Aviso Aviso
Koronabirusari aurre egiteko pixkanaka hartzen ari diren neurriak direla eta, programatutako ekintza eta jarduera asko aldatu edo bertan behera uzten ari dira. Beraz, atarian argitaratutako edozein eduki egiaztatzea gomendatzen dugu.
KoronabirusaNafarroa-ri buruzko azken berriak jarrai ditzakezu web atari honetan: http://koronabirusa.nafarroa.eus
Berriak

2020ko abe. 29ko prentsa-oharra

Nafarroako Gobernuak 2,4 milioi inbertitu ditu Ederbidea bizikleta-proiektuaren 67,5 kilometro egokitzeko

Ia amaituta dauden obrek Europako bizikleta-bide handien artean kokatzen dute Foru Komunitatea



Nafarroako Gobernuak 2,4 milioi inbertitu ditu Ederbidea bizikleta-proiektuaren 67,5 kilometro egokitzeko

Nafarroako Gobernuak 2020an amaitu ditu Ederbidea mugaz gaindiko proiektuan aurreikusitako egokitzapen-lan eta -jarduketa gehienak. Guztira, 2,4 milioi euro inbertitu ditu 67,5 kilometroko bizikleta-ibilbidea hobetzeko, eta EuroVelo 1 ibilbide europarra indartuko dute, Nafarroa Iberiar Penintsularako atea baita.

Egindako lanen artean, bide-zati berriak sortu dira, beste batzuk hobetu eta egokitu dira, atseden hartzeko eta aisiarako eremuak eraiki dira, tuneletako zoladura, drainatzea, argiak eta segurtasuna hobetzeko jarduerak egin dira, eta ibilbidean seinaleak jarri dira Beran eta Irurtzun artean bizikletan ibiltzeko. Jarduera horien barnean, Bidasoako eta Plazaolako Bide Berdeak konektatu dira Na-4040, 4114, 411, 4140 errepideen bitartez, Eurovelo 1eko bizikleta-bide bihurtu baitira.

Jarduera horien helburua da mugikortasun, aisi eta turismo iraunkorra sustatzea, landa-ingurunean bizikleta arloko mugikortasunaren esperientzia erraztuaz eta hobetuaz; "naturako aisiaren" hornidura berriak sortzea bidea igarotzen den udalerrietan eta Nafarroa zikloturisten lehentasunezko helmuga bezala kokatzea, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilari Manu Ayerdik jarduerak aurkezteko gaur egindako aurkezpenean adierazi duen moduan.

Hobetzeko lanak ezagutzeko bisitan honako hauek hartu dute parte: Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia, Maitena Ezkutari; Cedernako lehendakaria, Patxiku Irisarri; Plazaola Kontsortzioko kudeatzailea, Gustavo Ortiz De Barrón; eta Imotzeko alkatea, Alfredo Alzueta; Leitzako alkatea, Mikel Zabaleta; Irurtzungoa, Aitor Larraza; eta Lekunberrikoa, Gorka Azpiroz.

Ederbidea proiektuko inbertsio horien bitartez, Nafarroako Gobernuak Eurovelo 1 bizikleta-ibilbide handia finkatu du; hau da, Norvegian hasi eta Portugalen amaitzen dena; bertan, Nafarroa bidegurutze eta bizikleta-bide gisa eratzen da.  Foru Komunitatean zerbaitengatik konektatzen da EuroVelo 1, Nafarroako iparraldetik, Pirinio Atlantikoetako eta Gipuzkoako bizikleta-azpiegiturekin, eta Bidasoako eta Plazaolako bide berdeak lotzen ditu Iruñarantz jarraipena emateko. Modu horretan, Nafarroa zikloturisten lehentasunezko helmuga gisa kokatzen laguntzeaz gain, barne-mugikortasuna sustatzen eta aisialdia eta turismoa modu iraunkorrean gozatzea bultzatzen da.

Leitzako geltokia eta ibilbideak egokitzea

Ederbidea proiektuko lanak eta jarduerak ezagutzeko gaur egindako bisita Leitzako Plazaolako trenbidearen geltokiko biltegi zaharrean hasi da; izan ere, 112 metro karratuko azalerarekin, bizikletaren inguruko horniduretarako erabiliko da; hau da, konpontzeko tailerra, bizikleten alokairua eta erabilera anitzeko gunea.

Erortzean zeuden garaje zaharrak kendu eta gero, Leitzako geltokiaren ingurune osoa egokitu da. Gainera, eraikin nagusia 2008an birgaitu zuen Nafarroako Gobernuak aterpe gisa, baina ez zen bertan altzaririk jarri. Zerbitzu osagarri berri horiek jarrita, ingurune osoaren bideragarritasuna gehituko litzateke.

Bestalde, Udala hobekuntzak egiten joan da ingurunean; hala nola, aparkalekua egokitzea, hirigintza-lanak, parke/zirkuitu biosasungarria, karabanentzako eremuaren proiektua eta laster heliportua egingo da Plazaola trenbideko garajeen eraikina zegoen lursailean.

Nafarroako Gobernuak sustatutako instalazioak 2018-2019an Imotzeko Udalak egindakoei gehitu behar zaizkie; hots, Latasako Plazaola geltokiko biltegi zaharra egokitzea jatetxe-taberna, bizikleten alokairua eta tokiko produktuen denda jartzeko; baita ere, Lekunberriko Udalak 1998an sustatutako lehen instalazioei gehituko zaizkie (Lekunberriko geltokia eta, ondoren, biltegia, jatetxe-taberna eta bizikleten alokairurako lokala bezala birgaituta). Modu horretan, Ederbidea proiektuaren asmoa izan da Plazaola bide berdeko zerbitzuak osatzea, eta, etorkizun hurbilean, Leitzako geltokikoak gehituko dira.

2019 eta 2020 urte artean egindakoen artean, zati ezberdinak egokitu dira Ederbidea ibilbidean Donamaria, Oiz, Urroz, Beintza-Labaien eta Saldíasko udal-mugarteetan; bertan, atseden hartzeko eremua prestatu da Gorostietako Gainean eta Basaburuan.

Horrez gain, oztopoak gainditzeko eta bideari jarraipena emateko aukerak eman dituzten jarduerak egin dira, zati berriak finkatuta. Zurezko pasabidea eraiki da Gartzaron-Jauntsaratseko hariztian, erreka gurutzatu eta Jauntsaratseko bainu-eremuraino ibilbidea jarraitzeko; bertan, atseden-eremua egin da. Halaber, Jauntsaratsen beste pasabide bat eraiki da, metalikoa, 32,50 metroko argia eta 2,5 metroko zabalera duena Basaburua ibaia zeharkatzeko; horrela, bizikletaz eta oinez sartzeko aukera konpontzen du bisitarientzat nahiz bizilagunentzat.

Ibilbideak Imotzeko udal-mugartetik aurrera jarraitzen du Latasaraino iritsi arte, Plazaolako bide naturalarekin konektatuaz, Larraun ibaiertzetik igarotzeko; hor ere, beste pasabide metaliko bat eraiki da, 32,50 metroko argia eta 2,5 metroko zabalera duena, sartzeko arrapala babestuarekin Kaxarnan. Ibilbideak tren zaharraren bidetik jarraitzen du, harik eta Arakilera iritsi arte, Irurtzuneraino ere joanaz.

Ederbidearen esparruan, guztira 221 seinaleztapen-unitate ezarri dira. EuroVeloaren seinaleak segurtasuna eta erosotasuna eman nahi dio erabiltzaileari ibilbide osoan zehar, nortasuna emateaz eta ibilbide hori Europako trazatuan sartzeaz gain. Halaber, segurtasuna hobetzen du ibilgailuek eta txirrindulariek partekatutako zatietan.

Era berean, atseden hartzeko eremuak prestatu dira ibilbidean zehar; hots, piknik-erako mahaiak, zurezko eserlekuak eta bizikletak aparkatzekoak.

Tuneletan obrak, semaforoak eta bidearen hobekuntzak

Leitzaren iparraldean, Kantinako tunelak (170 m) ez zuen estaldurarik, eta hormigoiaren bidez eta ganga eta horma pikoak azpi-berrituta egonkortu da, segurtasuna hobetzeko. Era berean, egokitzeko, egonkortzeko eta segurtasuna emateko lanak egin dira Leitzako tunelean (649 m).

Ederbidea proiektuaren bitartez, 150 eta 100 metroko luzerako bi tuneletan argiak eta semaforoak jartzeko eta Herri Lanetako errepideen kontserbaziorako kontrol-zentroarekin konektatzeko lanak burutu dira, segurtasuna hobetze aldera. Tunelak NA-1300 errepidearen trazaduran kokatzen dira, Irurtzungo udalerritik igarotzen den zatian.

Semaforoak, bizikletak eta oinezkoak bideo bidez detektatzeko kamera termikoak eta ibilgailuak detektatzeko espira magnetikoak ditu sistemak. Burututako argiteria-sistema 30, 40 eta 60 led-eko ekipamenduek eta Etengabeko Elikadura Sistemak (EES) osatzen dute, larrialdiko 16 argi-punturekin eta, tentsiorik gabe geratzen bada, hornidura elektrikoa bermatzen duten argiekin.

Gainera, Nafarroako Gobernuak, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, zuzentzeko lanak egin ditu Sarasa-Irurtzun zatian; izan ere, zati hori prestatu berria da Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako Ministerioaren funtsen bitartez, Bide Naturalen programaren barnean.

Bidearen eta Plazaolako bide berdea igarotzen den tunelen egoera eta segurtasuna hobetzen jarraitzeko helburuarekin, Leitzako Urbieta eta Iruñaga tunelak konpontzeko eta egonkortzeko lanak egiteko proiektua idaztea agindu da; baita Lekunberriko Bartolo tunela egokitzeko proiektu alternatiboa ere, 2019an itxi egin behar izan baitzen segurtasun-arrazoiak medio, nahiz eta 2020an behin-behineko bide alternatibo bat izan duen.

2021. urterako, Lekunberriko zeharkako drainatzea berritzeko lanak aurreikusi dira.

Horri guztiari Martikoenea, Uitzi, Aurtxikeneko eta Malkorrako tunelak konpontzeko eta hobetzeko 2018an eta 2019an burututako beste ekintzak gehitzen zaizkio.

Ederbidea

Ederbidea Europako lankidetzako proiektua da, eta, bertan, Nafarroako, Gipuzkoako eta Pirinio Atlantikoetako mugaz haraindiko lurraldeetako 12 bazkidek 2015az geroztik indarrak batzen dituzte bizikletaren erabilera sustatzeko. Aukera eskaintzen du mugikortasunarekin eta ekonomia berdearekin eta, bereziki, turismo iraunkorrarekin loturiko jarduera ekonomikoak garatzeko.

Ederbideak Europako INTERREG POCTEFA programaren laguntza du, eta programa horren organo kudeatzailea Pirinioetako Lan Komunitatea da. Guztira 9,4 milioi euroko aurrekontua du, eta Europar Batasunak horren %65a finantzatzen du Eskualdeko Garapeneko Europako Funtsaren (FEDER) bidez.

Hauek dira bazkideak: Pirinio Atlantikoetako Departamentua; Nafarroako Gobernua; Gipuzkoako Foru Aldundia; Imotz, Biarritz, Donibane Lohizune, Hendaia eta Irungo Udalak; Euskal Herria-Adour Mugikortasun Sindikatua; Baztan-Bidasoa Turismo Elkargoa; Cederna Garalur Elkartea; eta Plazaolako Kontsortzio Turistikoa.