Aviso Aviso
Koronabirusari aurre egiteko pixkanaka hartzen ari diren neurriak direla eta, programatutako ekintza eta jarduera asko aldatu edo bertan behera uzten ari dira. Beraz, atarian argitaratutako edozein eduki egiaztatzea gomendatzen dugu.
KoronabirusaNafarroa-ri buruzko azken berriak jarrai ditzakezu web atari honetan: http://koronabirusa.nafarroa.eus
Berriak

2020ko ira. 22ko prentsa-oharra

Bidaietan adituak diren kazetariek Nafarroa bisitatzen dute, segurtasun protokoloen arabera diseinatutako esperientzia pertsonalizatuen eskaintza zabala ezagutzeko

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak bisita bat antolatu du bidaietan adituak diren kazetarientzat. Bertan, erakutsiko da bai nola gozatu Nafarroako eremuez, bai zer zerbitzu eskaintzen dituen sektore turistikoak, zeinak erabat egokituta baitaude egungo segurtasun eta osasun eskakizunetara.



Horrela, kazetariekiko topaketan, elkartzeko eta biltzeko mugak errespetatzen dira, segurtasun neurri guztiak betetzen dira eta jarduerak ingurune seguruetan eskaintzen dira, asmoa baita erakustea Nafarroak bidaiariari asko eskaintzen ahal diola erantzukizunez eta esperientzia pertsonalizatuen bidez, hau da,  masifikaziorik gabe.

Ekimen horri esker, bidaietan adituak diren kazetariek Nafarroako sektore turistikoko ehun enpresa eta profesional inguru ezagutuko dituzte: ostatuak, jatetxeak, jardueretako enpresak, gidariak, upeltegiak eta tokiko ekoizleak, kultura-, aisia eta ondare-eremuak eta abar.

Irailaren 22an, Iruñean hasiko da presstrip-a (prentsa bidaia). Bidaietan adituak diren kazetariak 5 pertsonako taldetan banatuko dira, gidari batekin, hiriko gune ospetsuenak ezagutzeko.

Gainera, gure erkidegoko turismoaren indarguneetan oinarritutako hainbat arlo tematiko lantzen ahalko dira eta hainbat eremu bisitatu, Nafarroak bidaiariari eskaintzen dion aniztasunaren ikuspegi zabalagoa eskaintzeko asmoz.

Nafarroako hiriburuan, talde bakoitzak, bere gidariarekin, aldez aurretik esleitu zaizkion lau bisita hauetako bat eginen du: historia eta kultura, natura, gastronomia eta bizimodua

Erribera
Irailaren 23tik 24ra, bidaia prentsako espezialistak, gehienez 5 laguneko taldeetan, Nafarroako eskualde batera joanen dira. Erribera bisitatzen dutenek hainbat jardueraz gozatzen ahalko dute: kalitate handiko tokiko produktuetan oinarritutako zero kilometroko gastronomia, enologia, artisau-olioaren ekoizpena, turismo aktiboa eta kirol turismoa.

Gainera, Tutera eta haren ondarea sakon ezagutuko dituzte, eta turismo aktiboko esperientziak biziko dituzte: Bardean buggyz ibiltzea, Ebron kayakez nabigatzea, eta 4x4 ibilgailuz mugitzea Lor aintziraren inguruan.

Pirinio Atlantikoa
Beste talde bat Pirinio Atlantikora joanen da, Bertiz parkean naturako ibilbide bat eginez, Zugarramurdiko leizeetan sartu eta Pottokaren bidearen tarte bat egiteko. Urdazubiko artisau-gaztagintza eta gastronomia tradizionalaren sekretuak ezagutuko dituzte. Zubietako errota, Iturengo Uraren Bidexka eta Igantziko Irrisarri Land gunea bisitatuko dituzte, eta Lesakan bukatuko dute eguna.

Hurrengo egunean, Peru Harrira joanen dira, Harri Parkera, eta Plazaolako Bide Berdean barna bizikletaz paseatzera, Bizikleta Zentro Logistikoraino (“Biltegira”). Zentro hori Latasako geltokiko biltegi zahar batean dago, eta Ederbidea proiektuan garatutako bizikleta-zerbitzuen zati da.
 
Shinrin yoku edo baso-bainu esperientzia ere eginen dute.

Ekialdeko Pirinioa eta Pirinioaurrea
Hirugarren taldea Ekialdeko Piriniora eta Pirinioaurrera abiatuko da Aurizberritik, herrian berreskuratutako miliario erromatarrak eta aztarna arkeologikoak ikusteko. 

Irati ere bisitatuko dute, eta misterio- eta historia-esperientzia bat izanen dute Abaurregainako Hilarrien Museoan. Horrez gain, Otsagabia herria eta ingurua ezagutuko dituzte. Irati-Abodiko mendi gunetik, Izabarantz abiatuko dira, eta geldialdia egiten dute Mintxateko arroilan, turismo ornitologikorako puntu enblematiko bat da-eta. Azkenik, izarrak ikusteko aukera izanen dute Belaguako mendi-aterpetik.

Hurrengo egunean, kazetari espezializatuek Galipentzu herria ezagutuko dute, turismo enologikoa eginen dute, eta Xabierko gaztelua, Irunberriko arroila eta Leireko monasterioa bisitatuko dituzte.

Estellerria
Lizarrako esperientziek kultura, bizitza naturala eta gastronomia tradizionala bateratuko dituzte, eta kazetariek Irurreko Henri de Lenaerts Museo Etxea, Lezaun eta Urbasa-Andia mendia bisitatuko dituzte. 

Gaztagintza, erlezaintza, gatzagak eta mahats-bilketa ekologikoa izanen dira jardueretako batzuk, eta, horiez gain, Urederraren iturburutik ibiliko dira eta Donejakue Bideko zati batetik ere bai, Iratxeko monasterioan bertan, Ardoaren Iturria eta Museoa ikusiko dituztelarik. Ega ibaian zehar, ibilbidea eginen dute, Lokiz, ikazkinak eta boilurra gertu dituztela Vasco-Navarroren Bide Berdean barna. Azkenik, bisita gidatua eginen dute Lizarran.

Erdialdea
Ibilbidea Artaxoako Harresian hasiko da, eta ondoren Eunateko Andre Maria eliza eta Lerin herria bisitatuko dituzte. Han, harrera eginen diete udaletxean, eta bertako gastronomia, baratzeak, upeltegiak, kobak eta kontserba tradizionalak ezagutuko dituzte. Eguna amaitzeko, behaketa astronomikoa eginen dute Javier Armentia Iruñeko Planetarioko zuzendariarekin, kontuan hartuta laster Lerinek eta haren landa-etxeek STARLIGHT herri eta ostatuen ziurtagiria jasoko dutela.

Hurrengo egunean, garnatxa zaharra berreskuratzeko esperientzia eginen dute, eta tokiko merkataritzaren esperientziak ezagutuko dituzte. Ondoren, Uxue eta Erriberri eta hango gaztelua bisitatuko dituzte.

Iruñean berriro
Azken egunean, irailaren 25ean, Iruñean egonen dira berriro, eta bost laguneko talde bakoitzak ibilbide bat eginen du sanferminen historian eta tradizioan barrena, puntu ezagunenak bisitatuta: eskortak, Udaletxeko plaza, Telefónicaren kurba, Gazteluko plaza, etab.

Esperientzia-turismo segurua, jasangarria, inklusiboa eta irisgarria
Nafarroa bere naturagatik eta ingurune irekiengatik nabarmentzen da, paisaia ugari baititu: mendia, antzinako basoa eta zeruertzean galtzen diren erdi-basamortuko eremuak, bai eta hiri atseginak eta paseatzeko giza eskala dutenak ere, turismo aktiborako, kulturarako, gastronomiarako, ongizaterako eta kirol turismorako esperientzia eskaintza zabala dutenak.

Nafarroa ongi prestatutako erkidegoa da emozio sakon eta biziei uko egin gabe turismo seguru eta arduratsuaren bila dabiltzanentzat. Nafarroako Gobernuak balio horiek ezagutarazi nahi izan ditu Ezagutzen al duzu “Nafarroa efektua”? kanpainaren bidez. Ekimen horrek esperientzia-turismo seguru, jasangarri, inklusibo eta irisgarri baterako proposamenak planteatzen ditu.

Bidaietan espezializaturiko hedabideekiko topaketa Nafarroako Turismoak diseinatutako 2020-2022 Ekintza Planaren barnean dago, eta kanpaina hori indartu nahi du, Nafarroak konfiantzazko leku gisa dituen indarguneak ezagutarazteko. Horretarako, garrantzia ematen die segurtasun eta higiene protokoloak aplikatzeari, kaleak, ondarea eta natura zaintzeari eta sektore turistikoaren profesionaltasunari.