Teknologiaren erabilera eta tokiko iraunkortasuna, Nafarroako turismo adimentsuaren gakoak - 14/12/2018

Teknologiaren erabilera eta tokiko iraunkortasuna, Nafarroako turismo adimentsuaren gakoak - 14/12/2018


2018ko abe. 14ko prentsa-oharra

Teknologiaren erabilera eta tokiko iraunkortasuna, Nafarroako turismo adimentsuaren gakoak

Sektorean adituak diren pertsonak ostiralean elkartu dira eta jarduera iraunkor bat planifikatu ahal izateko datu fidagarriak eskuratzearen garrantzia ondorioztatu dute.



Ezkerretik eskuinera: Ana Rivas, Patxi Saenz; Pedro Aranzábal; Maitena Ezkutari eta Carlos Romero.
Hazkundea izanik edozein sektore ekonomikoren xedea,  XXI. menderako turismo adimentsuaren helburua hazkunde horren kalitatea handitasunaren aurrean jartzea izango da. Horretarako turismoak iraunkorra izatea behar du. Kalitatezko turismo baten eskaintzak auto-ezagutza maila handia behar du ere, bai tokiko baliabideei zein jomugara bidaiatuko den pertsonaren profilari buruzkoa, bai jarduerak testuinguru ekonomiko globalean suposatzen duen eraginari buruzko ezagutza ere.

Honela, hitzaldi eta debate jardunaldia antolatu da ostiral honetan Garapen Ekonomikoaren Ostiralak zikloaren barruan, eta topaketaren gai nagusian, alegia, turismo adimentsuan adituak diren pertsonak bildu ditu.
 
Turismo eta Merkataritzako Zuzendari Nagusi Maitena Ezkutarik saioari hasiera eman dio eta gaiari heldu dio Nafarroako turismoko zifra eta gako nagusi batzuk emanez. Carlos Romero ere mintzatu da, SEGITTURko Turismoko Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako zuzendaria (Turismo Berrikuntza eta Teknologiak Kudeatzeko Estatuko Merkataritza Sozietatea). Romerok Helmuga Turistiko Adimentsuaren Eredua azaldu du, lehenik kontzeptuaren definizioa emanez.

Bere hitzetan, turismo adimentsuaren ereduari hurrengo definizioa dagokio: “helmuga turistiko berritzailea, abangoardiazko teknologia azpiegitura baten gainean eraikitakoa, lurralde turistikoaren garapenaren iraunkortasuna bermatzen duena, eskuragarritasun unibertsala sustatzen duena, bisitariaren eta inguruaren arteko interakzioa eta integrazioa errazten duena helmugan izandako bisitariaren esperientziaren kalitatea zein bertakoen bizi-kalitatea hobetzeko ahalmena duena.”

Jarraian, Instituto Movatur-eko Pedro Aranzábalek, Nafarroako Turismoaren kontu satelitearen emaitzen aurkezpena egin du. Azkenik, Patxi Saenz de Lacanok, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusikoak, eta Ana Rivasek, Meridiano Zero enpresakoak, Nafarroako hainbat natura eremuetan egin diren bisitarien profilari eta lurraldearen gaineko eragin turistikoari buruzko azterlanak aurkeztu dituzte.

Turisten eta bertakoendako kalitatea

Ezkutarik jardunaldiaren sarreran azaldu duenez, turismo adimentsuak datuen neurketa eta ustiapen egokia behar du bere kontribuzio ekonomikoa zein lurraldearen gaineko eragina zehaztu ahal izateko eta bere kudeaketa iraunkorra izan dadin.

Abiapuntu moduan, Nafarroako turismoaren zifra nagusiak eman ditu. Aurtengo urrira arte, 1.257.529 pertsonek Foru Erkidegoa bisitatu dute, 2017an baino %1,9 gutxiago. Horietatik 2.741.741 gau igarotze ondorioztatu dira, pasaden urteko lehengo hamar hilabetetan baino %1,1 gutxiago. 

Ezkutarik aditzera eman duen beste datu bat, hileroko batez besteko egonaldia %0,8an hazi dela izan da, turista bakoitzeko 2,18 eguneko kopurua. Halaber, eskaintzaren zabaltzea adierazi du, bai ostatuen aldetik, bai eskainitako plazen aldetik, hileroko batez bestekoa 32.263 plazakoa izanik, 2017an baino %3 gehiago.

Nafarroak jasotako turismoaren %73a Espainian bizi diren pertsonetatik dator. Gainontzeko %27tik, batez besteko egonaldian izandako %3,3ko hazkundea nabarmentzen da 2017koarekin alderatuz. Beste erkidegoetatik datorren turismoa, berriz, egonkor mantendu da indize honetan. Bisitarien kopurua jeitsi den arren, modu positiboan baloratzen diren datuak dira hauek.
 
Magnitude nagusiak eskaini eta gero, zuzendari nagusiak “datuak Nafarroako turismoa benetan denaren irakurketa partziala baino ez direla” adierazi du. “Badakigu, eskualde mailan, neurketa oso konplexua dela. Datuen eskuratzean izandako zehaztasunaren araberakoa izango da garapen iraunkor baten irizpideekin bat datorren plangintza, eta bilatzen dugun kudeaketa adimentsua eta inklusiboa”.
 
Hortaz, Ezkutarik Turismoko Kontu Satelitea edukitzearen garrantzia nabarmendu du, hau da, eskualde mailan turismoa neurtzeko sistema integrala, estimazio homogeneoak eta, beraz, mundu mailan alderagarriak diren estimazioak egiteko gai dena. Zuzendaritza Nagusiak landu duen metodologia hau, Munduko Turismo Erakundeak emandako gomendioak oinarri izanik garatu da. 

Turismo eta Merkataritza zuzendari nagusiak ere turismoa Nafarroako ekonomiako sei sektore estrategikoetako bat bezala kontsideratu izanaren garrantzia nabarmendu du: “egiten dugun apustua, gure lurraldeak dituen aukeretan baita turismoak eskualde desberdinetan biztanleria finkatzeko duen gaitasunean oinarritzen da”.

Turismoko Plan Estrategikoari buruz, Ezkutarik sektorearen internalizazioa defendatu du, hurbiltasunezko turismoarekin bateragarria eginez: “gure segmentu eta produktuak iraunkortasun exijentzia maila handi baten inguruan desberdintzen ahalegintzen gara, lurralde eta pertsonen ondarean oinarrituz. Turismoa jarduera ekonomiko iraunkor baterantz orientatzean datza, hazkundea bilatu baino, hobekuntza jarraitzen duen turismoa lortuz. Denbora eta espazioan banatutako turismoa. Hau da, urtean zehar eta gure lurralde osoan eskainitakoa”, adierazi duenez.

Kontu Satelitearen emaitzak

Turismoko Kontu Satelitearen (TKS) hitzaldian, Pedro Aranzábalek eta Alfredo Garcíak, Nafarroan lehenbizikoz erabili den metodologia honen bitartez lortutako datu nagusietako batzuk aditzera eman dituzte. TKSak turismoak Nafarroako ekonomian duen eraginaren gaineko estimazioa egiten du, dagoeneko NASTAT Nafarroako Estatistika Erakundeak, INEk (Estatistika Erakunde Nazionalak) eta beste erakunde batzuek sortu eta beraz existitzen diren iturri estatistikoak erabiliz, eta datuen fidagarritasuna ziurtatuz.
 
Azterlana, bi urte zehatz oinarritzat hartuz egin da: 2010 eta 2014. Eskariaren ikuspegitik, turismoa Nafarroako BPGaren %5a baino zertxobait gehiago dela diote datuek; %5,3a 2010ean eta %5,4a 2014an. Enpleguaren ikuspuntutik, ordea, enpleguaren eragina Nafarroako enpresa turistikoetan %%6,5ekoa izan zen 2010ean; eta %%7,1ekoa 2014an.

Sektorearen barneko jarduera-adar desberdinen arabera, 2010ean Kontu Sateliteak erakusten du Balio Erantsi Gordinaren %23a ostatu-zerbitzuek sortutakoa izan zela; %21a, bidai agentziek sortutakoa, %13a jaki eta edari zerbitzuek eragindakoa eta %11a txikizkako merkataritzak sortutakoa. Hau da, turismoak ekonomiaren beste sektore batzuk behar ditu. Honela, adierazi dutenez, jarduera turistikoak sortutako Balio Erantsi Gordinaren %17a hirugarren industriei dagokie eta gastu turistikoaren %48a zuzenean turistikoak ez diren kontsumo-produktuei zuzentzen zaie.

Metodologiak beste lurralde batzuekin alderatzeko aukera eskaintzen du baldin eta horiek metodologia berdina erabiltzen badute, kasu guztietan gertatzen ez den moduan. Erabilgarri dauden datuen artean, turismoak Nafarroako BPGan aipatutako %5,4ko pisua duen bitartean, estatu mailan kopuru hau %10,9koa dela ikusi daiteke eta %6koa berriz Euskal Autonomia Erkidegoan. Nafarroan, konparazioaren arabera, sektore turistikoak duen pisua Suedian eta Holandan duenaren antzekoa da eta Danimarkan duena baino handiagoa.

Xorrokin, Alloz eta Urederra

Primerako baliabide natural eta turistikoak, bai. Baina, zenbaterainoko jendetza jasan dezakete? Zer turista mota doa haietara? Zenbat dira? Zer efektu eragiten dute kokatuak dauden tokiko erakundeen gain?

Baliabide hauek, betiere beren ingurumen eta ezaugarri sozio-ekonomiak errespetatuz, jarduera turistikorako erabili ahal izateko eta erabakiak hartzeko prozesuan laguntzearren, beharrezkoa zen bisiten maiztasunaren datuak ezagutzea eta era zientifikoan ustiatzea.

Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusitik analisi hauek Erratzu-Xorroxingo enklabean, Allotzeko urmaelean eta Urederraren iturburuan egin dira. Analisiak egitearen zergatiak, kasu bakoitzean, desberdinak izan dira: saturazio arazoak, aparkatzeko zailtasunak, bizilagunen kexak, kudeaketa arazoak, deskoordinazioa edota tokiko erakundeen kexak.
 
Nafarroako Gobernuak, Xorroxinen kasuan, ibilbide berri bat bultzatu du, bideragarritasun azterlan bat, bizilagunen kontzientziazioa lortzeko lanak, aparkaleku berri baten habilitazioa, eko-kontadoreak. Allotzeko ingurunean, espazioa ordenatzeko ekintzei ekin zaie eta aparkaleku berri bat eraiki da. Urederran, erreserba-sistema hobetu da eta turismoak enklabean jokatzen duen papera berriro definitzea aztertzen ari da eko-kontadoreak eta big data erabiliz. 2019rako, Aralar eta Eusko-Nafar burdinbide Berdearen inguruetan ekintzak garatzea aurreikusi da.