleta Festaren irekiera.
•San Martzialeko Guduaren Bigarren Mendeurreneko Plaza. Behobia (Irun)
•Standak, Bizikleta Eskola, bizikleta bidezko zirku tailerrak, haurrendako talo tailerrak, bizikletak elektrifikatu, konpondu eta birziklatzeko tailerrak, animazio musikalak, smoothicleta …
12:30etatik 14:30etara Bizikleta Elektrifikatzeko doako Tailerra eginen da, parte-hartzaileek ohiko bizikleta ibilgailu elektrikoa bihurtzen ikas dezaten. Nahitaezkoa da aldez aurretik izena ematea helbide elektroniko honetan: trintxerpe@trintxerpe.com
•Bizikletak doan parte-hartzaileen eskura.
•Bizikleta bidezko mugaz gaindiko bisita gidatuak Bidasoan barna. 30 minuturo.

14:00-16:00 Bizikleta Festa Irun-Behobia-Bera Martxa Zikloturistaren itzulera

Bidasoako Bide Berdean barna. Derrigorrezko izen-ematea: web.rockthesport.com

Berara itzultzeko autobus zerbitzua (hautazkoa).

Martxa Zikloturista bukaturik (16:00etan), Beran opariak zozketatuko dira parte-hartzaileen artean.