Berriak

2019ko mai. 15ko prentsa-oharra

Gobernuak Nafarroan Donejakue Bidearen Lanerako Plan Integrala egitea sustatu du

Helburua da 2021eko Done Jakueren Urteari begira baliabideak optimizatzea



Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, "Donejakue Bidearen Lanerako Plan Integrala" egitea nahiz horren segimendu eta aplikaziorako neurriak sustatzen dituen akordioa onartu du. Helburua da baliabideak optimizatzea eta emaitza onenak lortzea 2021ean egingo den Done Jakueren Urteari begira.

Akordioan jasotakoaren arabera, Done Jakue Bideak “balio estrategikoa du eta Foru Komunitate kohesionatua, osasungarria, iraunkorra eta lehiakorra izaten laguntzeko gaitasuna". Hori zaintzea, hobetzea eta sustatzea Nafarroako Turismoaren 2018-2025 Plan Estrategikoko ekimenetariko bat da.

Akordioan, halaber, esaten da Planaren lidergoa Turismo arloan eskumena duen Zuzendaritza Nagusiari dagokiola. Era berean, departamentu arteko organo kolegiatuak sortzea sustatzen da, gobernantzako hiru maila hartuta: Zuzendaritza Batzordea (zuzendaritza nagusiak), Batzorde Exekutiboa (Zerbitzuko zuzendaritzak) eta Talde Teknikoa. Modu horretan, horien eskumen-eremuak eta funtzioak definitzen eta zehazten dira.

Done Jakue bidea, zehazki, Nafarroako Gobernuko bost departamenturen esku dago: Garapen Ekonomikoa; Landa Garapena, Ingurumena eta Toki Administrazioa; Kultura, Kirola eta Gazteria; Osasuna; eta Lehendakaritza, Funtzio Publikoa, Barne eta Justizia. Beste bost zuzendaritza nagusi eta hamaika Zerbitzu daude zuzenean inplikatuta, gehi beste hauek guztiak: 70 udalerri; jarduera turistikoko ehunka enpresa txiki; 250 ostatu; saltokiak (tartean nabarmentzekoak dira ‘Denda lagunak’); Osasun-zerbitzuak, pertsonen garraioa eta ekipajeak, segurtasuna, zaintza fisikoak, zerbitzu erlijiosoak, e.a.

Erronkak eta helburuak

Erronka nagusien artean, aipatzekoa da Foru Komunitateko Administrazio Publikoan barne-koordinazio handiagoa lortzea, Nafarroan igarotzen den Santiago bidearekin lotutako alderdi guztietan modu eraginkorrean lan egiteko; alegia, eskumenak, funtzioak eta rolak modu eraginkorrean argitzea, jasotako premiei erantzuteko, eta Plan Integralean lanerako eremu ezberdinak sartzea, eskaintza turistikoarekin zerikusi zuzena dutenetatik hasi eta mantentze eta segurtasunetik igaroaz.

Beste helburuetariko bat da koordinazio zuzena eta eraginkorra lantzea gainerako erakundeekin, publiko zein pribatuekin, hots, Nafarroako zatiko Bidean ez ezik, Done Jakueren Bidea igarotzen den beste komunitate autonomoetan eta lurraldeetan ere daudenekin. Era horretan, Lanerako Plan Integralarekin batera, gobernantza-eredua garatzea proposatzen da, koordinazio hori modu eraginkorrean burutu ahal izateko beste agente eta aktore batzuekin; hala nola, Done Jakueren Bidearen Nafarroako Mahaia, Done Jakueren Kontseilua, Done Jakueren Bideko Udalerrien Elkartea edo estatuan edo Europan sor daitezkeen beste batzuek.

Aurretiko ekintzak

Turismoko Zuzendaritza Nagusiak garatutako aurretiko ekintzen artean nabarmentzekoa da Done Jakueren Bidearen Mahaia sortzea; Mahaiak orain arte bi bilera egin ditu (bata 2018ko ekainean eta bestea 2019ko otsailean).

Topaketa horietan, tokiko erakundeek, elkarte publiko eta pribatuek nahiz Gobernuko zuzendaritza eta departamentu ezberdinek, hots, Bidearen zaintzan eta sustapenean zuzenean eta zeharka inbolukratuta daudenek, proposamenak egin dituzte Done Jakueren Bidean jarduerak planifikatzeko ikuspegi ezberdinak eta interes guztiak kontuan hartuta. Plangintza-lan horretan, halaber, aintzat hartu behar dira Done Jakueren Bideko protagonisten eta aktoreen iritziak. Hori dela-eta, inkestak egin zaizkie erromesei eta berrehun ostatu baino gehiagori; baita ere, irisgarritasunari, seinaleei eta informazioari buruzko azterketak egin dira; inpaktu ekonomikoaren gaineko azterketa; eta elkarrizketak erakunde publiko ezberdinei. Horien ondorioak ondoren aurkeztu dira Bidearen Mahaia osatzen duten kideen aurrean.