Aviso Aviso
Koronabirusari aurre egiteko pixkanaka hartzen ari diren neurriak direla eta, programatutako ekintza eta jarduera asko aldatu edo bertan behera uzten ari dira. Beraz, atarian argitaratutako edozein eduki egiaztatzea gomendatzen dugu.
KoronabirusaNafarroa-ri buruzko azken berriak jarrai ditzakezu web atari honetan: http://koronabirusa.nafarroa.eus
Berriak

2020ko eka. 05ko prentsa-oharra

Nafarroako turismoaren sektoreak 139,88 milioi euro sartzeari utzi dio martxoa eta maiatza bitartean, COVID-19ren krisiagatik

Sektoreari egindako inkesta batek, 800 enpresa eta establezimendu inguruk erantzun diotenak, pandemiaren eragina islatu du, azken honek fakturazioa hamar negoziotik zortzitan %90 murriztu baitu



Nafarroako Behatoki Turistikoak kalkulatu duenez, sektoreak 139,88 milioi euro jasotzeari utzi dio martxoa eta maiatza bitartean, COVID-19ren pandemia dela eta, Foru Komunitatera  etorri ez diren nazioarteko eta Estatuko turisten falta dela eta.

Diru-sarrerarik gabe fakturazioa %90 jaitsi da establezimendu askorentzat, eta, ondorioz, horien bideragarritasuna arriskuan geratu da, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak egindako inkestaren arabera; parte-hartzaileen %54ak ezingo du bi hilabete baino gehiago iraun egoera ekonomikoa hobetzen ez bada.

Gauzatu gabeko 139,88 milioi euroko gastu zenbatetsitik, 85,27 milioi estatuko turistetatik etorriko ziren eta beste 54,61 milioi atzerriko turistetatik. Apirila, Aste Santua tartean izanik, hilabete kaltetuena izan da, 65,7 milioi euro gastatuko baitzituzten turistek COVID-19aren pandemia izan ez balitz. Martxoan, berriz, erregistratu gabeko sarrerak 28,16 milioi eurokoak izan ziren, lehen hamabostaldian oraindik ere nolabaiteko jarduera turistikoa burutzeagatik. Maiatzean, ordea, egin gabeko gastua 46,02 milioikoa izan da. Sektore turistikoari egindako inkestak datu horiek berresten ditu.

Batez ere ostatuak

Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak maiatzaren lehen hamabostaldian egindako inkestan turismo-sektoreko 791 enpresak hartu zuten parte; hala nola, ostatuek, bidaia-agentziek, turismo aktibo eta kulturaleko enpresek, eta kafetegiek, taberna eta jatetxeek eta aisialdiko eta entretenimenduko jardueren enpresek. Hala ere, erantzuna emandakoen %74 ostatuak dira, eta, zehatzago esanda, hamarretik lau landa-etxeak, eta, jarraian, apartamentuak (%36), hotelak (%13) eta aterpetxeak (%8) daude. Gainera, kontuan izan behar da parte-hartzaile gehienak (%80) landa-eremuetakoak direla. Inkesta egindakoen %60arentzat, jarduera turistikoa diru-sarrerak lortzeko iturri nagusia da.

Eskaintza turistikoa neurtzeko lan hau Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiak sektore turistikoarekin egindako parte-hartze lanaren barruan sartzen da, eta, era horretan, Turismoko Ekintza Plana 2020-2022 egin dute, ekarpenen hasierako prozesuan erakundeek burututako lehen eskaera bati erantzuna ematearren.

Erantzunak kontuan hartuta, diru-sarrerak nabarmen jaitsi zaizkie. Aurtengo martxoaren 14tik apirilaren 15era bitarteko denboraldia iazkoarekin alderatuta, hamar enpresatatik zortzik onartzen dute haien fakturazioa %90 eta %100 artean erori dela. Galerak funtsean aldatzen dira negozioaren tamainaren arabera. Modu horretan, inkesta egindako enpresen erdiak aitortzen du 1.000 eta 5.000 euro arteko galerak izan dituela, eta kopuru hori %13 jaisten da 5.000 eta 10.000 euro artean galdu dituztenentzat eta %14ra 10.000 eta 30.000 euro arteko galderak izan dituztenentzat. Gainera, negozioen %2ak 100.000 euro baino gehiago jasotzeari utzi dio batik bat ekainerako, uztailerako eta abuzturako jada kontratatutako zerbitzuak bertan behera geratzeagatik.

Diru-sarrerarik ez izateak eta zalantzazko etorkizunak kasuen %54an aurreikusitako inbertsioak ere gerarazi egin ditu, inkesta egindakoek aitortu duten moduan. Enpresek 11 bat milioi euro erabiltzea aurreikusita zuten zerbitzuak eta azpiegiturak hobetzeko. Kasuen %46an, inbertsioak 10.000 eurotik gorakoak izango ziren. Orain, ordea, galdetutako enpresen %45ak inbertsio-planak egiteari uko egin dio eta beste %30 zalantzan aurkitzen da. Inbertsio horiek ez egiteak arriskuan jarriko luke negozioen %55aren bideragarritasuna, inkestatik ondoriozta daitekeen moduan.

Aldi baterako itxierak eta ERTEA

Inkesta egindako enpresen %80ak baino gehiagok aitortu du asko kaltetu dituela COVID-19aren krisiak, eta %73ak neurri bereziak aplikatu behar izan ditu egoerari aurre egiteko. Zehazki, %65ak aldi baterako itxi zituen negozioak, eta %27ak autonomoentzako subsidioari heldu dio eta plantillari aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak (ABEEE) aplikatu dizkio.

Era berean, sektorearen zati batek kredituetara jo behar izan du (%14), kontratatuta zituen maileguen baldintzak berriz negoziatu behar izatearekin batera (%10). Beste %9ak alokairuaren ordainketak edo hornitzaileenak atzeratu behar izan ditu.

Beraz, sektorearen kezka nagusia da egoera hau zenbateraino luzatuko den jakitea. Gainera, inkesta egindakoen %54ak aitortu du ezingo duela egoera hori jasan uztailetik haratago. Beste %16ak dio hiru hilabete iraun ahal izango dituela. Horien aurrean, aldiz, enpresen %20ak uste du urritik haratago irauteko konfiantza duela, haien zerbitzuen kontsumoa eta eskaria berraktibatzen ez bada ere.

Enpresa unipertsonalak edo mikroeteak

Neurri handi batean, negozioaren iraupena tamainaren araberakoa da. Gauza da sektore horretan nagusi direla pertsona bakarreko enpresak (inkesta egindakoen %50) eta mikroeteak, 5 langile baino gutxiago dituztenak (%34). Enpresen %1ek baino ez ditu 25 langile baino gehiago. Gainera, nahiz eta gehienek plantilla goi-denboraldian indartu, kasu askotan langile autonomoekin edo norberaren konturako langileekin egiten da.

Zati batean, datu horiek bat datoz inkestari erantzundako establezimenduen %40ak onartzen duelako haien negozioak diru-sarreren jarduera osagarri direla, hotelez kanpoko ostatuak izateagatik, gehienak landa-etxeak eta apartamentu turistikoak. Horietako gehienentzat (%93), haien enpresa haien diru-sarreren erdia baino gutxiago da, eta 10etik 6rentzat diru-sarreren %30 baino gutxiago.

Sustapenerako laguntza

COVID-19ak eragindako egoeraren ondoren jarduerari eusteko, inkesta egindako enpresek ahalegin handia egiten ari dira komunikazio eta sustapen lanetan. Ildo horretan, %45ak dio era horretako neurriak aplikatu dituela sare sozialen, telefonoaren edo plataforma digitalen bitartez. Horrez gain, beste %33ak bezeroak leial egiteko formulak bilatu ditu. Eta horri guztiari sektoreko enpresen elkarteekin eta federazioekin egindako lankidetza-lana gehitu behar zaio, krisia gainditu ahal izateko erremintak garatzearren.

Hala ere, inkesta egindakoen zati handienak laguntza eskatzen dio Foru Exekutiboari, negozioa jarraipena sustatzeko. Lau enpresatatik batek finantzaketarako laguntza ekonomikoak jartzea eskatzen du. Eta horri lan eta finantza arloan laguntza eta aholkularitza ez ezik, Internetera sartzeko banda zabala/zuntz optiko bidezko sarbidea izatea eta Nafarroako geografia osoan mugikorrentzako estaldura ona izatea ere eskatzen duen beste %16a gehitu behar zaio, azken hori funtsezkoa baita bezeroei kalitatezko zerbitzu turistikoa eskaintzearren.

Eskaera horiek alde batera utzita, segurtasun, higiene eta distantziamendu sozialeko protokoloak sortzeko eta ezartzeko eta, ondorioz, horiek bermearekin burutu ahal izateko langileak prestatzeko laguntzak ere eskatzen dituzte.

Eskaera horiei erantzuna emateko, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiak Turismoko 2018-2025 Plan Estrategikoa egoera berri honetara egokitu du, zenbait talka-neurri lehenetsiaz; esate baterako, on line prestakuntza, zalantzak argitzeko arreta-telefonoa eta posta elektronikoa abian jartzea eta informazio-buletinak etengabe argitaratzea. Halaber, Turismoko On Line Jardunaldiak egin dira, eta, horietan, protokoloak, berrikuntza, produktuaren egokitzapena eta Done Jakue Bidearen garrantzia bezalako gaia estrategikoei buruzko gogoeta egin da. Horrez gain, laster abian jarriko da komunitateen artean mugikortasuna irekitzeko aurreikusitako komunikazio-kanpaina.