Aviso Aviso
Koronabirusari aurre egiteko pixkanaka hartzen ari diren neurriak direla eta, programatutako ekintza eta jarduera asko aldatu edo bertan behera uzten ari dira. Beraz, atarian argitaratutako edozein eduki egiaztatzea gomendatzen dugu.
KoronabirusaNafarroa-ri buruzko azken berriak jarrai ditzakezu web atari honetan: http://koronabirusa.nafarroa.eus
Berriak

2020ko eka. 09ko prentsa-oharra

Nafarroaren asmoa da turismo lehiakor, jasangarri eta inklusibo baten alde egitea, eta baditu zenbait kasu, sektore horretakoak, nazioartean arrakasta izan dutenak.

Turismo jasangarriaren eskaria gora zihoan pandemia hasi aurretik ere. Orain, konfinamenduaren ondoren, gero eta jende gehiagok du gogoa aire zabalean egoteko, landan nahiz hiri barnean, konfiantza eta segurtasuna ematen duten espazio atseginetan. Hain zuzen, Foru Komunitateak indargune horiek ditu, eta beharrezkoa da horiek sustatzen jarraitzea. Horixe islatu zen sektorea suspertzeko Nafarroako Turismoak antolatutako jardunaldi zikloaren hirugarren online topaketan.



Aukera bat dugu turismo mota bat garatzeko, jasangarritasun, irisgarritasun eta inklusio irizpideak oinarri izanen dituena, tokiko komunitateekin batera eta aintzat hartuz ingurumenaren, kulturaren eta tokiko idiosinkrasien babesa. Hori lortzeko, gakoetako bat da jendeari helaraztea zein garrantzitsuak diren balio horiek; hots, komunikazioa eta pedagogia funtsezkoak dira. Aipatu balioek, gainera, lortzen dute bidaia bakoitza norberarena eta parerik gabekoa izatea.

Izan ere, aipatu bezala, dagoeneko abian dira zenbait esperientzia lehiakor, jasangarri eta inklusibo turismoaren sektorean, erreferenteak direnak Nafarroan nahiz nazioartean. 

Honako hauek izan ziren topaketan: Virginia Fernández-Trapa, One Planet Programaren arduraduna, Nazio Batuetako Turismoaren Mundu Erakundeko Turismoaren Garapen Jasangarrirako Departamentuan; eta Ricardo Blanco, Turismo Jasangarriaren Ataleko burua Espainiako Gobernuko Turismoko Estatu Idazkaritzan. Jardunaldiaren irekieraz Maitena Ezkutari arduratu zen, eta Alberto Ecay aritu zen moderatzaile. Nafarroako Gobernuko Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusia da lehena, eta bigarrena, Nafarroako Gobernuko Turismoaren Plangintza eta Berrikuntza Zerbitzuko zuzendaria.

Gainera, honako hauek parte hartu zuten: Paco Irizar, Ruralsuite Hotel Apartamentos eta Activa Experience delakoaren zuzendaria; Naia Sánchez Carballo, Urrobi Kanpineko front desk eta community managerra; Maxux Goñi Otxandorena, Arras Baztan fundazioko lehendakariordea eta Markulluko Borda Rural Suites delakoaren jabea; Katrin Setuain, Guiarte Servicios Turísticos enpresako bazkide kudeatzailea; Biktor Andueza, Pirenaicako zuzendaria; eta Jon Garai Vales, Ekoalde Elkartearen koordinatzailea. Horiek guztiek azalpenak eman zituzten Nafarroako jardunbide egokien eredu jasangarri eta irisgarriei buruz, zeinek errespetatzen baitituzte beren jarduera eremuko lurraldea eta pertsonak.

Horiez gain, nazioarteko bi esperientziaren berri izan genuen, Beatriz Elena Araque Tobón eta Juan Carlos Floresen eskutik. Lehena Medellíngo (Kolonbia) Corporación Parque Arvi erakundeko zuzendari exekutiboa da, eta bigarrena, Peruko Andean Lodges delakoaren kudeatzaile nagusia.

Jardunaldiaren bideoa osorik ikus dezakezu hemen: https://youtu.be/HbBeTp68CcI

Jarduketa horiek Nafarroako Turismoaren 2020-2022ko Ekintza Planaren barnean daude, eta oinarria dute sektoreko ordezkariekin adosturiko ildo estrategikoetan.

Adostasunak:

- Beharrezkoa da jauzi kualitatibo bat egitea, turismoa jasangarria eta irisgarria izan dadin, berrikuntzaren bitartez. Hori sustatu daiteke helmuga adimendunen esparruan; hori da, esaterako, Nafarroako Erriberaren kasua, sare horretan sartuta baitago.

- Funtsezkoa da lankidetzan aritzea tokiko ekoizleekin eta komunitateekin, eta horiek parte hartzea. Nafarroak indargune bat du: askotariko elikagai osasungarriak ditu, kalitatezkoak, ekoizle txikiek ekoitziak eta ekologikoak.

- Pedagogia eta sentsibilizazioa: jendea hezi behar da, arduraz erabil ditzan baliabideak eta zerbitzuak. Erabilera arduratsu hori balio erantsi gisa zabaldu behar da, iritsi ahal izateko sentsibilizatuta dagoen publiko zabalago batengana.

- Kalitatea eta norberari egokitutako esperientziak lehenesten dira, eta ez kantitatea. Aprobetxatu behar da diseinatzeko jendearen harrerarako neurriak eta erabilera publikoko zerbitzuak, eta masifikazio txikiko espazioak sortzeko, helmugan eskaintza dibertsoagoa izan dadin.

- Ekoturismoa eta irisgarritasuna. Zenbait esperientziak frogatu dute bideragarria dela, eta bezeroek ulertzen dutela zerbitzuari kalitatea gehitzen diola.

- Ondarea: Eskaintza digitalizatzea (ezinbestekoa da aldez aurretiko salmenta, edukiera kontrolatzeko), edonorentzat irisgarri izateko egokitzea, eta dibertsifikatzea, hain ezagunak ez diren inguruen gaineko interesa pizteko.

- Kultura turismoak denentzat behar du izan, eta, horretarako, ezinbestekoa da prestakuntza ematea jarduera horretan lan egiten dutenei.

- Esperientzia eraldatzea: denboran pilatutako ekitaldi handiak alde batera utzi, eta beste aukera batzuei heldu, norberari egokituak eta urte guztian egin daitezkeenak, zikloturismoa eta antzeko aukerak sustatuta.

Jardunbide egokiak:

Virginia Fernández-Trapa, One Planet Programaren arduraduna, Nazio Batuetako Turismoaren Mundu Erakundeko Turismoaren Garapen Jasangarrirako Departamentuan. Ekintza ildoak, jasangarritasuna oinarri harturik turismoa berreskuratzeko: Pertsonak (osasun publikoa eta gizarte inklusioa), Planeta (biodibertsitatearen kontserbazioa eta ekintza klimatikoa) eta Oparotasuna (ekonomia zirkularra eta gobernantza parte-hartzeduna).
 

Ricardo Blanco, Turismo Jasangarriaren Ataleko burua Espainiako Gobernuko Turismoko Estatu Idazkaritzan. Hotel establezimenduei laguntza ematea jasangarritasuna lortzeko. Zenbait produkturen kluba, sustatzeko jasangarritasuna produktu turistikoetan txertatzea, prestakuntza, plangintza, etab. Helmuga jasangarri eta adimendunen sare bat eratzea.

Nafarroan:

Maitena Ezkutari, Nafarroako Gobernuko Turismo eta Merkataritzako Zuzendari Nagusia.
Nafarroako Turismoaren 2020-2022ko Ekintza Plana, oinarri duena lehenagoko Plan Estrategikoa, egoera berriari erantzuna eman aurretikoa, baina helburu duena Nafarroa indartzea helmuga jasangarri gisa, bat eginez Garapen Jasangarrirako Helburuekin eta Espezializazio Adimentsuaren Estrategiarekin.

Paco Irizar, Ruralsuite Hotel Apartamentos eta Activa Experience delakoaren zuzendaria.
Turismo jasangarri eta inklusiboaren kontzeptu berritzailea, kalitatea eta esperientzia estetikoa zaintzen duena, pertsona guztientzat, zein den ere bakoitzaren mugikortasun maila, eta ingurumen irizpideak kontuan harturik (biomasa, euri urak biltzea, olioaren ekoizpen ekologikoa eta ibilgailu elektrikoak, beste neurri askoren artean).

Naia Sánchez Carballo, Urrobi Kanpineko front desk eta community managerra. Kanpin hau energia berriztagarrietan oinarriturik dago, eta tokiko garapena sustatzen du. Adibidez, auto elektrikoak kargatzeko puntu bat dauka (eskualdean dagoen bakarra), eta konpostagailuak, inguruko ibarretako herritarrek lan egiten dute hemen, eta mugikortasun urriko pertsonendako bungalowak daude.

Maxux Goñi Otxandorena, Arras Baztan fundazioko lehendakariordea eta Markulluko Borda Rural Suites delakoaren jabea. Landa turismoa, ingurumen irizpideetan oinarritua, eta sustatzen duena Baztango kultura, hizkuntza eta bizimodua ezagutzea, baita tokiko produktuak ezagutzea ere, eta lankidetzan aritzea garapen ekonomiko jasangarri baten alde.

Katrin Setuain, Guiarte Servicios Turísticos enpresako bazkide kudeatzailea. Kultura eta ondare turismoa, jasangarritasun eta irisgarritasun irizpideei jarraitzen diena, eta norberari egokitua. Prestakuntza, konfinamendua arintzeko fasean, lan ildo horiek indartzeko, eta lankidetza erakunde publiko eta pribatuekin.

Biktor Andueza, Pirenaicako zuzendaria. Hausnarketa, plangintza eta berrikuntza, berriz planteatzeko beren jarduera, Pirinioetan izaten diren txirrindularitzako ekitaldi handietan oinarriturik dagoena. Ekitaldia bilakatzea turismoko produktu jasangarri. Turismo jasangarriaren alde egiten du, 365 egunetan norberari egokituriko esperientziak eskaintzeko, baita birtualizazioaren alde ere.
 
Jon Garai Vales, Ekoalde Elkartearen koordinatzailea. 60 ekoizle ekologiko baino gehiago, beren balioak transmititzen dituztenak ,eta jakin dutenak nola egokitu eta nola sartu online merkatuan; orain, Nafarroan saltzeaz gainera, Frantzian ere merkaturatzen dituzte beren produktuak.

Latinoamerikan:

Beatriz Elena Araque Tobón, Medellíngo (Kolonbia) Corporación Parque Arvi erakundeko zuzendari exekutiboa. Komunitate turismoa, ingurune natural ireki eta babestu batean, eta han bizi den komunitatea barnean duena. Giza garapena, tokikoa eta jasangarria, eta Kolonbiako Turismoaren Ministerio-ordeak emandako aitorpena dueña.

Juan Carlos Flores, Peruko Andean Lodges delakoaren kudeatzaile nagusia. Mendi turismoa, llamak hazten dituzten abeltzainen komunitate batean. Bertakoak diren eta prestakuntza egokia duten profesionalek kudeatzen dituzte horko aterpetxeak, eta era jasangarrian garatzen da hango komunitatea, zeina enpresako bazkide nagusia baita, kultura tradizionala alde batera utzi gabe.