Berriak

2020ko urt. 24ko prentsa-oharra

Chivite Lehendakariak turismoak Nafarroan hazkunderako duen potentziala nabarmendu du

Nafarroaren Eguneko ekitaldi instituzionalaren buru izan da ostiral honetan FITURren, eta jarduera horrek lurraldearen “ardatz egituratzaile” gisa duen garrantzia azpimarratu du



Nafarroaren eguna ospakizuna Fiturren

Maria Chivite Nafarroako Lehendakariaren iritziz turismoak hazteko potentziala izaten jarraitzen du Foru Komunitatean, azken urteotan gorakada handia izan duen arren, eta jarduera horrek lurralde osoko “eragile egituratzaile” gisa duen garrantzia nabarmendu du.

Maria Chivite izan da Nafarroaren Eguneko ekitaldi instituzionaleko buru egunotan Madrilen egiten ari den Nazioarteko Turismo Azokan (FITUR) dagoen Foru Komunitatearen pabiloian. Bertan izan dira Manu Ayerdi Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilaria, Itziar Gomez Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria eta Rebeca Esnaola Kultura eta Kirol kontseilaria. Ekitaldian izan dira Pilar Llop, Senatuko Lehendakaria; Reyes Maroto; Unai Hualde, Nafarroako Parlamentuko Lehendakaria, Jone Belarra Agenda 2030eko Estatuko Idazkaria, eta Nafarroako diputatu eta senatariak zein parlamentariak. Gainera, bestelako arduradunak, gonbidatuak eta Nafarroako turismo arloko adituak izan dira.

Lehendakariaren hitzaldia

Lehendakariak gogorarazi duenez, turismoa Nafarroako aktibo estrategikoetako bat bihurtu da, S-3 Espezializazio Adimenduneko Estrategian aitortzen den bezala. “Balio horren zati handi batek zeharkakotasunarekin du zerikusia –azpimarratu du–. Esanahi guztiz garaikidearekin, turismoak interes eta garrantzi handiko esparru eta aldagai multzo osoa bateratzen du. Ondarea, kultura, tokiko produktuak, natura, paisaiak eta jendea uztartzen eta erlazionatzen ditu”.

Eta, alde horretatik, agerian utzi du turismoak Foru Komunitatearentzat duen garrantzia, elementu egituratzaile gisa, “Iparraldetik hegoaldera, mendebaldetik ekialdera, zubiak, sinergiak eta istorioak sortzeko era berria da”. Hori dela eta, “gure aniztasunean ingurunearekin eta bizimoduarekin elkartzen gaituzten” txokoak eta esperientziak deskubritzen jarraitzeko deia egin die nafarrei.

Era berean, pozik agertu da sektoreak sortzen duen enplegua eta jarduera ekonomikoa direla eta, eta sektorearen lana eskertu du. Baina, esan duenez, horrek etengabeko hobekuntzarako erronka ere badakar. Nafarroak, 2030 agendaren helburuak errespetatuko dituen “slow turismoaren” bitartez eginen dio aurre erronka horri. “Eskaintzak bereizten gaitu, baina baita kalitateak eta autoexijentzia, berrikuntza eta inbertsioa uztartzen dituen gauzak egiteko modu batek ere, kontu handiz eta sustraiei eutsiz”, adierazi du.

Azkenik, FITURren egoteko aurten aukeratu den leloa aipatu du: “Nafarroa, bost garai, bost urtaro”. Esan duenez, “oso ondo islatzen du nolakoak garen: urte osoan eskaintza turistikoa duen lur anitza, baina elementu ukiezinak dituen bosgarren urtaro bat ere eskaintzen duena, gure izaera eta soziabilitatea, besteak beste”.

Bestalde, Manu Ayerdi kontseilariak agerian utzi du Nafarroa lurralde berezia dela, eta bertan naturak, kulturak eta paisaiak urte osoan zehar beste mota bateko turismoaren erakargarritasuna ematen dutela. Baina elementu ukiezinak ere baditu, “ukitu ez arren, bizitzen direnak”, esan duenez, eta horiek “gure indar handia, eta baita gure erronka handia ere, osatzen dute”.

Nafarroako lau kontakizun eta lekukotza bat

Ekitaldian, Nafarroako tokiei eta pertsonei buruzko lau kontakizun ere entzun dira, bertze hainbertze narratzailek kontaturik. Horrela, Santiago Lesmesek eta Santiago Llorentek Iruñeko eta Tuterako istorioak eta tokiak aurkeztu dituzte, hurrenez hurren; Jon Teusek Erdigunekoak kontatu ditu, Done Jakue bideari eta izarren behaketari protagonismoa emanez; eta Beatriz Ruiz de Larrinagak Baztango haranekoen berri eman du, Dolores Redondok idatziriko Baztango Trilogiaren eskutik.

Bestalde, Iker Vicente Otsagabiako aizkolariak, bere lekukotza aurkeztu du, kirol minoritario baten eta Pirinioetan bizitzearen alde egin duen, eta, aldi berean, iaz Australian egin zen kirol diziplina horretako nazioarteko txapelketan Nafarroa sustatu zuen gazte baten lekukotza, alegia.

Ekitaldia bukaturik, Cristina Ramosen musika emanaldiak alaituta, Cadreitako Marisol jatetxeak prestaturiko Foru Komunitateko produktu gastronomikoen dastaketa eskaini da.

Nafarroaren presentzia zine eta osasun standetan

Ekitaldi instituzionalaren aurretik, Nafarroaren presentzia duten zine eta osasun standak bisitatu ditu Lehendakariak.

Zine pabiloian CLAVNA dago, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Klusterraren elkartea. 2017ko urtarrilean eraturiko irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta ikus-entzunezkoen industria-sektoreari erantzun profesionala eta asmo handikoa eman nahi dio, Espezializazio Adimenduneko Nafarroako Estrategiaren esparruan. CLAVNAk ikus-entzunezko sektorean zuzeneko eragina duten eta Nafarroa nazioarteko ikus-entzunezko panoraman sartuko duten proiektuen, finantzatzaileen, inbertsioen eta prestakuntzarako proposamenen bide izan nahi du. Sektoreko elkarteak, sozietateak, fundazioak edo federazioak biltzen ditu.

Bestalde, Osasun turismoaren standa Nafarroako Health Tourism klusterrak kudeatzen du. Turismo jasangarriaren eta osasun-laguntzaren estrategia diseinatzeko eta ezartzeko tresna da. Lankidetza publiko-pribatuarekin, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Udala eta osasun, ostalaritza eta bainuetxe eta garraio sektoreetako eragile pribatuak daude bertan.
Egun bereko albisteak ikusi