Berriak

2020ko urt. 17ko prentsa-oharra

Nafarroak FITUR 2020 ferian bosgarren urtaroa aurkeztuko du, herrialdeak urte guztian zehar eskaitzen duen aparteko esperientzia eta bakarra

Zikloturismoa eta gastronomia, natura eta kulturarekin batera, izango dira protagonistak Nafarroak datorren asteazkenean “Nafarroa 5 garai, 5 urtaro” ekitaldiaren baitan ezagutzera emango duen erakustokian



Nafarroako erakustokia alboetatik.

Nafarroak FITUR 2020 azokan bosgarren urtaroa aurkeztuko du, herrialde bakarra non naturak, kulturak eta paisaiak urte guztian zehar turismo bereizia egiteko aukera eskaintzen duen. Zikloturismoa eta gastronomiak izango dira protagonista bosgarren garai edo bosgarren urtaroan, zeinak lotura duen, “gure bizimoduarekin,, kontatzeko eta ezagutzera emateko dugun modu bereziarekin; sentsazioz beteriko erreinua deskubritzeko aukera eskainiz”, Manu Ayerdi kontseilariak aurreratu duen moduan.

Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilaria den Manu Ayerdik eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia den Maitena Ezkutarik gaur goizean aurkeztu dituzte Nafarroako standa eta programazioa FITUR azokan; aurten, goiburua ondorengoa izango du: “Nafarroa 5 garai, 5 urtaro / Navarra 5 tiempos, 5 estaciones”. Horrez gain, 2019an Foru Komunitateak izandako bisitari-kopuruari buruzko datuak eman dituzte biek.

FITUR azokaren ekitaldiei hasiera emateko, berriak, eskaintzak eta esperientziak aurkeztuko dituzte urtarrilaren 22an (asteazkena), 13:00ean, “Nafarroa 5 garai, 5 urtaro” ekitaldian. Nazioarteko Turismo Azoka Madrilen egingo da urtarrilaren 22tik 26ra. Nafarroaren Eguna urtarrilaren 24an izango da, eta asteburuan ateak irekiko dituzte publikoarentzat oro har.

Negua, udaberria, uda eta udazkena urtaro tradizionalei Nafarroak bosgarrena gehitu die, izaerarekin zerikusia duen hura, kontatzeko, begiratzeko eta aurkitzeko, partekatzeko eta ingurunearekin sortzeko modu berezia. “Ukiezina dena jasotzen du, berezi eta bereizten gaituen guztia: bizi-kalitatea, gure jendearen soziabilitatea, gure zaporeak, gure kultura, paisaiak, historia, tradizioak eta hizkuntza,…”, azaldu du Ayerdik, eta, era berean, “bisitariari sentsazioen erresuma sentitzeko, azken finean Nafarroan bizitzeko aukera eskainiko diogu”, erantsi du.

Bosgarren urtaroaren helburua da turismoari urtarokotasuna kentzea, ingurumen, gizarte eta ekonomia aldetik iraunkortasunean aurrera egiteko eta urtaro guztiak hartzen dituzten zeharkako jarduerak eskaintzeko asmoarekin. Esate baterako, negua, Larra Belaguan edo Irati-Abodin eski nordikoa egiteko garaia izateaz gain, inauteri, sagardotegi edo hoteletako eta landa-etxeetako tximinien berotasunaren garaia ere bada. “Natura, kultura eta paisaia erakargarriak dira turismo bereiziarentzat. Horiez urte osoan zehar gozatzeaz gain, esperimentatu ere egin ditzakegu gure lurralde osoan zehar”, azaldu du Maitena Ezkutarik.

Helmuga naturala eta askotarikoa

FITUR azokaren edizio honetan, Nafarroak 500 metro karratuko gunea diseinatu du, Nafarroa helmuga natural moduan eta kulturalki askotarikoa bezala islatzeko; hau da, bertako biztanleekin oraindik ere elkarreragitea posible den helmuga, esperientzia aberasgarria.

Standan forma modernoekin eta garbiekin jokatu dute, zurezko ehundura naturalagoak dituzten akaberak gehituta, tartean formatu handiko irudi argitsuak jarriaz. Horren guztiaren xedea da iraunkortasunean erreferentea den helmuga bilakatzeko bidean dagoen lurraldea erakustea.

Bisitariak, lehendabizi, harrera instituzionaleko zona aurkituko du, erakusmahai orokorrarekin, jende gehien dabilen korridorearen ondoan. Zona instituzionalaren alboan, berriz, aurkezpen-gune bat ere badago, eta, bertan, 5 metroko altuerako egitura jarri dute, balio anitzeko eszenatoki gisa erabiltzeko (hitzaldiak, aurkezpen gastronomikoak,…).

Horrez gain, 2 metroko luzerako 4 erakusmahai jarri dituzte zona espezializatuetarako. Nafarroan inspiratutako erakusmahai horiek altuera handiko enborrekin lotu dira, bizikleta batean “food truck” moduan integratuta, gastronomia eta zikloturismoa batuaz, 2020ko FITUR azokan Nafarroaren protagonistetako bi alderdiak.

Standa IFEMAko azoka-barrutiko 9. pabiloian kokatuko da. Standa egitea eta muntatzea Zunzarren enpresari esleitu zitzaion 168.949,88 euroren truke. Hori bera urte osoan zehar egingo diren beste lau azokatarako egokituko da: Navartur Iruñean, B-Travel Bartzelonan, Expovacaciones Bilbon eta INTUR Valladoliden.

Stand nagusiaz gain, Nafarroak beste bi stand izango ditu Fitur Health (osasun-arloko turismoa) eta Fitur Screen (zinemaren turismoan oinarritua) espazioetan. Stand horiek Osasun Turismoko klusterrak eta Nafarroako ikus-entzunezko klusterrak, CLAVNAk, kudeatuko dituzte, hurrenez hurren.

Nafarroaren Eguna

Turismo, Kontsumo eta Merkataritzako Zuzendaritza Nagusiak jarduera-sorta zabala prestatu du sektore turistikoaren adar ezberdinetarako. Nafarroako stand instituzionalaren ekitaldi nagusia ostiralean, hilak 24, izango da, Nafarroako Egunaren ospakizunarekin. Foru Komunitateko Lehendakari María Chivite egun horretako ekitaldi instituzionalaren burua izango da, eta harekin batera egongo da Garapen Ekonomikoaren eta Enpresarialaren kontseilaria, Manu Ayerdi. Ekitaldiaren ondoren, Nafarroako produktuak dastatuko dira.

Urtarrilaren 22an, asteazkenean, Nafarroako natura-arloko turismoaren mahaia egingo dute, Ederbidea proiektua aurkeztearekin batera.

Urtarrilaren 23an, ostegunean, berriz, gastronomia eta kultura landuko dituzte. Modu horretan, 12:00etan, gastronomiari buruzko gaikako mahaia egingo dute, elkarte eta erakunde ezberdinetako ordezkariekin, eta arratsaldean, turismo kulturala jorratuko dute, honako hauek bezalako proiektuak aurkeztuaz: zuzeneko musikaren Erresuma, Iruña kultura da, Iruña musika da edo Uxue bezalako herri enblematikoetako esperientzia turistikoak.

Lehen hiru egun horiek profesionalentzat izango dira, eta standa nahiz programa lankidetza publiko-pribatuaren emaitza dira. Gobernuaz gain, protagonista nagusiak lurraldeko agente turistikoak izango dira. Gogoratu behar da iaz guztira 437 topaketa profesional egin zirela azokaren lehen hiru egun horietan. Profesionalek 223 topaketa egin zituzten Nafarroak FITUR azokan zuen stand propioan eta beste 214 azokaren beste standetan. Horietatik guztietatik %22 ostalaritza, hotel, ostatu eta cateringen sektorekoak dira, eta, ondoren, elkarte profesionalak daude (%10).

Asteburuan, oro har publikoari zuzendutako jarduerak egingo dira; esate baterako, Nafarroako produktuen dastatze-ekitaldia edo akelarre baten antzezpena.

Dastatzea, bizikletan ibiltzea eta bizitzea

Standaren gai nagusiarekin bat datozen hiru liburuxka berri aurkeztuko ditu Nafarroak FITUR azokan: Nafarroa dastatzea, Nafarroa bizikletan eta Bizi Nafarroa.

Nafarroa dastatzea liburuxkan, tokiko gastronomiaren eskaintza zabala jasotzen da, lehengaien eta produktuen kalitatean oinarritua. Nafarroa bizikletan, bisitariak gida bat kontsultatu ahal izango du Foru Komunitatean bizikletan ibiltzeko urteko edozein urtarotan; beraz, lurraldean zehar ibiltzeko modu iraunkorra eta atsegina da, paisaiaz, kulturaz eta jendeaz gozatuaz. Azkenik, Bizi Nafarroa liburuxkan, era guztietako bidaiarientzat eta urteko lau urtaroetarako proposamen turistikoak jaso dira, gure lurraldean tokiko komunitatearen inguruan bizi daitezkeen esperientzia naturaletan, gastronomikoetan eta kulturaletan oinarrituta.

2019, urte errekorra

Nahiz eta behin betiko kopuruak oraindik ez itxi, Ayerdi kontseilariak aurreratu du 2019an erregistratutako datu turistikoen balantzea “oso ona” dela. Azarora bitarte lortutako erregistroak kontuan hartuta, 2017ko turisten kopuruak gainditu dira; hortaz, errekorra hautsi dela esan daiteke. Modu horretan, urtearen lehen 11 hilabetetan, turisten kopurua %1,6 igo da, gau-kopurua %5, eta batez besteko egonaldia %3,4 gehitu da, aipatu erreferentzia-urtetik.

2019ko azarora bitarte, Nafarroan araututako establezimendu turistikoetan 1.388.327 turista bildu ziren, 2018an baino %4,1 gehiago. Gau-igarotzeak %5,2 igo ziren, eta 3 milioi gau baino gehiago fakturatu ziren: guztira 3.096.102 gau.

Hileko batez besteko egonaldia ere %1,1 gehitu zen 2018ko denboraldi berarekin alderatuta; hots, pertsona bakoitzeko 2,23 gau batez beste.

Halaber, ostatu-plazen eskaintza gehitu egin da, hilean batez beste %8,5; alegia, hilean batez beste 32.711 plaza zeuden.

Nafarroako barne-turismoa hazkundearen motore nagusietariko da. Nafarroa gehiago autobisitatzen da: bisitarien jatorri-puntua da, 2018arekin alderatuta gehien hazi dena (%15); jarraian, Euskal Autonomia Erkidegoa dago, %10eko igoerarekin. Euskadik (turista-kopuru osoaren %15a) eta Madrilek (%13a) Nafarroako Turismoaren kala nagusiak izaten jarraitzen dute.

Bisitarien datuak hobetzearekin, lan-merkatua ere hobetu egin da, afiliazioak %3,6 gehitu baitira 2018tik hona, eta hilean batez beste 18.809 lanpostu izan dira, ostatatze, janari eta edari, bidaia-agentzia eta operadore turistikoen zerbitzuen artean. Lanpostuak batez ere femeninoak dira, afiliazioen %63,10 izatera iritsi baitira.

Datu horiek guztiak, beste askoren artean, Nafarroako Behatoki Turistikoan aurkitu daitezke. Bestalde, Excelturrek egindako “2019ko Balorazio Turistiko Enpresariala eta 2020rako aukerak” izeneko txostenean, berriro esaten da barneko helmugek lortuko dutela etekin gehien hurbileko eta atzerriko turismoaren dinamismoarengatik, naturarekin eta kulturarekin loturiko esperientziak bilatzen baitituzte. Autonomia Erkidegoka, Nafarroa hazkundea izateko aukeraren buruan aurkitzen da %3,2arekin, eta, jarraian, Extremadura dago, %2,1arekin.