Berriak

2019ko uzt. 02ko prentsa-oharra

Done Jakue Bidea "oporretan irekita", Nafarroan

Ayerdi lehendakariordeak Done Jakueren ibilbideak dinamizatzeko programa kulturalak eta zonako turismo-bulego berritua aurkeztu ditu Orreagan



Santiago Bidea, Nafarroan zeharkatzen duen ibilbide ezberdinetan, ondarearen, naturaren, antzerkiaren, erromes dabiltzan pertsonen eta nazionalitate guztietako bisitarien arteko topagune bilakatuko da uda honetan. Batetik, “Udan irekitzen dugu: Donejakueko monumentuak” programaren bitartez, normalean herritarrentzat itxita egoten diren tenpluetara sartzeko aukera emango baitu. Eta, bestetik, “Ostiraletan antzerkia”, programaren bidez, Erdi Arotik hasi eta gaur egun arte, aktoreek eta herritarrek Bideari buruzko esperientziak trukatzeko ekimenaren bidez.

Jarduera horiek aurkeztu ditu, astearte honetan Garapen Ekonomikorako jarduneko lehendakariordea den Manu Ayerdik, Orreagako Turismo Bulegoaren inguruan, Mugikortasuna eta telekomunikazioak hobetzeko berritua izan den Kolegiatako errota zaharrean. Zehazki, Orreagako Turismo Bulegoan egindako obren bitartez, erakusmahaia egokitu da mugikortasuna hobea izateko, eta instalazio teknikoak zein lokala bera optimizatu dira.

Aurkezpenean izan dira, baita ere, Turismo eta Merkataritza zuzendaria, Maitena Ezkutari, eta programak garatuko diren udalerrietako zein Done Jakue Bidearekin zerikusia duten elkarte eta erakundeetako ordezkariak (Auritz/Burguete, Baztan, Erroibar, Esteribar, Los Arcos, Puente la Reina/Gares eta Urdazubi/Urdax, besteak beste).

Oro har, Done Jakue Bidearen alderdi kulturala indartu nahi da, estatuko zein nazioarteko bisitariei parte hartzeko jarduerak eskaini eta arreta eta zerbitzua hobetzea lortu irisgarriagoa eginaz.

Ayerdi lehendakariordeak nabarmendu duenez, “Done Jakue Bidea Nafarroa nazioartean eta ikuspegi turistikotik ezagutzeko ‘marka’ handienetariko bat da; beraz, funtsezkoa da erromesen esperientzia nahiz gertaera natural edo monumentalen bat bisitatzen dutenena hobetzeko jarduerak eta zerbitzuak indartzea”.

Ildo horretan, Turismo eta Merkataritzako Zuzendaritza Nagusiak Bidearen Mahai bat sortzea sustatu zuen eta 2018az geroztik abian da; bertan biltzen dira ekimen publikoko zein pribatuko ordezkariak. Testuinguru horretan, diagnostiko eta gobernantza-eredu bat landu da, Nafarroan Done Jakueren ibilbideen garapena bultzatzeko.

Era berean, maiatzaren 15ean, Gobernuak onartu zuen “Nafarroako Santiago Bidearen Lanerako Plan Integrala” eta horren segimendu eta aplikaziorako neurriak sustatzea, besteak beste, departamentu arteko organo kolegiatuak sortu eta bultzatzearren. Horrela, ekainaren 24an, departamentu arteko lehen bilera izan zen.

Bisitari-oldea

Maiatza bitartean, 18.837 erromes zigilatu dute beren egiaztagiria Orreagan; hots, 2018ko denboraldi berean baino %1,3 gehiagok. %79a nazioartekoak izan dira eta %21a estatukoak. Nazioarteari dagokionez, Estatu Batuetatik, Koreatik eta Frantziatik etortzen da jende gehien. Estatuko hiritarrei dagokionez, berriz, erromes gehienak Kataluniatik, Madriletik eta Euskal Herritik datoz. %55a gizonak izan ohi dira eta %45a, aldiz, emakumeak. %96ak Bidea oinez egin du eta %4ak, bizikletaz. Soilik %0,1ek egin du Bidea zaldiz.

Orreagako Turismo Bulegoari dagokionez, aurtengo maiatza arte, guztira 10.131 kontsulta erregistratu dira. %59a Estatukoak izan dira eta %41a nazioartekoak. Kontsulten %43a erromesak ez diren turistenak izan ziren, %34a turista erromesenak eta %22a ibiltarienak. Nazioarteari erreparatuta, kontsulta gehienak Frantziako, Estatu Batuetako eta Alemaniako herritarrek egin zituzten. Bestalde, Madril, Nafarroa eta Kataluniakoak izan dira kontsulta gehien egin dituzten erkidegoetako lagunak.

Ostiraletan antzerkia: dibertsioa Santiago Bidean

Done Jakue Bidea elkartzeko eta trukatzeko lekua izan da mendeetan zehar, baina zer gertatuko litzateke garai eta hizkuntza ezberdineko bi bidaiari bertako puntu batean topatuz gero? Horixe da “Ostiraletan Antzerkian” egiten den proposamena. Espazio eta denbora arteko gurutzatze dibertigarri honetan, Erdi Aroko erromes batek eta jatorri anglosaxoiko egungo erromes batek beren esperientziak trukatu eta bien artean zein ikusleekin komunikatzeko ahal duten guztia egingo dute, Bidearen inguruko kronika handi bat sortzeko asmoarekin.

Emanaldiak doakoak izango dira, gaztelaniaz eta ingelesez. Uztailaren 5etik irailaren 6ra bitarteko ostiral guztietan eskainiko dira 19.00etan. Antzezlanak 50 minutuko iraupena dute.

Lehen emanaldia ostiral honetan hasiko da, Zangozako Udaletxeko arkupeetan. Uztailaren 12an, Zubirin, elizaren eta plaza txikiaren arteko eremuan; uztailaren 19an, berriz, Tuteran eskainiko da, Magdalena elizaren ondoan; uztailaren 26an, Orreagari egokituko zaio, Santiago elizaren eta Karlomagnoren hobiaren inguruan; abuztuaren 2an Urdazubin izango da, Monasterioaren inguruan; abuztuaren 9an Elizondon, Santiago elizaren inguruetan; abuztuaren 16an, berriz, Garesen, Zubi Erromanikoaren, Kale Nagusiaren eta San Pedro kalearen inguruan; abuztuaren 23an Lizarran, San Martin plazan, Ruako San Pedro eliza, Turismo Bulegoa eta Nafarroako Erregeen jauregiaren zonaldean; abuztuaren 30ean Los Arcosen eskainiko da, Santa Maria elizaren inguruan; eta azkenik, irailaren 6an, Vianan, Santa Maria elizaren ondoan, plaza nagusian.

Udan irekitzen dugu: Done Jakue bideko 11 monumentu irekita

“Udan irekitzen dugu: Donejakue bideko monumentuak” programaren bitartez, Turismo eta Merkataritzako Zuzendaritza Nagusiaren eta Iruñeko eta Tuterako Artzapezpikutzaren lankidetzari esker, 34 monumentu bisitatu ahal izango dira Nafarroako Done Jakue Bideko ibilbide ezberdinetan zehar. Horrela, urte osoan ikus daitezkeen 23 eraikinari herritarrentzat itxita egon ohi diren beste 11 eliza gehituko zaizkio.

Horrela, Donejaku Bideko Monumentuak programaren barruan, ondorengoak bisitatu ahal izanen dira: San Pedro eliza (Gares), San Roman eliza (Zirauki), Asunción eliza (Villatuerta), San Andrés eliza (Villamayor de Monjardín), San Zoilo eliza (Sansol), San Esteban (Esa), Natividad eliza (Elo), San Salvadorreko monasterioa (Urdazubi), Santiago eliza (Elizondo), San Salvador eliza (Irurita) eta Magdalena eliza (Tutera).

Hain zuzen ere, irekiera orduetan, ondare historikoa eta artistikoa modu librean ezagutzeko aukera eskaintzen da, inguru naturalaren lasaitasunean nahiz Europako erromes ibilbide nagusi honekin elkartzen den historiadun herrietan.

Programaren helburua ondarearen eta kulturaren ezagutzan eta gozamenean oinarritutako turismo iraunkorra eta kalitatezkoa indartzen jarraitzea da, baita bisitariak eta ibiltariak Nafarroako herriak eta paisaiak ezagutzera animatzea, bertako garapena sustatzearren.

Lau hizkuntzatan

Santiago Bidearen nazioarteko izaera dela-eta, Turismo eta Merkataritzako Zuzendaritza Nagusiak lau liburuxka egin ditu gaztelaniaz, euskaraz, frantsesez eta ingelesez. Horietan, "Ostiraletan antzerkia" programako emanaldien berri emateaz gain, Donejakueko ibilbide ezberdinetan bisita daitezkeen monumentu guztiak deskribatzen dira: Frantses Bidea, Frantses Bidea Aragoi aldetik, Ebroko Bidea eta Baztango Bidea. Era berean, ordutegiak eta bisita gidatuak egiteko aukerak azaltzen dira. Halaber, Nafarroako Turismoaren webgunean, ekimen horri tarte bat eskaintzen zaio, eta, bertan, programa osoa lortu daiteke, informazio osagarria eskuratu eta herri ezberdinen mapa bat denbora errealean kontsultatu ere.

Frantses Bideko liburuxka berria

Gaurko ekitaldian, Nafarroa eta Aragoitik hasi eta Santiagora bitarteko bidearen inguruan argitaratutako liburuxka berria aurkeztu da, Nafarroako Turismo Bulegoetan jada banatzen ari dena, bai gaztelaniaz-ingelesez, bai gaztelaniaz-frantsesez. Argitalpen hau, lehen aldiz, Frantses Bidearen mapa bisual bateratua da, irudia eta informazioa Done Jakue Bideko etapa guztietan zehar homologatzen duena. Liburuxka Done Jakue Bideko Udalerrien Elkarteak (DJBUE) bultzaturiko proposamena da, Xacobeo 2021 eta bidea igarotzen den lurraldeekin elkarlanean egindakoa, tartean Nafarroa.