Berriak

2019ko ira. 05ko prentsa-oharra

"Nafarroak Misteriozko baso eta mahastiak" deritzon jarduera turistikoen kanpaina aurkeztu du.

Naturari, ondareari eta tradizioei emozioetatik hurbiltzeko modu aktiboa planteatzen du berritasun gisa, hainbat jardueraren bitartez: street eta nature scape, escape rooms, enigmak argitzea eta mitologia, besteak beste.



Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilari Manu Ayerdi Olaizolak gaur goizean aurkeztu du Misteriozko baso eta mahastiak 2019 deritzon udazkeneko jarduera turistikoen programa, Castejon herriko Bodegas Marqués de Montecierzo upategian izandako topaketa batean. Nafarroako turismo sektoreko 38 enpresak parte hartu dute zuzen-zuzenean programa honetan, eta hauexei gehitu behar zaizkie Ardoaren Ibilbidean jarduerak egin ohi dituzten enpresak eta upategiak.

Programa irailaren 14an hasi eta abenduaren erdialdera arte luzatuko da, eta udazkena garai egokitzat proposatzen du nafar geografia osoan turismo aktiboa egin ahal izateko, iparraldeko basoetatik hegoaldeko mahastietaraino, nafar lurralde osoaren esentzia islatzen duten jardueren bitartez eta sasoiko produktuen aniztasuna eta kalitatea ardatz dituen sukaldaritza bikainaren laguntzaz. Jarduerak gehienbat ostiraletik igandeetara bitartean eta festegunetan antolatuko dira.

Horrez gain, berritasun bezala, naturari, ondareari eta tradizioei emozioetatik hurbiltzeko modu aktiboa planteatzen du askotariko jardueren bitartez: street eta nature scape, escape rooms, enigmak argitzea, mitologiaren edo sorgintzaren ezagutza edota haitzulo eta esparru historikoetarako bisita antzeztuak, beste hainbat ekintzaren artean.

Honela, bisitariak “krimen” bat antzeztu eta argitzen laguntzeko aukera izanen du, Baztango Trilogiaren literatura eta zinema arloetako sekretuetan murgiltzen ahalko da, ostoak entzuten ahalko ditu oinen azpian lainoa harizti baten desagertzen den bitartean, edota Erdi Aroko labirinto itxurako hilerri bateko irteera aurkitzen ahalko du.

Manu Ayerdiren esanetan, “Misteriozko Baso eta Mahastiak Nafarroako Turismoak gure komunitateko lurraldeen garapenaren mesedeko urte osoko turismo aktibo eta iraunkorra sustatzearen alde finkatua duen lan-ildo estrategikoari atxikita dago. Ondorioz, urtaroekiko lotura hautsi eta batez besteko egonaldia luzatu nahi da, sektoreko enpresak indartuz eta helmugako eskaintza dibertsifikatuz.”

Jarduera guztiak tokian tokiko enpresa turistikoek, ostatuek, zerbitzuek eta ekoizleek eginen dituzte. Horrela, bisitariek, Nafarroako ondarea, natura eta kultura ez ezik, bertan bizi eta lurraldea dinamizatzen duten pertsonak ere ezagutzen ahalko dituzte. Nafarroako turismo sektoreko 38 enpresak parte hartu dute zuzen-zuzenean programa honetan, eta hauexei gehitu behar zaizkie Ardoaren Ibilbidean jarduerak egin ohi dituzten enpresak eta upategiak eta erakunde publiko nahiz tokiko entitate laguntzaileak.

Aurkezpenean izan da, halaber, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusi Maitena Ezkutari, irailaren 14an hasi eta abenduaren erdialdera bitartean garatuko diren proposamenen xehetasunak ezagutzera emateko.

Topaketan, halaber, herri kirolei buruzko tailerra egin da Migeltxo Saralegiren eskutik, izan ere, herri kirolak Nafarroa bisitatzera datozenei zuzendutako jardueren osagaia izanen da aurtengo udazkenean. Halaber, mahastiaren ingurunean, nafar ardo eta produktuen dastaketa egin da. Misterioa ere bertan izan da, Ulibarri Etxeko hiru antzezleren partaidetzaz eta hilketa baten ikerketan oinarrituriko photocall batez.

Misteriozko udazkena

Misteriozko Bisitak deritzenek, besteak beste, Street escape saioak planteatzen dituzte Tuteran, nafar garnatxa mahatsaz egindako ardoen dastaketa tareteko, baita Tutera Beltza deritzon ibilbidea ere, Erdi Aroaz geroztik gertaturiko hilketa, epaiketa eta zigorretan barna. Halaber, Iruñean, escape batean parte hartzeko aukera izanen da Takonerako parkean, eremu honetako sekretuetako batzuk argitzeko. Horrez gain, Erdi Aroko hilarrien lorategiko misterioa argitzen ahalko da Abaurrean, Halloween festa familia giroan ospatzen ahalko da Erriberako Sendaviva parkean, edota gaua saguzarrekin batera igarotzeko aukera izanen da Irunberriko arroiletan. Nafarroan, bestalde, hainbat escape room izanen dira askotariko erronkei ekiteko.

Gainera, herri kirolek berealdiko protagonismoa hartuko dute zuhaitzen zein mahastien artean, tradizioak bisitariekin eta edertasun goreneko inguruneetan partekatzeko. Gainera, udazkena sasoi paregabea da Ardoaren Ibilbideari atxikitako askotariko ekimen erakargarrietan parte hartzeko. Ibilbidea 2018an hasi zen Erdialdean eta gure komunitateko beste ardogintza-eremu batzuetara hedatuz joan da.

Misteriozko literatura eta zinemaren zaleek Dolores Redondoren Zaindari ikusezinak Elizondon dituen agertokietarako bisita egiten ahalko dute, eta historiaren misterioetan sakontzea gustuko dutenek bunkerren ibilbidea egiteko aukera izanen dute Auritzen, edota P Linea Kintoa eta Pinirioarekiko mugaren artean. Beste proposamen bat izanen da Enigmak dituzten haitzuloak Zugarramurdin, Mendukilon eta Ikaburun.

Proposaturiko jardueren artean, Misteriozko asteburuetan, bisitariek hainbat pertsonaren paperetan sartzen ahalko dira Lekunberriko Ayestarán Hotelean edo Allotzeko Ulibarritarren Etxean, “hilketa” bat argitzeko. Horrez gain, naturako escape saioetan parte hartzen ahalko dute Orokietako basoko iratxoak aurkitzeko edo Basaburuko ibarreko tradizioak ezagutu eta Amalurraren erronka gainditzeko.

Eskaintza honi gehitu behar zaizkio turismoa aktiboa eta sukaldaritza uztartzen dituzten jarduerak; hala nola, Pase zaporedunak ekimenaren edizio berri bat, eGastrobikes deritzen bizikleta bidezko bisitak bide berdeetan eta natura-bideetan barna, natura betean antolatutako Paseoak zaldiz, baita nordic walking ibilbideak ere. Hain zuzen ere, udazken honetan, egundoko aukera ekarriko die lau zentroei Xabier aldean Territorio Nordic Walking deritzona ireki izanak.

Gainera, izarrak behatzeko gaueko saioak proposatu dira ondarean edertasunaz eta atmosfera garbiaz gozatzeko Aralarko San Migel santutegian, Xabierko Gazteluan, Eunateko bitxi erromanikoan, Lerinen eta Acedon; eta perretxikoak eta onddoak biltzeko gonbidapena luzatu da Erro-Orreagako eta Ultzamako parke mikologikoetan, gerora hainbat tailerretan landu eta dastatzeko. Kanpaina osatzeko, #Navarradefoto lehiaketaren edizio berri bat deitu da.

Kanpainak, halaber, Nafarroak han-hemenka eskaintzen dituen ostatu-aukeren aniztasuna eta kalitate handia nabarmendu nahi izan ditu: hotelak, ostatuak, landetxeak, aterpeak eta kanpalekuak, city breaketarako, lagun-taldeendako zein publiko familiar eta seniorrarendako.

Sustapen ekintzak

Kanpainaren barnean, sustapen ekintzak aurreikusi dira inguruko lurraldeetako irratietan sartuko diren iragarkien bitartez, eta horiez gain, ekintzak gauzatuko dira Sare Sozialetan, kanpainari buruzko informazioa eta irudiak dituen prentsa bilduma sortuko da, bidaietan espezializatuta dauden kazetariekiko press trip bat antolatuko da, estatuko aldizkari eta eginkarietarako
erreportajeak landuko dira, Halloweeneko ospakizunen inguruko misteriozko ekitaldiak sustatuko dira eta horien berri zabalduko da Frantziako Akitania Berria eskualdean.