Aviso Aviso
Koronabirusari aurre egiteko pixkanaka hartzen ari diren neurriak direla eta, programatutako ekintza eta jarduera asko aldatu edo bertan behera uzten ari dira. Beraz, atarian argitaratutako edozein eduki egiaztatzea gomendatzen dugu.
KoronabirusaNafarroa-ri buruzko azken berriak jarrai ditzakezu web atari honetan: http://koronabirusa.nafarroa.eus
Berriak

2020ko urt. 10ko prentsa-oharra

Chivite Lehendakariak Irati-Abodiko Mendi Guneak Zaraitzuko Haranaren etorkizunerako duen garrantzia azpimarratu du

Nafarroako Gobernuaren 620.000 euroko inbertsioa jaso duen eraikina inauguratu du



Chivite Lehendakaria, ireki berri den Irati-Abodi mendi eski gunearen aurrean, Zaraitzu Ibaxako Batzordearen presidentearekin batera, Gonzalo Celay, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko, eta Kulturako kontseilariekin, Itziar Gómez eta Rebeca Esnaola, hainbat bizilagunekin batera.

Maria Chivite Nafarroako lehendakariak, gaur inauguratu den Irati-Abodi Mendi Gunea bezalako azpiegiturek Zaraitzuko Haranaren etorkizunerako, eta, oro har, biztanleriaren galera jasaten duten eremuetarako duten garrantzia nabarmendu du.

Lehendakariak, 900.000 euroko inbertsioa, horietatik Foru Gobernuak 620.000 finantzatu ditu, jaso duen Irati-Abodi Mendi Gunearen inaugurazio ekitaldian egin ditu adierazpen horiek. Chivitek Gonzalo Celay Iriarte Zaraitzuko Batzar Nagusiko presidentearekin batera hartu du parte ekitaldian.

Eraikina Larrauko mendateko 6. kilometroan (NA-2011 errepidea) dago, Otsagabiatik 15 kilometrora, eta zaharberritze eta alokairu zerbitzuak eskaintzen ditu. Haraneko Batzarreko Irati Basoa SL enpresa publikoak kudeatzen du.

Ekitaldian egon dira, baita ere, Itziar Gomez Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Kontseilaria eta Rebeca Esnaola Kultura eta Kirol Kontseilaria; Pablo Muñoz Ingurumen zuzendari nagusia; Jose Maria Agramonte Errege Bardeetako Komunitateko presidentea; Martin Montañes Nafarroako Mendi eta Eskalada Kiroletako Federazioko presidentea; eta Zaraitzuko Haraneko Batzarreko kideak, besteak beste.

Lehendakariaren esku-hartzea

Lehendakariak, bere hitzaldian, landa-inguruneetan oro har, eta Nafarroari dagokionez batez ere Pirinioetan eta Ameskoetan zentratzen den populazioaren beherakada nabarmendu du. Gainera, adierazi duenez, “naturarekin eta paisaiarekin erlazionatutako ezaugarriak dituzte, eta horrek turismorako potentzial handiko eremu bihurtzen dute”. “Hori arazoa izan daiteke Nafarroako beste eremu batzuekin aukera-berdintasunean lehiatzeko, gazteei etorkizuna eskaintzeko eta biztanleak atxikitzeko orduan”.

Hori dela eta, inauguraturikoa bezalako guneen garrantzia azpimarratu du, turismoa erakartzeko, bisitak urtaro guztietara zabaltzeko, eskaintza deszentralizatzeko eta, azken batean, jarduera ekonomikoa, enplegua eta sustraituriko etorkizuna sortzeko aukera emango baitu”.

Testuinguru horretan, Maria Chivitek bera buru den gobernuak biztanleria galtzearen aurkako borrokarekin duen konpromisoa ekarri du gogora, eta, horretarako, departamentuen arteko batzordea sortu da duela denbora gutxi. Bere helburuak “lurralde kohesioa indartzea eta Nafarroako eremu guztiei etorkizuna ematea” dira, gaineratu duenez.

Hori lortzeko, ekintzailetza-proiektuak eta azpiegituretan egin beharreko inbertsioak sustatzearen alde egin du, eta lurraldean sor daitezkeen ekimenei Gobernuaren babesa eskaini die, “oso argi daukagulako –adierazi du– Nafarroako Gobernua Foru Komunitate osokoa dela, Bardeatik hasi eta Pirinioetara”.

Bestalde, inaugurazioan parte hartu duen Zaraitzu Haraneko Batzarreko presidente Gonzalo Celayk azaldu duenez, Irati-Abodi mendi zentroa Irati Salazar-Zaraitzu izeneko proiektu baten parte da, haraneko naturgune eta baliabideen kudeaketa integralaren ereduari forma ematen jarraitu nahi duena, eta erabilera, jarduera zein zerbitzuen bateragarritasuna bultzatzen duena. 'Urteko lau urtaroetan bizirik nahi dugun kudeaketa eredua da, dagoeneko daukaguna hobetzen duena eta bailarako proposamen berriak bultzatzen dituena ', gaineratu du.

 

Kirol eta aisia eskaintza urte osoan

Pikatuako aduana zaharrean dagoen gune berria, urteko sasoi guztietan Iratiko Oihanaren ordezko sarbidea bihurtzeko bokazioarekin sortu da. Neguan, erakarpen nagusia eski nordikoko hiru pistak eta elur-erraketekin ibiltzekoa izango dira –Irati-Abodiren denboraldiko abonua erosten dutenek %50eko beherapena izango dute Larra-Belaguan, eta doako sarbidea Aretten dauden Brakako pistetara–.

Udaberritik aurrera, guneak bere eskaintza zabalduko du, BTT alokatzeko zerbitzuarekin, inguruko pagadietan eta izeidietan ibiltzeko; eta urteko edozein garaitan erreferentziazko puntua izango da Orhira eta beste gailur batzuetara igotzen diren eta Pirinioetan mendi-ibilaldiak eta bestelako ibilbideak egiten dituzten ehunka pertsonarentzat.

Irati-Abodi Mendi Gunea Zaraitzuko haranean dauden Iratiko naturguneetara sartzeko puntuetako bat da, Iratiko Etxeen –horiek ere Irati Basoa SLk kudeatzen ditu– eta Erremendiako gune naturalaren ondoan.

Erabilera anitzeko gunea

Bost pertsonak lan egiten duten eraikinak, taberna-jatetxe zerbitzua, informazio-gunea, kontsigna, eskirako materialaren, erraketen eta BTTen alokairua, konponketarako tailerra eta botikina ditu.

Neguko ordutegia 09:00etatik 17:00etara luzatzen da, baina aldatzen joango da urteak aurrera egin eta argi ordu gehiago izan ahala.

Eraikina eraikitzeko lehen fasea 2012. urtean amaitu zen, eta 2019ra arte ezin izan da bigarren fasea egin; Errege Bardeen Komunitatearen eta Zaraitzuko Haraneko Batzarraren beraren ekarpenak izan ditu, Nafarroako Gobernuak egindako ekarpenaz gain.