Aviso Aviso
Koronabirusari aurre egiteko pixkanaka hartzen ari diren neurriak direla eta, programatutako ekintza eta jarduera asko aldatu edo bertan behera uzten ari dira. Beraz, atarian argitaratutako edozein eduki egiaztatzea gomendatzen dugu.
KoronabirusaNafarroa-ri buruzko azken berriak jarrai ditzakezu web atari honetan: http://koronabirusa.nafarroa.eus
Berriak

2020ko urr. 30ko prentsa-oharra

Nafarroako Turismoak BIMEn parte hartu du kultura turismoa musikaren bidez bultzatzeko

Nafarroako Turismoak Bilbao International Music Experience (BIME) aurtengo edizioan parte hartu du, babesa emateko Nafarroako bidaia industriako turismo eta zerbitzuen sektoreari, bai eta musikako artistei eta profesionalei, kultura turismoa sortzen baitute. Sinergiak bilatu nahi dira lurraldeko musika eskaintzaren eta eskaintza horren inguruko turismo zerbitzuen artean, eta Nafarroa helmuga turistiko kultural gisa posizionatu, urte osoan bisitariak erakartzeko. Honela, Nafarroako Foru Komunitateak kultura eta turismo sektorea babesten du oraingoan ere, COVID-19 sortutako pandemia dela eta ageri zaizkion erronka berrien aurrean, #kulturasegurua eta #musikabeharrezkoa direlako.



Segurtasun neurriak betetzeko eta osasuna babesteko, edizio hau mistoa izan da; hau da, ekimen batzuk presentzialak izan dira, eta beste batzuk birtualak (hitzaldiak, topaketak eta streaming bidezko kontzertuak). Zati presentziala Euskalduna Jauregian egin da. Hor, Nafarroako Gobernuak, Kultura eta Turismo zuzendaritza nagusien bitartez, erakustoki instituzionala jarri zuen, Nafarroako musika ekosistemak eta turismo sektorek elkargune eta topagune bat izan zezaten.

Erakustokian, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiko Turismoko Marketinaren eta Nazioartekotzearen Zerbitzuaren ordezkaritza bat egon da, eta sektoreko enpresak bertaratu dira bere ekimenak aurkezteko.

Topaketa horiek Europako musika industriaren hitzordu nagusietako bat dira, 30 herrialdetik gorako askotariko profesionalak biltzen ditu, musikaren eta gainerako kultura eta sormen industrien arloetakoak.

Nafarroa, zuzeneko musikaren Erresuma

BIME 2019an hasi zen kooperazio eskemari jarraitasuna eman nahi zaio, Nafarroa, zuzeneko musikaren Erresuma azpimarka turistikoa erabiliz; musika industriaren eragile publikoek eta pribatuek (esparruak, jaialdien eta kontzertuen promotoreak, musika taldeak eta artistak) elkarrekin lan egin dute Foru Komunitatean bisitariak erakartzeko.

COVID-19ak markatu du edizio hau, eta krisiaren hasieratik Nafarroan planteatu diren ekimenak plazaratu dira. Ekimen horien helburua da sostengua eta laguntza ematea Nafarroako musika industriaren eragileei (artistak, promotoreak, agertokiak, teknikariak), zeinek asoziazionismoaren bidez lan egiten baitute.