Berriak

2019ko urr. 29ko prentsa-oharra

Nafarroako Gobernuak Kanariak eta Nafarroa arteko zuzeneko ibilbide berriaren potentzial turistikoa nabarmendu du

Kanarietako Binter enpresako ordezkariak Turismorekin eta Sodenarekin bildu dira, lehen hegazkina Nafarroara iritsi baino egun batzuk lehenago



Maitena Ezkutari Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak eta Pilar Irigoien Sodenako zuzendari kudeatzaileak positibotzat jo dute Kanarietako Binter hegazkin konpainia Iruñera iritsi izana, gaur goizean konpainiako arduradunekin egin duten bileran. Biek ala biek nabarmendu dutenez eremu konexio berri horrek "Nafarroarentzat merkatu berri bat irekiko du, eta Kanarietarako hegaldi zuzen bat eskaintzen die Nafarroako herritarrei, gure eskualdean ezaguna eta estimatua den helmuga bat". Lehen hegazkina igande honetan, urriaren 27an, abiatuko da Nafarroako hiriburutik.

Bileran Binterren izenean izan dira Miguel Ángel Suárez, Merkataritza eta Marketingeko zuzendaria; Alejandro Díaz, Marketing burua; eta Olga Castrillón, Harreman Instituzionalen eta Komunikazioaren arduraduna.

Ibilbide berriak turismo-izaera nabarmena du, eta Foru Komunitatean turismorako garapen-aukerak eskainiko ditu. Horrela adierazi du Maitena Ezkutari zuzendari nagusiak, eta gehitu du Nafarroako Gobernuak sustapen-plan espezifikoa abian jarri duela Kanariar Irletatik datorren turismoa erakartzeko. “Zuzeneko bideak lan-ildo interesgarriak irekitzen dizkigu, bereziki city break-en inguruan, baina baita osasun, biltzar edo prestakuntza mailako turismoan ere”, adierazi du.

Sustapen-planaren bitartez, prentsa eta turoperazioko zenbait bidaia antolatuko dira, Nafarroa, bertako kultur ondarea, Donejakue Bidea, ondare naturala, eskaintza gastronomikoa eta artisautza ezagutzera emateko helburuarekin, eta hori irailetik abendura bitarte egingo da. Komunikazio-estrategiaren xedeetariko bat da Nafarroa urtaro guztietan zehar ezagutzera ematea, urtarotasunaren dinamika hautsi eta udako hilabetez aparteko bidaiak sustatze aldera, egun eskaintza gehienak garai horretan egiten baitira. Horrez gain, “Kanarietako BINTER aerolineako Marketing departamentuarekin lanean ari gara, plan hori aerolinearen beraren sustapen-ekintzekin koordinatzearren”.

Bestalde, Binterreko Merkataritza eta Marketingeko zuzendaria den Miguel Ángel Suarezek ondorengoa nabarmendu du: “Oso gustura gaude aireko zuzeneko bide berri honek izan duen harrera bikainarengatik, bereziki nafarren aldetik, Penintsulako salmenta-kopuruak atera ditugun beste ibilbideetako ohiko kopurua gainditu baitu. Ibilbide honetan erakartzen duten berezitasun batzuk dira hegaldi erregularrek eskalarik gabe eskaintzen duten erosotasuna eta Kanarietako edozein irlara edo haietako edozeinetatik Nafarroara iristeko eskaintzen duen erraztasuna, asteburu bateko joan-etorria egiteko edo bidaia luzeago baterako, Binterrekin hegan egiten hastean ezagutuko duten kalitate altuko zerbitzua gehitzearekin batera”.

Datorren igandetik aurrera Kanarietara hegaldiak

Binter aire konpainia uztailean jarri zen harremanetan Sodenarekin, Kanariak eta Nafarroa arteko linea berria irekitzeko aukera aztertu nahi zutela adierazteko. Sodena arduratzen da eskualdeko aireko konektibitatea hobetzeaz Iruña-Noaingo aireportutik aireko ibilbideak garatuaz; era berean, beste jarduera batzuen artean, informazio eta aholkularitza zerbitzuak ematen dizkie harremanetan dagoen aerolinea ezberdinei. Testuinguru horretan eta hainbat astetan, Sodena eta BINTER elkartu ziren, Turismoko zuzendaritza nagusiarekin batera. Abuztuan, konpainiak adierazi zuen Kanaria Handia konektatuko zuela Iruñarekin, momentuaz astean bitan, baina hegaldi-kopurua gehitu eta bidaiarien fluxu etengabea eta erregularra sortu nahi zuela bi noranzkoetan. “Sodenan, besteak beste, gure enpresen lehiakortasunean eragin zuzena duten aireko konexioak garatzeaz eta hobetzeaz arduratzen gara. Hori dela-eta, albiste ona da aireko konpainia batek Nafarroarekin ibilbide zuzena egingo duela iragartzea. Beraz, oso gustura gaude arrakasta hori lortzeko esku hartu izanaz. Gainera, Espezializazio Adimentsuko Estrategian (Nafarroa S3), erronketariko bat da turismo osoa bultzatzea”.

Nafarroako hiriburuaren eta Kanaria Handiaren arteko hegaldiak astean bitan egingo dira. Iruñetik ostiralean eta igandean aterako dira: ostiralean, 13:10ean atera eta irlara 15:20an iritsiko dira, eta igandean, 14:50ean irten eta 17:00etan iritsiko dira.