Berriak

2019ko mai. 03ko prentsa-oharra

Bide Berdeen Eguna ospatuko da Lekunberrin, asteburu honetan.

2019ko lehenengo lau hilabeteetan 200.000 igarotze baino gehiago erregistratu dira ibilbide turistiko horietan.



Nafarroak Lekunberrin hasiko du 2019ko Bide Berdeen Eguna, asteburu honetan. Festa herrikoia eta jarduera ezberdinak egingo dira, bide natural horiei ematen ari zaien sustapena erakutsi asmoz, lurraldearen turismo iraunkorrago bat lortzeko. Aurten, 200.000 joan-etorri baino erregistratu dira dagoeneko.

Nafarroako bost Bide Berdeetan (Bidasoa, Plazaola, Vasco Navarro, Tarazonika eta Irati) 215.818 igarotze egin dira 2019ko urtarrilaren 1etik apirilaren 30era bitartean, Nafarroako Gobernuko Turismo eta Merkataritzako Zuzendaritza Nagusiak horietan ezarritako ekokontagailuek kontabilizatutakoaren arabera. Kopuru horrek bisitarientzat eta inguruko biztanleentzat bide horiek erakargarriak direla erakusten du; hots, paisaia naturalak eta landa-eremuak igarotzen dituzten trenbide zaharrak.

Datuak ezagutzera eman dituzte Bide Berdeen Eguna dela-eta. Egun hori asteburu honetan hasiko da Foru Komunitatean, Lekunberri herrian, Plazaolako Bide Berdearen egoitzan; besteak beste, bizikletaz bisita gastronomikoak egin ahal izango dira, artisautza-merkatua egongo da, paseoak, animazioak eta jarduerak familia osoarentzat.

Ekokontagailuak

Nafarroako Turismo eta Merkataritzako Zuzendaritza Nagusiak 2019ko hasiera aldera bost ekokontagailu jarri zituen Nafarroako Bide Berdeen erreferentziazko lekuetan (Bidasoa, Plazaola, Vasco-Navarro, Tarazonika eta Irati), bisitarien fluxua aztertzeko beste azpiegitura batzuekin batera.

Gailu guztiek oinezkoen eta bizikleten igarotzeak jasotzen dituzte, baina Bidasoako Bide Berdean zein Vasco-Navarrokoan ibilgailuak ere antzematen dituzte, zati batzuetan sarbide motorizatua baimenduta baitago, inguruko bizilagunentzat soilik izan arren.

Ekokontagailuek bi norabidetako igarotzea erregistratzen dute, Bide Berdean egiten direnak kontabilizatuaz. Modu horretan, urtearen hasieratik apirilaren 30era bitarte, 191.993 oinezko, 12.090 bizikleta eta 11.735 ibilgailu igaro dira kontrol-puntuetatik.

Nabarmentzekoa da erabiltzaile-kopurua are handiagoa dela, ekokontagailuak ibilbide horietako erreferentziazko lekuetan instalatu baitira, baina ez dituzte jasotzen ibilbideko beste puntu batzuetan, horietatik pasa gabe, igarotzen diren pertsonak.

Era horretan, ekokontagailuek jasotakoaren arabera, gehien erabilitako bide berdea Bidasoako da, bai pertsonek, bai bizikleta eta ibilgailuek. Ondoren, Iratiko Bide Berdea dago, oinezkoen kopuruari dagokionean, nahiz eta batik bat Irunberriko Arroilan gehienak bildu, eta hirugarren lekuan Plazaolakoa aurkitzen da.

Bide natural horietako paseoen kopururik handiena oinez egiten da; hala ere, bizikletak %15era iritsi dira Vasco-Navarroko Bide Berdean.

Apirila bikaina Aste Santutik haratago

Aste Santua bera kontuan izan gabe, apirila izan da jarduera gehieneko hilabetea bide berde guztietan. Bestalde, Aste Santuko jai-egunetan, 36.893 pertsona, 1.765 bizikleta eta 496 ibilgailu zenbatu dira, guztira 39.154.

Pertsona eta bizikleta gehien detektatu ditu Bidasoako Bide Berdean jarritako kontagailuak, kopuru osoaren %46; ondoren, Iratiko Bide Berdea egon da, Irunberriko Arroilan, %33rekin, eta, jarraian, Plazaolakoa, kopuru osoaren %13arekin.

Maiatza Bide Berdeetan

Estatu osoan Bide Berdeen Eguneko ospakizunak egiten hasten den lehen komunitatea da Nafarroa; hain zuzen ere, asteburu honetan ospatuko da Plazaolako Bide Berdean. Jarduerak larunbatean, maiatzaren 4an, hasiko dira, “gastrobike” bisitarekin; hau da, bizikletan egingo den ibilbide gidatua familia osoarentzat, geltokiko Kantinan tokiko produktuen dastatzea eta guzti.

Ekimena Nafarroako Gobernuko Turismo eta Merkataritzako zuzendaritza nagusiaren “Zaporeak eta landa” programan sartzen da. Programa udaberrian garatuko da, eta horren helburuetariko bat da turismo iraunkorra sustatzea nahiz turismoa urtarokoa izatetik kentzea eta toki-garapena bultzatzea.

Hurrengo egunean, maiatzaren 5ean (igandea), Bide Berden Eguna jaia egingo da Lekunberrin. Besteak beste, honako hauek egongo dira: artisautza-merkatua, paseoak oinez eta bizikletaz bide natural horretan barrena, haurrentzako animazioa, tren txutxu, kuatrizikloak eta puzgarriak, trial erronka Fun Box Factoryko pilotuekin, tokiko produktuen pintxo-potea Plazaolako Kantinan eta argazki-erakusketa.

Plazaolako Kontsortzio Turistikoa mugaz haraindiko bizikleta mugikortasunaren Ederbidea proiektuko bazkidea da (Nafarroako Gobernua da bazkide nagusienetarikoa), eta, jardueren artean, Baiona, Donostia eta Iruña bizikletaz lotuko dituen ibilbidea garatzen laguntzen ari da.

Nafarroako Ederbidea zatiaren helburuetariko bat da Bidasoako eta Plazaolako Bide Berdeak batzea. Hori dela-eta, Nafarroako Gobernuak egokitzeko lanak, obrak eta seinaleztapena lizitatu ditu, eta horiekin 2018an bide berdeak hobetzeko egindako jarduerak osatuko dira.

Bide Berdeei eskainitako hilabete honetan zehar, "Zaporeak eta Landa" programako jarduerak egiten jarraituko da; horrela, maiatzaren 12an, bizikletaz ibiltzeko aukera egongo da Bidasoako Bide Berdean barrena, Ameztiatik (Santesteban) aterata, eta gaztandegian gazta-dastatzea ere egin ahal izango da.

Maiatzaren 18an, berriz, Vasco Navarroko Bide Berdean bizikleta-ibilaldia egingo da, Metautengo Boilurraren Museoan dastatze eta guzti. Bestalde, Tarazonikako Bide Berdean, ekainaren 1ean, olibadiak bisitatu ahal izango dira bizikletaz, olioa dastatzeko aukerarekin.