Aurkezpena Iruñeko Kondestablearen Jauregian egin da, eta bertan parte hartu dute Nafarroako Gobernuko Turismo, Merkataritza eta Kontsumo zuzendari nagusi Maitena Ezkutarik, Iruñeko alkate eta Donejakue Bideko Udalerrien Elkarteko lehendakariorde Enrique Mayak, Gaztela eta Leongo Juntako Turismo zuzendari nagusi María Estrella Torrecillak eta Logroñoko alkate eta Donejakue Bideko Udalerrien Elkarteko lehendakari Pablo Hermoso de Mendozak.
Donejakue Bideko Udalerrien Elkarteak (AMCS) bultzatutako tresna digitala da, ibilbideko autonomia erkidegoen eta Agaiber Aterpetxe Pribatuen Galiziako Elkartearen lankidetzarekin. Tresna horren bidez, erromesek erraz jakin dezakete aterpetxeetan lekurik baden herri jakin batera joan aurretik, baita bidearen etapa bakoitzean dagoen okupazio-maila ere, ibilbidea segurtasunez antolatzeko.
Nafarroako Gobernuko Turismo, Merkataritza eta Kontsumo zuzendari nagusiak, Maitena Ezkutarik, aurkezpenean azaldu zuenez, aspalditik ari ziren lanean proiektu honetan, digitalizazioan aurrera egin eta erromesen esperientzia hobetzeko.
Hasiera batean pentsatu zen tresna digital hau 2021erako izatea prest, aurreikusten baita Done Jakueren urte santua izanik jende kopuru handia ibiliko dela; baina aurreratu egin da abian jartzea, osasun-larrialdiak eragindako testuinguru honetan informazioa emateko aterpetxeen okupazio-mailari eta ostatu-aukerei buruz, beharrezkoa baita urruntze sozialari, edukiera-murrizketari eta higieneari buruzko arau berriak betetzea.
Aurten, bideko aterpeen ia % 70 ireki dira, eta, beraz, erromesek badituzte 50 aterpetxe beren etapak egin ondoren atseden hartzeko.
Hasiera batean, tresna ezarriko da bidearen Nafarroako zatian barna dauden 15 aterpetxetan.
Bestalde, Gaztela eta Leongo Juntako Turismo zuzendari nagusiak, María Estrella Torrecillak, nabarmendu zuen lankidetzan eta senidetasunean oinarritutako sare bat sortu dela bidean, eta, horri esker, milaka pertsona iritsi direla Compostelara. "XXI. mendean bizitzeak aukera ematen digu hainbat mekanismo garatzeko, eta horiekin erromesei berme gehiago eskaintzeko".
Ekimen honek bat egiten du Done Jakue Bideko Udalerrien Elkarteak egindako lanarekin, hau da, Nafarroatik Santiagorainoko ibilbidea egitea ahalbidetzen duen aterpetxe seguruen sare bat sortzeko lanarekin.