Berriak

2019ko mai. 31ko prentsa-oharra

Ekainaren 8an, larunbatean, abiatuko da Lizarran “Nafarroa Dastatu” ekimena, gastronomia, historia, bizipenak eta ikuskizuna batzen dituena

Azarora bitarte, beste zortzi aurkezpen egingo dira Foru Komunitateko sei herritan eta Bilbon eta Baionan




Ekainaren 8an, larunbatean, abiatuko da Lizarran “Nafarroa Dastatu / Catar Navarra” ekimena, gastronomia, historia, bizipenak eta ikuskizuna batzen dituena, eta azarora bitarte beste zortzi aurkezpen egingo dira Lekunberrin, Erronkarin, Arguedasen, Sunbillan, Sartagudan eta Iruñean, Bilbokoaz eta Baionakoaz gain.

Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko jarduneko kontseilaria den Isabel Elizaldek aurkeztu du gaur goizean programa, Iruñeko Katedraleko erdi aroko sukaldean egindako dastapen-ikuskizunean zehar, eta harekin batera izan da Turismo eta Merkataritzako jarduneko zuzendari nagusia, Maitena Ezkutari. Halaber, bertan izan dira programatutako saioetan parte hartuko duten adarreko profesionalak.

Ekimenaren helburua da Nafarroako produktu ezagunenak eta ospetsuenak sustatzea, horiek lortzeko gizon-emakumeek egiten duten lanari balioa emanaz eta belaunaldi gazteei ondare hori transmititzen saiatuaz. Formatuan, dastapena, esperientziak transmititzeko foroa eta ikuskizuna konbinatzen dira, zona geografiko zehatz horretako ohiko produktuak beharbada hainbeste ezagutzen ez diren beste leku batzuetan ezagutzera emateko. Modu horretan, dastapenarekin batera, kontakizunak, esperientziak eta bizipenak egongo dira, pertzepzio sentsoriala indartzeko lurraldeen, haien etorkizunaren eta eusteko dituzten bizi-proiektu ezberdinen inguruko bestelako ezagutzekin.

Besteak beste, interpretazio-paseoak antolatuko dira; hau da, espezialista ezberdinek gidatutako ibilbideak, bisitariei paisaia, bertan bizi den jendea, haien bizipenak, historiak eta kultura begiztatu eta ulertzen laguntzeko.

Hausnarketaren, tokiko ekonomiaren eta turismoaren aldeko apustua

“Nafarroa Dastatu” ekimenaren asmoa da globalizazioaren eta herrien despopulatzearen testuinguruan hausnarketa sortzea, kultura aldetik adimentsuak eta iraunkorrak, eta, hortaz, biziak diren lurraldeen aldeko apustua eginez. Horrez gain, nekazaritzako elikagaien tokiko ekonomia bultzatu nahi du, ekoizle txikiak lagunduaz, eta esperientzia paregabeen eta errepikaezinen bizipenean oinarritutako turismo-mota berriak sortzearen inguruan sentsibilizatzeko apustua egin nahi du.

Programaturiko hitzordu ezberdinetan, Iñaki Andradas arduratuko da pintxo ezberdinak eta proposamen gastronomikoak egiteaz. Halaber, sektore ezberdinetako lau ekoizlek hartuko dute parte: Gonzalo Celayeta, mahastizaina eta Unsi (Erriberri) proiektuaren egilea, mendiko garnatxa mahasti zaharrak berreskuratzeko helburua duena, kalitatezko ardoak egiteko; Marta Pérez Loperena, Idiazabal JDBko “Loperena Gaztandegia” familiaren ustiapena birsortu duen gaztagilea; Txus Cía, “Josenea Plantas Aromáticas”-ekoa, laneratzeko zailtasunak dituzten pertsonekin eta pertsonentzat lan egiteko helburuarekin sortutako irabazi asmorik gabeko erakundea; eta Ramón Navarro, Galipentzuko “Heredad Beragu” hotelekoa, lau etxe zahar hotel ekologiko eta iraunkor bilakatuta, historiaz eta naturaz inguratutako ingurunean.

Bederatzi herri

“Nafarroa Dastatu” ekimeneko ekitaldiek eskema bera jarraituko dute: inguruan paseo bat egingo da hasteko, espezialista ezberdinek gidatuta, paisaia begiztatu eta produktu ezberdinak ematen dizkigun ekosistema ulertzen laguntzeko; ondoren, foro-ikuskizuna egingo da, tokiko hainbat sukaldari-buruk egindako pintxoak dastatzeko, partekatzeko eta hausnartzeko, Nafarroa JDko ardoekin lagunduta, produktuen eta horiek ahalbidetzen dituzten ekintzaileen historiak entzuten diren bitartean. Kasu gehienetan, gainera, abesten amaitzen da, esperientzia gastronomikoa, sentsoriala eta kulturala izateko beste modu bat bezala.

Lehen saioa datorren larunbatean, ekainaren 8an, izango da Lizarran. Hirian zehar egingo den paseoaren bitartez, baratzak, “zumakea” eta “Plazara” tokiko produktuen merkatua ezagutu ahal izango da; era berean, dastapen-saioan gatza, haragi ekologikoa, Nafarroako zainzuriak, Lodosako piperrak, Idiazabal gazta eta Lakar eta Bargotako ardo ekologikoa bezalako produktuak izango dira protagonistak. Pintxoak egiteko ardura Iñaki Andradas eta Dimitri Pérez Palacios sukaldariek izango dute.

Abuztuaren 11n, ekitaldia Lekunberrin izango da; bertan, interpretazio-paseoa egingo da Aralar eta paisaietan barrena, eta Idiazabal gazta edo Euskal Txerri bezalako txerri-haragia dastatu ahal izango dira. Irailaren 22an (igandea), berriz, Erronkariko herria izango da ekimenaren anfitrioia Julian Gaiarre, transhumantzia eta Erronkariko JDko gazta omenduz. Ondoren, urriaren 14an, Arguedas herrian, aitorpena egingo zaio paisaia bereziari, Bardeari, eta arrozari, Reyno Gourmeteko produktuari.

“Nafarroa Dastatu” urriaren 20an Sunbillan egongo da eta azaroaren 4an Sartagudan, INTIAren lursail esperimentalean; bertan, baratzeko, aldagaien, zerealen, fruta-arbolen, e.a. entseguak bisitatu ahal izango dira, laborantza ekologikokoak. Foru Komunitateko ibilbidea azaroaren 11n amaituko da Iruñean.

Horrez gain, beste bi ekitaldi aurreikusten dira Nafarroatik kanpo: irailaren 20an Baionan eta urriaren 31n Bilbon.