Berriak

2019ko eka. 24ko prentsa-oharra

Produktu turistikoak sortzeko diru-laguntzen deialdia onartu du Turismoko zuzendaritzak

Eskaerak 2019ko uztailaren 21a bitartean aurkeztu daitezke



Jarduneko Nafarroako Gobernuak, Turismo eta Merkataritzako Zuzendaritza Orokorraren bitartez, bidaia agentziek Nafarroako produktu turistikoak sortu ditzaten diru-laguntzen deialdia onartu du. Eskaerak egiteko epea uztailaren 21ean amaituko da.

Deialdiak kontuan hartuko ditu, bereziki, hurbileko eta Europako merkatuetara bideratutako produktu turistikoak; hau da, berariazko segmentuak landa-naturan, hala nola mendi-ibiliak, zikloturismoa edo zaldi-turismoa, berariazko segmentu kulturala, Done Jakue bidea, eta Nafarroako funtsezko berariazko segmentua (gastronomiko-enologikoa). Deialdi honek jarraipena ematen dio 2018an egindako dirulaguntzen deialdiari.

Ekimen horiei aurre egiteko aurreikusitako aurrekontua 40.000 eurokoa da. Dirulaguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emango dira; hau da, deialdiaren oinarrietan ezartzen den baremoa aplikatuta ateratzen den puntuazioari jarraiturik.

Baremoak balio bat edo beste ematen die zenbait parametrori; esaterako, bidaia-proposamenaren iraupena, segmentu espezifikoen garrantzi estrategikoa, eskainitako jardueren kopurua eta aniztasuna, Nafarroako erakunde hornitzaileekin gauzatutako proposamenaren portzentajea, proposamena zein merkaturi zuzentzen zaion, planteatutako sustapen- eta komunikazio-ekintzak, topaketa profesionaletara bertaratzea, proposamen bakoitzean erabilitako ibilgailuen sailkapena beren potentzial kutsatzailearen arabera, edo 2018ko deialdian jasotako dirulaguntzak.

Dirulaguntzaren xedeko jarduketak sorta turistiko bat sartu behar dute prezio orokorraren truke saltzen den eskaintzan, eta gutxienez hiru zerbitzu hauetako bat hartu behar du barnean: ostatua, garraioa eta mantenua; baita, gutxienez, jarduera bat ere (bisita gidatuak, kirola, kultura-jarduerak, gastronomia eta aisialdi-jarduerak).

Dirulaguntzak produktu turistiko berrien komunikazio- eta sustapen-gastuak ordaintzeko dira, edo 2018ko azaroaren 18tik 2019ko azaroaren 6ra bitartean fakturatutako jarduerak kanpoan kontratatzeagatiko gastuak.

Pertsona juridikoen eta nortasun juridikorik gabeko entitateen kasuan, eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz.

Pertsona fisikoen kasuan, eskabideak bide beretik aurkeztuko dira ahal bada, edo, hala ez bada, buruz buru Iruñeko Navarreria kaleko 39.ean dagoen erregistro-bulegoan, edo beste erregistroetan. Eskaera posta-bulego batean aurkezten bada, nahitaez eman beharko zaio horren berri Merkataritza eta Artisautza Antolatzeko eta Laguntza Ekonomikoen Atalari, mezu elektroniko bat igorriz turismo.ayudas@navarra.es helbidera.

Bi kasuetan, eskaerak aurkezteko epea astelehenean hasiko da, eta abuztuaren 31n bukatuko.