Aviso Aviso
Koronabirusari aurre egiteko pixkanaka hartzen ari diren neurriak direla eta, programatutako ekintza eta jarduera asko aldatu edo bertan behera uzten ari dira. Beraz, atarian argitaratutako edozein eduki egiaztatzea gomendatzen dugu.
KoronabirusaNafarroa-ri buruzko azken berriak jarrai ditzakezu web atari honetan: http://koronabirusa.nafarroa.eus
Berriak

2020ko eka. 04ko prentsa-oharra

Sektore anitzeko elkarlana eta partaidetza I+G+b sisteman, Nafarroako turismo-sektoreak bere berrikuntza-ahalmen handia garatu dezan

Nafarroako turismo-sektoreak berrikuntzarako ahalmen ikaragarria du eta COVID-19aren eraginez gaitasun hori azkarrago garatzen ari da pandemiaz haratagoko eraldaketa sortuko duten produktu, zerbitzu eta esperientzien bitartez. Nafarroako II. Turismo Jardunaldietan, atzo, hainbat proposamen ezagutarazi ziren, hala nola material bioziden erabilera eta nanoteknologiaren aplikazioa higienean, prozesuen automatizazioa eta digitalizazioa, segurtasunaren kudeaketa, produktu turistikoen alorreko berrikuntza-laborategien garapena, marketplace espezializatuak eta helmuga tematikoak sormen industriekin batera, online zerbitzu gastronomikoen garapena eta errealitate birtuala.



Nafarroako II. Turismo Jardunaldiko partaideak

Partaide guztiek aho batez adierazi zuten Nafarroak toki ona duela alorrean, turismo-sektorea, arras profesionala izateaz gain, ideia berrietara zabalik dagoelako, noiz eta geure burua berrasmatzea ezinbestekoa den garai honetan.
Horrenbestez, online egindako jardunaldian bildu ziren koronabirusaren inpakturako konponbide praktikoak dituzten enpresa teknologikoak, ikerketa zein garapen agenteak eta turismo arloko profesionalak, turismo-sektorearen eta I+G+b nafar sistemaren arteko topa-bideak eta harreman-bideak sortzeko. Ildo horretan Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak berrikuntzari buruzko lantalde bat abiarazi du turismo-sektorearekin. Ekintza horiek Nafarroako Turismoaren 2020-2022ko Ekintza Planaren barnekoak dira.
Jardunaldi guztia eskura dago online:  https://youtu.be/_-qScft9vow

Topaketari hasiera eman zioten Maitena Ezkutarik, Nafarroako Gobernuko Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusiak, eta Alberto Ecayk,Turismoaren Plangintza eta Berrikuntza Zerbitzuko zuzendariak, zeina moderatzaile aritu baitzen . Jardunaldian Agurtzane Martinez Ortigosak ere parte hartu zuen, Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Berrikuntzako zuzendari nagusiak.

Turismoari aplikaturiko industria-berrikuntzaren atalean honako hauek jardun ziren: Rocío Santos, NOB166ko marketin-arduraduna; Jesús Ostiz, Ostiz Audiovisuales-eko merkataritzako teknikaria; Carlos Andrés Montenegro, Euno Display-ko salmenta- eta marketin-arduraduna; Jesús Villadangos Alonso, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle titularra eta Juan Ramón de la Torre, ADItech fundazioko zuzendari nagusia. Beste partaide hauek, berriz, turismo-sektorerako proposamen berritzaileak ekarri zituzten: Ali Urrosolo, Hotel Rural & SPA Atxaspi-ko zuzendaria; Martín Iturri, Agoizko Beti-jai eta Taberna Cocotte-ko bazkidea eta sukaldeko burua; Eugenio Tardienta Araiz, Acedo kanpinekoa, eta Karlos Agirre, ANARTUko lehendakaria.

Hona hemen saioan parte hartu zutenen ideia nabarmenetako batzuk:

-Funtsezkoa izanen da alor publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana. Lankidetzan aritzera eta konponbideak elkarrekin bilatzera animatu zituzten bai turismo-sektorea, bai teknologikoa.
-Pandemia azkartzen ari da gehigarri bioziden (bakteria eta birusak ezabatzen dituzten osagaien) aplikazioa, baita irtenbide nanoteknologikoen ezarpena ere. Bai enpresek eta bai I+G+b zentroek indartu beharreko ildoa da hori eta Nafarroa erreferentea da alor horretan.

-Gure artean geldituko dira komunikazio digitaleko eta edukiera-kudeatzeko sistemak eta kamera termografikoak, eta turismo-sektorearen premietara egokitzen ahal dira.

-Nafarroa helmuga aitzindaria izan da turismo zinemagintzari loturiko turismo merkatua arautzen. Aukera paregabea da produktu berritzaile bat sortzeko turismo-sektore publiko-pribatuak eta sormen industriek batera lan eginez gero.

-Pandemiaren ondorioz balioetsi egin dira profesionalaren ahalegina, tokiko produktuak eta hark sortzen duen konfiantza. Jendeak eskertzen du berrikuntzak bertako balioetan oinarrituta egotea eta gure indarrak sendotzea.

-Ateratzeko beldurra dago eta gogo ikaragarria ere bai. Hortaz, funtsezkoa da konfiantza sortzea. Turismo-sektoreko partaideek adierazi zuten baikorrak direla egoera katramilatsua izanda ere. Erreserbak suspertzen ari dira eta nafarrak ere ari dira turismo-jarduerak eskatzen.

-Berrikuntzaren kultura funtsezkoa da, baita arinak izaten jakitea ere: egoeraren diagnostikoa egitea, norberaren dohainak aztertzea (okertzeko beldurrik gabe) eta saiatuak izatea. Lankidetza areagotzea eta osagarritasuna bilatzea (baliabideak, zerbitzuak eta produktuak partekatzea).

-Nafarroa aitzindaria da bere Zientzia eta Teknologiari buruzko Foru Legeagatik eta bere I+G+b sistemaren konfigurazioagatik. Turismo-sektorea eta sormen industriak hartan sar daitezen garaia da.

-Teknologia-zentroek I+G+b proiektuak garatzeko oraingo deialdian berariazko zuzkidura bat gehitu da turismo-sektorearekin zerikusia duten ekimenetarako.

Hauek dira Nafarroan turismo arloan aurkeztu diren jardunbide egoki berritzaileetako batzuk:

Ali Urrosolo, Hotel Rural & SPA Atxaspi-ko zuzendaria: Establezimenduaren parte bat berrikuntza turistikorako laborategi bihurtzea coliving eta guzti. Cinema.travel abiaraztea, zinema-bidaien merkatu berrirako.

Martín Iturri, Agoizko Beti-jai eta Taberna Cocotte-ko bazkidea eta sukaldeko burua: Arrozen eta produktu nafarrekin prestatutako jakien etxez etxeko zerbitzua konfinamenduaren hasieratik, bezero bakoitzaren inguruabarretara egokitua.

Eugenio Tardienta Araiz, Acedo kanpina: online erregistroa eta kanpinetako edukiera kontrolatzeko sistema automatizatua kanpinetan.

Karlos Agirre, Itsaslur talde turistikoko zuzendari exekutiboa eta Anartuko lehendakaria: Talka-plana eta elkarlana bilatzea konfinamenduak iraun bitartean premia berrien araberako turismo proposamen berritzaileak prestatzeko.


Jesús Villadangos Alonso, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle titularra: Morroi birtuala gida profesionalari laguntzeko eta mapaketa ondare-inguruetan.

Laburbilduz: Berrikuntza teknologia baino anitzez gehiago da. Kontua da sektore anitzek batera lan egitea eta alor publikoaren eta pribatuaren arteko sinergiak bilatzea Nafarroa erreferentziazko helmuga izan dadin segurtasunean, konfiantzan eta bizipen berritzaileetan.