Aviso Aviso
Koronabirusari aurre egiteko pixkanaka hartzen ari diren neurriak direla eta, programatutako ekintza eta jarduera asko aldatu edo bertan behera uzten ari dira. Beraz, atarian argitaratutako edozein eduki egiaztatzea gomendatzen dugu.
KoronabirusaNafarroa-ri buruzko azken berriak jarrai ditzakezu web atari honetan: http://koronabirusa.nafarroa.eus
Berriak

2020ko uzt. 21ko prentsa-oharra

Nafarroak merkataritzaren eta turismoaren eraldaketa digitala bultzatzeko zentro bat izango du

Gaur egindako Merkataritzaren Digitalizazioari buruzko jardunaldian iragarritako zentroa Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren eskutik sortuko da, sektorearen eskaerei erantzunez



Manu Ayerdi kontseilaria Nafarroako Merkataritzaren Digitalizazioaren jardunaldian, Nafarroa Arenan.

Nafarroak merkataritzaren eraldaketa digitala bultzatzeko zentro bat jarriko du abian. Horretarako, sektorearen egoeraren diagnostikoa eguneratuko du arlo horretako agenteekin lankidetzan. Hala iragarri du gaur Nafarroako Merkataritzaren Digitalizazioari buruzko jardunaldian Manu Ayerdi Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak. Bertan, ehun enpresa eta elkarte bildu dira.

Zentroak erantzuna eman nahi die Foru Erkidegoko merkataritza arloko enpresek planteatu dituzten eta foru gobernuak bultzaturik egin den bi sektoreen egoera digitalaren azterlan batean islatuta geratu diren aholkularitza- eta kontsulta-beharrei. Izan ere, kontsultaturiko enpresen erdiek baino gehiagok laguntza eskatu dute salmentarako eta banaketarako kanalak martxan jartzeko, eta baita sare sozialak erabiltzeko ere, beren produktuak sustatzeko eta bezeroekin harremanetan jartzeko.

ATANAren, Nafarroako IKT klusterraren, laguntzarekin, foru gobernuak web ataria sortuko du, eraldaketa digitala sustatzera bideraturiko jarduera publikoei eta gomendio orokorrei buruzko informazioa emateko. Espazio horrek berak kontsultarako tresnak emanen ditu, zalantza orokorrak argitu ahal izateko, eta baita banakako aholkularitza ere. Ildo horretatik, telefono bidezko arreta eskainiko zaie eguneroko jardunean tresna digitalak ezartzeko aholkularitza behar duten enpresei.

Aholkularitza-lan hori osatzeko, laguntza proaktiboa emanen zaie elkarteei, zentroa erabil dezaten; Gobernuak bi sektoreetan sor daitezkeen beharrak detektatuko ditu; eta IKT sektorea dinamizatuko du, aukerak antzeman eta lankidetza publiko-pribatuaren bitartez gara daitezkeen soluzio berritzaileak proposa ditzaten.

Eraldaketa digitalerako gida azkarra

Zentroak bertze urrats bat erakusten du Nafarroako Gobernuak merkataritza sektoreari eta Nafarroako turismoari ematen dion laguntzan. Hurbileko Txikizkako Merkataritza Bultzatzeko Planaren (2018-2020) barruan dauden laguntza-lerroei eta sustapen-kanpainei ‘merkataritza-sektorearen Eraldaketa Digitalerako Gida azkarra’ gehitu die orain Gobernuak, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiaren ekimenez. Berrikuntza Digitaleko Poloaren plataforma birtualean dago.

“Gidaren helburua –Adierazi du Ayerdi kontseilariak jardunaldiaren inaugurazioan– Digitalizazioranzko urratsa oso modu arin eta sinplean nola egin daitekeen azaltzea da; bakoitzak bere mailan, bere helburuekin; ezin baita soluzio bakarrari buruz hitz egin, ezta soluzio onenari buruz ere”. ATANAk egin duen gidak estrategia bat diseinatzera bideratzen ditu enpresak, beren negozioak hobetzeko zer bitarteko digital beharko dituzten planteatzeko orduan.

Ekintza-eremua, eskainiko diren produktu motak eta aukeraturiko salmenta-kanala mugatzea oinarrizkoak dira teknologia berriei ahalik eta etekinik handiena ateratzeko. Baina baita eskainitako ordainbideak eta produktua bezeroari helarazteko beharrezkoa den sistema logistikoa ere. Hori guztia, bertze lurralde batzuetako tokiko merkataritzaren esperientziak eta hainbat esteka interesgarri barne hartzen dituen gida honetan azaltzen da. Garapen Ekonomikoko Sailak eta ATANAk funtsezko mezu bat bidali dute gida honen bitartez: “Pentsatu lehenik zure beharretan, eskura dituzun baliabideetan eta zure estrategian, ondoren IKT tresnak aukeratzeko, eta ez alderantziz”.

Ildo horretan, Manu Ayerdi kontseilariak dei egin die bertaraturikoei, “digitalizazio-prozesu hau mehatxu gisa ikus ez dezaten, ingurune aldakor honetara egokitzeko aukera gisa baizik”. Ingurune aldakor honetan, Ayerdik COVID-19ak eragindako krisia izan du hizpide, “Teknologia berrien agerpenerako eragile gisa balio izan baitu, oso denbora tarte laburrean soluzioak ezarri baitira”.

Esperientziak lehen pertsonan

Izan ere, gaur goizeko jardunaldiak merkatariei beraiei eman die hitza, El Retrogusto es míoko Ana Murillok, Sweet Lolitako Laura Lacunzak, Liderlamp-Icizeko Tete Sanzek, eta Coffingeko Manuel Spucchesek osaturiko mahai-inguruan. Horiei Nafarroako Merkatarien Elkartea bildu zaie, Inma Elkanoren eskutik. Guztiek beraien esperientziei buruz hitz egin dute, eta digitalizazioak beren negozioei ematen dien balioa nabarmendu dute.

Liderlampen kasuan, sare sozialei esker, lana erraztu eta online denda martxan jarri ahal izan da. Sweet Lolitako Laura Lacunzak sare sozialen bidezko salmentaren alde egin duen apustua zehaztu du, webgunearen beharrik gabe. Salmentetatik haratago, bere sareen eduki guztia “humanizatzen” saiatzen dela azaldu die Lacunzak jardunaldiko parte-hartzaileei, konfinamenduan zehar bere etxetik zuzeneko emanaldiak eginez. Horrek gehiago saltzea eragin dio. Ana Murillok El Retrogusto es míon digitalizaziorako jauzia emanez eta online salmentaren aldeko apustua eginez, “Bezeroak lagun bihurtuz”, izan duen esperientzia kontatu du. Coffingeko Manuel Spucchesen iritziz, bere negozioaren funtsezkoena, egun-amaierako stocka berrikustea da, “Marketplace batekin bat egin nahi baduzu, batez ere”. Inma Elcanok, bere aldetik, konfinamenduan zehar saltzeko, whatsapp eta sare sozialak oso ondo funtzionatu duten kanalak izan direla nabarmendu du. Esperientzia horiek erakusten dutenez, mundu digitalean ere, gertuko merkataritzak bere hurbiltasun-ezaugarriei eusten die.

COVID-19aren eraginak merkataritzan

Jardunaldiak Nafarroako merkataritzaren egoeraren erradiografia eskaintzeko ere balio izan du; urteko lehen hiruhilekoan 21.840 afiliatu zituen, eta horietatik %31 Langile Autonomoen Erregimen Berezian zeuden. Sektoreak sorturiko enpleguaren %66 emakumeen enplegua da. Ayerdi kontseilariak azaldu duenez, Nafarroako merkataritzako enpresen eta lokalen kopurua 450 ingurutan jaitsi da 2015etik joan den urtera, 6.480tik 6.038ra.

Horri guztiari COVID-19aren krisia gehitu behar zaio, konfinamenduak iraun zuen bitartean Nafarroako saltokien bi heren itxi behar izan baitziren. “Egoera orokorrak, ziurgabetasunak, kontsumitzaileen animo eskasak eta ezinbestean ezarri beharreko osasun-neurriek moteldu egiten dute aurreko merkataritza-jarduerara itzultzeko bidea, eta eragina dute salmenten bolumenean”, esan du Maitena Ezkutari Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak.

Turismoaren Behatokiak martxoaren 14tik apirilaren 15era merkataritza sektoreari egindako lehen inkestaren arabera, enpresen %74ari asko eragin die COVID-19aren krisiak. Enpresen %65ak adierazi du fakturazioa %80 eta %100 artean murriztu zaiela 2019ko aldi berarekin alderatuta. Bestalde, agerian geratzen da enpresek gehien ezarritako neurria (%72ak erabili du) komunikazioa eta sustapena izan direla, sareetan, webgunean, telefono bitartez edo plataformetan.

Sektorearen jarraipena egiteko, Turismoaren Behatokiak COVID-19aren ondoriozko krisiaren inpaktuaren hileroko monitorizazio-sistema jarri du abian, Estatistika Institutuarekin, Nafarroa Suspertu 2020-2022ren batzorde teknikoarekin, Sodenarekin, NUPekin, Merkataritza Ganberarekin eta Errealitate Sozialaren Behatokiarekin lankidetzan.

Maiatzeko inkestatik ondorioztatzen denez, merkataritza da jarduera ia erabat suspertzeko prozesuan egoera okerrenean dagoen bigarren sektorea. Zehazki, inkestatuen %26,5ak soilik adierazi du jardueraren %90 edo gehiagora heldu dela. Gehienak (%42), ez direla %50era iristen adierazi dute, Maitena Ezkutarik bertaratutakoei azaldu dienez. Hori dela eta, gehienek inbertsioak gutxitu eta kostuak murriztu dituzte. Segurtasun, higiene eta edukieren kontrolerako neurriak ere ezarri dituzte. Gainera, %72ak komunikazio- eta sustapen-ekintzak egin ditu negozioak aktibo jarraitzeko. Neurri horiez gain, bezeroen leialtasuna lortzera bideraturiko bertze batzuk daude, kasuen %46tan, eta baita prestakuntza- eta birziklatze-ekintzak ere, inkestatuen %17ak adierazi bezala.

Etorkizunera begira, saltokien %62ak estrategia komertzial berriak garatzea dauka pentsatuta eta, %47ak, kanal digitalak indartzea. Inkesta erantzun duten enpresen erdiek beharrezko ikusten dute salmenta- eta banaketa-kanalak definitzen laguntzea, eta bertze %47ak sustapena bultzatzea. Era berean, bitik batek sare sozialen eta bezeroaren fidelizazioaren arloko prestakuntza ikastaroak martxan jartzea eskatzen du.