Berriak

2019ko abu. 27ko prentsa-oharra

Nafarroa Frankfurten egindako Museumsuferfest-en, Europako kultur eta turismo ekitaldirik handienetako batean ezagutzera eman da.

Abuztuaren 23tik 25era, turismoa, artea, kultura eta gastronomia bateratzen dituen ekitaldi honetan, 2 milioi lagun baino gehiagok parte hartu dute.



Asteburu honetan Frankfurten ospatu den aire zabaleko Europako kultur-ekitaldi handienetarikora, Museumsuferfest-era, joandako 2 milioi bisitari baino gehiagok, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiaren, bidez, gure komunitateko paisaiak, ondarea, gastronomia eta eskaintza turistikoa ezagutzeko aukera izan dute.

Zehatzago esanez, Nafarroako Turismoak bere stand propioarekin hartu du parte Turespañarako egokituriko ‘Spanien am Main’ gunearen barruan. Larunbatean eta igandean Jatorri Izendapeneko eta Babesturiko Adierazpen Geografikoko produktuen dastaketak eskaini dira. Horretarako, Reyno Gourmet erakundearen laguntza jaso da. Halaber, Martín Iturri sukaldariak Showcooking-a ere eskaini du agertoki nagusian, asteburuan lau saio eginez, Nafarroako gastronomiaren aniztasun aberatsa zuzenean erakusteko.

Horrez gain, Nafarroako Turismoak topaketa izan du Alemaniako kazetariekin. Bertan, komunitatearen kultura eta turismo eskaintza ezagutzeko aukera izateaz gain, Jatorri Izendapeneko ardoa ere ezagutu ahal izan dute.

Museumsuferfest ekitaldia aire zabaleko Europako kultur ekitaldi handienetarikoa da, eta bere helburua turismoa, artea, kultura, musika eta gastronomia biltzea da, Main ibaiaren ingurunean, Frankfurten. Karpa asko ditu, eta baita agertoki nagusia ere, musika emanaldiak, aurkezpenak, dastatzeak eta animazio ekintzak egiteko. Ibaiaren pasealekuan egiten den aire zabaleko jardueraz gain, bisitariek hiriko museo guztietara joateko aukera dute, ekitaldia dela eta jarduera bereziak antolatzen baitituzte.

2017ko azarotik Nafarroak hegaldi zuzena du Frankfurtekin. Hori dela eta, ekitaldian parte hartzea aukera bikaina izan da Alemaniako gune metropolitar handi horretako eta herrialde hartako beste gune batzuetako biztanle guztiak Foru Komunitatea bisitatzera animatzeko.

Nafarroako Turismotik, modu berezian, kalitatezko turismo eskaintza jasangarria aurkeztu da. Bertan, azpimarragarriak dira natura eta paisaien kontrastea, bertako produktuan oinarrituriko gastronomia, ondarea eta turismo aktibo jarduerak, oinez, zaldiz edo bizikletaz egiteko ibilbideak, besteak beste.

Azpimarratu nahi izan den beste alderdi bat, Nafarroak Donejakue Bidearen, historian zehar Europak izan duen kultur ibilbide handienetako baten, sarrerako ate gisa duen izaera izan da.