Berriak

2019ko aza. 15ko prentsa-oharra

Kaxarnako pasabidea jarri dute Imotz eta Irurtzun artean, Ederbidea mugaz gaindiko proiektuaren bizikletazko ibilbidea egokitzeko

Manu Ayerdi sailburua eta Maitena Ezkutari zuzendari nagusia Plazaola trenbide zaharraren ibilbidearen zati bat berreskuratzen duen metalezko egituraren instalazioa ikustera joan dira



Larraun ibaia zeharkatzen duen Kaxarnako pasabidea (pk50+025/50+075)jarri dute Imotz eta Irurtzun artean (Plazaolako bide berdea), bizikletaren erabilera sustatzen duen mugaz gaindiko lankidetza-proiektu Ederbidearen Doneztebe eta Irurtzun arteko ibilbidearen zati bat egokitzeko.

Manu Ayerdi Ekonomia eta Enpresa Garapenerako kontseilaria eta Maitena Ezkutari Turismo, Merkataritza eta Kontsumo zuzendari nagusia, Nafarroako Gobernuak 224.325, 78 euroren truke, gehi BEZ, Lakita SA enpresari esleitu zion eta 192 eguneko epean amaitu den pasabidea ikustera joan dira.

32,50 metroko argia eta 2,5 metroko zabalera dituen Kaxarnako pasabideak harkaitza du oinarri Larraun ibaiaren ezkerraldean, eta piloteak dituen zepatuak eskuinaldean. Manu Ayerdiren esanetan, "Egurrezko talanka bikoitzak dituzten sartzeko bi arrapala dira. Ibaiaren alde batean bat egiten dute Sakanako Uren Mankomunitateak kudeatzen duen ur hoditeriarekin; hori dela eta, erakunde horrekin elkarlanean ari gara behar guztiak betetzeko". Horrela, zubiak bide berdea erabiltzeko eta gozatzeko balioko du, baina, aldi berean, sareko puntu batean hornidura sistema hobetzeko aukera ere emango du; izan ere, lurraren ezaugarriak direla eta, zaila da gerta daitezkeen matxurak konpontzeko bertara iristea.

Gainera, pasabide horrekin beste helburu bat ere lortzen da: Andoaindik Imotz aldera egin daitekeen eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren Bide Naturalak programak berreskuratu duen Plazaolako trazatua, Irurtzun eta Sarasa artean berreskuraturik dagoen trenbide zaharraren trazatuarekin lotzea.

Larraun ibaiaren gainean zeuden zubi gehienak desagertu egin ziren edo kalte handiak jasan zituzten 1953ko urriko uholdeetan, eta horrek Plazaolako trenbidea ixtea eragin zuen.

Hirugarren lotearen zati bat, Doneztebe eta Irurtzun arteko ibilbideko obrak egiteko

Kaxarnako pasabidea jartzeko lanak Nafarroako Gobernuak Imotz eta Irurtzun arteko Ederbidea ibilbidea egokitzeko lanak aurrera eramateko onartu zuen egikaritze proiektuaren hirugarren lotearen parte dira.

Lote horretan, lurra egokitzea, hondeaketa-lanak, bideak irekitzea, zabor-legarrezko lurzoruak, drainatzeak eta babesak ere sartzen dira.

Nafarroako Gobernuak, guztira, lau loteren bitartez gauzatu nahi ditu Ederbidea proiektuko lanak. Lan horiek Doneztebe eta Irurtzun arteko Eurovelo 1 bidegorri-sarearen ibilbidearen egokitzapenaren parte dira: lehenengo lotearen bitartez, egokitze lanak egin ziren Donezteben; eta bigarrenarekin, Erbiti eta Ihaben arteko lanak (1. zenbakiko atseden eremua).

Laugarren lotearekin, ibilbidearen bi atseden eremuetarako (26+062 K.P. eta 38+550 K.P.) egikaritze proiektuan zehazturiko seinaleak eta altzariak gauzatzeko lanak egingo dira. Lanak esleipen prozesuan dagoen 5. lotearekin zabaldu nahi dira, eta horrekin Plazaolako tunelak argiztatu eta semaforoak jarri nahi dituzte.

Mugaz gaindiko Ederbidea lankidetza proiektua Nafarroan

Ederbidea Europa mailako lankidetza proiektua da, eta proiektu horretan, Nafarroa, Gipuzkoa eta Pirinio Atlantikoetako mugaz gaindiko lurraldeetako 12 bazkidek bizikletaren erabilera sustatzeko indarrak biltzen dituzte. Mugikortasunarekin eta ekonomia berdearekin, eta, bereziki, turismo iraunkorrarekin zerikusia duten jarduera ekonomikoak aurrera eramateko aukera da.

Nafarroan, 67,5 kilometro berri sortuko dira Bera eta Iruñea artean, eta, gaur egungo ibilbideak (Bertizko eta Plazaolako bide berdeak) 55,7 kilometro dituela kontuan izanik, ibilbide berria egungoaren bikoitza baino luzeagoa izango da.

Horrela, Europako kontinente osoa lotzen duten distantzia luzeko 15 bizikleta ibilbidek osaturiko Eurovelo sareak, jarraipena izango du Norvegiatik Penintsularantz, Eurovelo 1 Nafarroako iparraldetik lotzen baita (Bidasoako bide berdearen eta Plazaolaren arteko lotunearekin) Baionaraino eta Donostiaraino egingo diren bide berdeekin eta bizikletetarako azpiegiturekin, eta Nafarroako hiriburuaren hegoalderantz, Donejakue Bidearen trazatuarekin paraleloa den ibilbidearen jarraipenarekin. Sare horrek Nafarroa zeharkatuko du, eta Zilarraren ibilbidearekin bat egingo du penintsularen barnealdetik, Portugalen amaitzeko.

Ederbidea

Ederbideak INTERREG POCTEFA programa europarraren laguntza du. Programa horren organo kudeatzailea Pirinioetako Lan Erkidegoa (PLE-CTP) da. Guztira 9,4 milioi euroko aurrekontua du, eta %65a Europar Batasunak finantzatzen du, Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren, FEDERren, bitartez.

Bazkideak Pirinio Atlantikoetako Departamentua, Nafarroako Gobernua, Gipuzkoako Foru Diputazioa, Imotz, Biarritz, Donibane Lohizune, Hendaia eta Irungo udalak, Euskal Herria-Aturri Mugikortasun Sindikatua, Baztan-Bidasoa Turismo Elkargoa, Cederna Garalur Elkartea eta Plazaolako Partzuergo Turistikoa dira.