Aviso Aviso
Koronabirusari aurre egiteko pixkanaka hartzen ari diren neurriak direla eta, programatutako ekintza eta jarduera asko aldatu edo bertan behera uzten ari dira. Beraz, atarian argitaratutako edozein eduki egiaztatzea gomendatzen dugu.
KoronabirusaNafarroa-ri buruzko azken berriak jarrai ditzakezu web atari honetan: http://koronabirusa.nafarroa.eus
Berriak

2020ko urr. 15ko prentsa-oharra

Nafarroako turismo-sektoreak laster izanen du bere Berrikuntzarako Mahaia

Nafarroako Turismoak laster amaituko ditu Turismoaren Berrikuntzarako Mahaia abiarazteko urratsak. Ekimen horrek energia publiko-pribatuak uztartzen ditu sektorearen beharrak zein ekimenak atzeman, eta haiek Nafarroako Berrikuntza Sistemako (SINAI) erakunde eta profesionalekin lotzeko.




Azaroaren 10ean bigarren lan-bilera bat egin asmo da, Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiak antolaturik,  Berrikuntzaren Ekosistemak izeneko foroan. Horren aurretik, galde-sorta bat eta bilera pertsonalizatuak eginen dira sektoreko eragileekin, zehatzago jakiteko zer behar eta kezka dituzten, eta, hala, hainbat ekimen eta proiektu berritzaile landu eta bileran proposatzeko, batez ere osagai teknologikoa dutenak.

Bestalde, Nafarroako turismo-sektorean proiektu berritzaileetan lanean ari diren pertsonak, batez ere teknologiari lotutako egitasmoetan ari badira, edo abian jartzeko ekimen berritzaileren bat dutenak harremanetan jar daitezke Turismoaren Plangintza eta Berrikuntza Zerbitzuarekin helbide honetara idatziz: tpi@navarra.es


Funtsezko ardatzak

Lehiakortasuna, digitalizazioa, inklusibitatea, jasangarritasuna eta adimena funtsezko ardatzak dira berrikuntza turistikoaren erronkari aurre egiteko, Nafarroako Berrikuntza Ekosistemen esparruan turismo-sektoreko ordezkariekin berriki egindako topaketetan ondorioztatu denez.
 
Ezagutza partekatu hori ibilbide-orrian sartuko da, sektorearen eraldaketa digitalaren lagungarri; izan ere, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusia eraldaketa horretan lanean ari da Turismoaren Plangintza eta Berrikuntza Zerbitzuaren bitartez. Eginkizun hori Turismoaren Berrikuntzarako Mahaia abiaraziz ere gauzatuko da, lankidetza publiko-pribatua indartuko duena.
 
Turismoaren Berrikuntzarako Mahaiaren helburua da batera jarduteko estrategia bat sortzea berrikuntzaren arloko eragileen eta sektore turistikoaren artean. Hala bada, asmoa da trukerako foro bat eratzea elkarlanean eskaintza eta eskaera bateratzeko, turismo-sektoreren behar eta ekimen nagusiak atzemanez eta haiek Nafarroako berrikuntza sistemako entitate, zentro, enpresa eta profesionalekin lotuz. Horrez gain, finantzaketa bilatzeko lan egin beharra dago, bai Espainian, bai nazioartean.

Mahai horrek, bestetik, turismo-sektorea sentsibilizatu nahi du jabetu dadin zer garrantzitsua den eta zenbat abantaila dituen proiektu berritzaileak garatzeko eta Nafarroa Helmuga Turistiko Adimentsu gisa kokatzeko lan egiteak, besteak beste.

Abian diren ekintzak

Azken hilabeteotan, zenbait hartu-eman izan dituzte Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiak (Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentua) eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak  eta Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak (Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentua), ADITECHek eta beste eragile laguntzaile batzuek. Helburua izan da turismoaren berrikuntzarako ibilbide-orrian aurrera egitea eta, hala, foro egonkor batzuk abiarazi dira tartean dauden eragileek elkar topa dezaten.

Sektorearen eraldaketa digitalari dagokionez, zenbait neurriri ekin zaie: Digitalizaziorako prestakuntza plana eginen da, jardunaldi espezializatuak antolatu dira, Big Data aplikatzen ari dira, bai eta aztertzen ere kontagailuek, sare sozialek eta marketin digitaleko ekintzek emandako informazioa, turistak nola mugitzen diren sakon ezagutu eta Nafarroa helmuga gisa kokatzeko. 

Era berean, APP bat abiarazi da, AMCSren eskutik, Donejakue bideko aterpetxeetako edukierak kudeatzeko, eta erreserba-zentro berri bat ireki da Urederraren ingurunerako. Bestetik, Marketinaren alorrean beste lan-ildo bat garatzen ari da: formatu hibrido berriak dituzten ekitaldiak sortzea eta haietan parte hartzea, hala nola onlineko azokak, sektorearen eskaintzak zabaltzeko, onlineko euskarriaren bidez; eta, bestetik, atari turistiko berri bat sortzea bisitariendako eta beste bat, ezberdina, sektoreko profesionalendako.

Gaur egun beste lan-ildo ezinbesteko bat da etengabe neurtzea okupazio-datuak eta beste iturri garrantzitsu batzuk pandemiak sektorean duen eraginaren bilakaera aztertze aldera. Gogoratu beharra dugu Nafarroako Turismoaren Behatokia aitzindaria dela, eta horri esker aukera izan duela Turismoaren Mundu Erakundearen behatoki turistiko jasangarrien nazioarteko sareko kide bihurtzeko. Gaur egun enkargatu diren ikerketetako batean Nafarroako biztanleek turismoari buruz zer iritzi duten neurtzen ari da.

Gainera, oroitarazi nahi dugu dagoeneko zenbait prestakuntza-ekintza egin direla, hala nola, berrikuntza turistikoari buruzko web-mintegiak eta krisiari aurre egiteko onlineko prestakuntza-pilulak, denak ere hainbat alorretan dauden premiei erantzun beharrez: osasun-protokoloak, negozioen kudeaketa eta bideragarritasuna, mindfulnessa, etab. Horiek guztiak sarean daude, ikusi nahi dituen ororen eskura (sartzeko, sakatu hemen)


Nafarroako Berrikuntza Sistema (SINAI).