Berriak

2019ko eka. 20ko prentsa-oharra

“Zapi bat baino gehiago” kanpaina aurkeztu da, Sanferminetan bisitariei egonaldia luzatu eta Nafarroa ezagutzera animatzeko xedez

Ayerdi lehendakariordeak nabarmendu duenez, festa Foru Komunitate osoarendako erakargarritasun turistikoa da



Nafarroako Gobernuaren “Zapi bat baino gehiago” turismo-kanpaina aurkeztu du gaur Garapen Ekonomikorako jarduneko lehendakariordeak, Manu Ayerdik. Turismo eta Merkataritzako Zuzendaritza Nagusiak burutua, datozen bisitariei Sanferminetan egonaldia luzatu eta Nafarroan dauden alderdi kulturalak eta tradizio apartak ezagutzera animatzeko xedea du kanpainak. Honen beste helburu bat San Fermin marka birposizionatzea da, publiko irekiago batera helarazteko asmoz, familiak, seniorrak eta jaiez haraindiko interesak dituen nazioarteko publikoa barne harturik.

Aurkezpena Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuan, Pio Baroja Aretoan, egin da ostegun honetan. Bertan ere Nafarroako Gobernuko Turismo eta Merkataritza zuzendari nagusia, Maitena Ezkutari izan da.

Ekimen honekin, beste urrats bat eman da 2018ko “Ez da zapi bat soilik” kanpainarekin irekitako bidean, Nafarroa osoaz gozatzearen esperientzia nabarmenduz, izan ere, San Fermin bestak adierazpide nagusietako bat dira, baina ez bakarra.

Horrekin batera, erakundeen, sektore turistikoaren eta herritarren artean partekaturiko kontakizun berri bat garatzen jarraitu nahi da, elementu positiboak sustatuz eta, egunotan, Foru Komunitatea bisitatzeak dakartzan bestelako alderdiak ezagutzera emanez.

Kontrastea eta are kontraesana abiapuntutzat hartuz, kanpainak argi utzi nahi duena “Nafarroa espero duzuna baino askoz ere gehiago da” leloak dioena da eta, Sanferminetako jaietan bisitatuz gero, askotariko emozioak bateratzeko aukera dagoela: jaia eta lasaitasuna, hiria eta herria, kalea eta natura. Trukea, kultura eta sukaldaritza ardatz dituen lurralde honek aukera ugari eskaintzen ditu: jendeartean galdu nahiz basoan edo basamortuan elkartzea, erraldoien lurraldea ezagutu nahiz “mokadu txikiko” sukaldaritzaz gozatzea, edota kontinente guztietako pertsonekin emozioak partekatzea, parekorik ez duten tradizioen bitartez.

Hortaz, Sanferminak ez dira ospakizun hutsa; Sanferminak Iruñea dira, baita Nafarroa ere, zapi bat baino gehiago dira. Kanpaina Gravita agentziak garatu du. Honela, kanpainak Nafarroako egonaldia luzatzera eta komunitatea zeharkatzera gonbidatzen du, Sanferminak ere barne hartuz, lurraldeko ñabardura guztiez jabetu ahal izateko.

2018ko Sanferminetan bisitarien harrerari buruz egin ziren inkesten arabera, bisitarien % 63 gau bat eta hiru gau bitarteko egonaldia egiteko asmoa zuen, eta % 81ek ez zuen aurreikusia Nafarroako beste leku batzuk bisitatzea. Horren harira, garrantzitsua da turistek Iruñeko zein Foru Komunitate osoko kultura eta aisialdiko agenda zabala izatea, egonaldia luzatzera anima daitezen.

Horrekin batera, uztailean Nafarroara etortzen diren bisitarien kopurua handitu nahi da, izan ere, Sanferminek Iruñean eta Iruñerrian duten eraginaz gain, bisitarien etorrera abuztukoa baino txikiagoa izan ohi da lurraldeko gainerako eremuetan.

Hartara, kanpaina Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiarekin (S3) lerrokatu da, turismo integral eta iraunkorra Komunitatearen lurralde-garapen orekatuaren eragiletzat hartuz. Ildo berean, Nafarroako 2018-2025eko Turismo Plan Estrategikoak nazioartekotzearen bitartez sektore honen hazkundearen aldeko apustua egin du. Eta horretarako beharrezkoa da “Sanfermin” marka landu eta zaintzea, horixe baita nazioarteko merkatuak Nafarroari buruz duen erreferentzia nagusia, Donejakue Bidearekin batera.

Bestalde, “Zapi bat baino gehiago” kanpainaren logoak, San eta Fermin hitzak maila berean paratzen dituzten bi marra sendoen bitartez, kalea elkarrekin topatzeko, dibertsiorako eta errespeturako eremutzat eta elementu paregabe eta bereizgarritzat irudikatzea du helburu. Kalea da ospakizunaren ikurra, den-dena biltzen baitu: “gure jendea, gure herriak, gure kultura, gure iragana, gure etorkizuna...”.

“Zapi bat baino gehiago” kanpaina, helburu den publikoari zuzendutako microtargering ekintzen bitartez (kontsumitzailearen arabera pertsonalizatuta), sare sozialetan garatuko da, eta horrez gain, iragarkiak plazaratuko dira Frantzia hegoaldeko egunkarietan, Nafarroan eta inguruko erkidegoetan eginen diren irratsaioetan eta merchandising materialak (zapiak, abanikoak zein balkoietarako euskarriak) diseinatuko dira, besteak beste.

Sare sozialetarako mezuak hiru fasetan zabalduko dira ekainaren 10etik uztailaren 14ra bitartean. Lehendabizikoa, ekainaren 19ra arte izanen da eta Sanferminetan Nafarroara etortzeko interesa piztea du helburu; eta 740.000 pertsonaz osatutako publikoari zuzenduta dago. Bigarren faseak uztailaren 4ra arte iraungo du, milioi bat eta erdi inpaktu baino gehiago lortzeko xedearekin, Facebooken, Instagramen, Twitterren eta Youtuben zabalduko da publizitatea, Spotify-ko iragarkiekin batera. Uztailaren 5etik 14ra bitartean burutukoda azken fasea, sare sozialetako (Facebook, Instagram eta Twitter) ekintzen bidez, non Iruñeko jaietako jarduerak eta Nafarroako gainerako erakargarritasun turistikoak emanen dira ezagutzera.

Lehendabiziko faseak emaitzak eman ditu dagoeneko. Mezua 762.000 pertsonarengana iritsi da (hasieran aurreikusi baino 22.000 pertsona gehiagorengana), eta kanpainak milioi bat ikustaldi baino gehiago izan ditu, bereziki Andaluzian (harrerarik onena egin dion autonomia-erkidegoa, ikustaldien % 40rekin) eta Madrilen (% 20). Ekimen honetako irudiak biltzen dituen bideoa zabaltzen ari da sare sozialetan, festa masiboen atsegin handiari pintxo goxoak jateak edo Nafarroako edozein landa-zidorretan barna ibiltzeak zein erreka bat ikusteak dakarten atsegin txikia kontrajartzeko.

Baita ere, Estatu mailako prentsa espezializatuarentzako bidaia (press trip) antolatzea aurreikusi da aurtengo Sanferminetan. Horrela, jaiak zuzenean ezagutzeko aukera eskainiko zaie, bere funtsezko edukiak biltzen dituen programa baten bitartez: tradizioak, musika, folklorea, sukaldaritza eta kaleko giroa. Horrez gain, hiriburutik ordu laurden batera, bisita merezi duten beste natura zein ondare baliabide batzuk nabarmenduko dira, Nafarroako Gobernuak aurreikusia duen turismo kanpainarekin bat eginez.

Datu kualitatiboak

2018ko azterketek Sanferminetako bisitari orokorraren profila ezagutzeko aukera eman zuten, eta 2019an, helburua bisitari “turistikoaren” profila zehaztu eta izaera kualitatiboko informazioa handitzea da.

Ildo horretan, ondoz ondoko bigarren urtez, Nafarroako Turismo eta Merkataritzako Zuzendaritza Nagusiaren menpeko Nafarroako Turismoaren Behatokiak, Harrera Sarearen barnean, inkestak egingo dizkie bisitariei Renferen geltokian zein aireportuan. Horrela, Sanferminetan zenbat egun eginen dituzten, zein ostatu aukeratu duten eta jaiaren barnean ongien baloratzen dituzten elementuak identifikatuko dira. Horrez gain, inkestak egingo zaizkie Iruñeko zein Iruñerriko 8 hoteletan ostatu hartu duten bisitariei, hauen profila taxutzeko eta festan izandako esperientzia nola baloratzen duten, bidaian beste lekuren bat bisitatzeko asmorik ote duten, zerbitzu turistikoak kontratatu dituzten eta azken hauek nola baloratzen dituzten ezagutuzeko.

Bestalde, Sanferminetan produktuak eskaintzen dituzten Nafarroako jarduera turistikoetako enpresek emandako informazioa aztertuko da, zerbitzu horiek erabiltzen dituzten merkatuak hobeto ezagutzeko eta horien lehentasunak nahiz merkaturatze-kanalak bereizteko, besteak beste.

Harrera Sarea zabaldu eta bultzatu

2018ko lehen esperientziaren ondoren, Sanferminetako Harrera Sarea zabaldu eta bultzatuko da, Iruñera iristen diren bisitariei harrera eta informazioa eskaintzeko eta turisten gogobetetze-maila handitzeko.

Edizio honetan, Nafarroako eskaintza turistikoa nabarmenduko da “festatik lasaitasunera” lemapean eta “Zapi bat baino gehiago” kanpainaren harira, turistek egonaldia luzatzeko aukerak azter ditzaten edo hurrengo bisitaldiak aurreikusteko. Datuak biltzeko lana inkesten bitartez indartuko da, bisitarien profilak hobeto ezagutzeko.

Ekimen honen ekintza bat aireportuan izanen da uztailaren 5, 6 eta 7an, baita tren geltokian ere. Aurten, lehen aldiz ere, kanpaina hiriko zortzi hotel nagusietara hedatuko da, uztailaren 6tik 8ra eta hilaren 13tik 14ra bitartean. Ondoko hotelak dira ekimen honekin bate gin dutenak: Hotel Pamplona Catedral, Hotel Tres reyes, Hotel NH El Toro, Hotel Leyre, Hotel Yoldi, Hotel Maisonnave, Hotel NH Iruña Park eta Hotel AC Ciudad de Pamplona.

Bestalde, sektorearen etorkizuneko profesionalen prestakuntza indartzeko, Foro Europa-ko eta Ibaialdeko ikasleak izanen dira informazioa eskainiko dituztenak, turismoari, ekitaldien kudeaketari eta marketinari lotutako ikasketak dituztenak eta hizkuntzak menperatzen dituztenak. Dagokien lana behar bezala bete dezaten, prestakuntza jardunaldi espezifiko bat antolatuko da.

Saferminetako Mahaia, Nafarroa osora begira

Sanferminetako Mahaiaren sorrera da planteatu den beste ekintzetako bat, Iruñeko zein Nafarroa osoko erakundeen, entitateen eta sektore publiko zein pribatuko eragileen partaidetzarekin.

Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak bultzatutako ekimen honen helburua Sanferminak Bultzatzeko Plana abian jartzea da. Horrekin, Nafarroa osoko turismoa bultzatzen lagunduko duen festari (Sanferminei) buruzko kontaketa eta irudia modu estrategikoan eta kolektiboan landu nahi da, errespetutik, aniztasunetik eta komunitateari atxikitako balio positiboetatik abiatuta.