Aviso Aviso
Koronabirusari aurre egiteko pixkanaka hartzen ari diren neurriak direla eta, programatutako ekintza eta jarduera asko aldatu edo bertan behera uzten ari dira. Beraz, atarian argitaratutako edozein eduki egiaztatzea gomendatzen dugu.
KoronabirusaNafarroa-ri buruzko azken berriak jarrai ditzakezu web atari honetan: http://koronabirusa.nafarroa.eus
Berriak

2020ko uzt. 28ko prentsa-oharra

Nafarroa plan espezifiko bat prestatzen ari da Foru Komunitatean zikloturismoa antolatu eta bultzatzeko

Sektoreak eta herritarrek abuztuaren 15era arte egin ahal izango dizkiote ekarpenak dokumentuari



Txirrindulari bat paisaietako bat ikusten ari da, bizikleta ibilbideetako batetik.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusia zikloturismoari buruzko plan espezifiko bat egiten ari da, turismoaren arloan Nafarroak duen apustu nagusietako bat baita. Dokumentuaren helburua da azken urteotan arlo horretan egindako jarduerak antolatzea eta bizikletaz egindako turismoa bultzatzea.

Dokumentua oraindik egiteko fasean aurkitzen da, eta herritarrek ere parte har dezakete. Ildo horretan, turismo eta kirol sektoreko erakundeek eta enpresek nahiz zikloturisten klubek eta edozein pertsonak ekarpenak egin ditzakete abuztuaren 15era bitarte posta elektroniko honetara idatzita:  dpt@navarra.es.

Planean, Nafarroako eskaintza zikloturista ez ezik, azken urte hauetan gorantz doan modalitate honen egungo eskaera eta potentziala ere aztertu nahi dira. Gainera, zikloturismoa Turismoko 2018 - 2025 Plan Estrategikoaren lehentasunetako bat da. Txirrindularien Europako Federazioaren arabera, txirrindularitzak guztira 150.000 milioi euroko irabaziak sortzen ditu Europar Batasunarentzat, eta bizikletaren inguruko ekonomiak irabazi handiagoak sortzen ditu tokiko saltokientzat —dendak, kafetegiak eta jatetxeak— gainerako garraiobideek baino, bizikletaren erabiltzaileek maizago joaten baitira era horretako saltokietara beste garraiobide batzuen erabiltzaileak baino.

Gaur egun, Foru Komunitatean bizikletan ibiltzeko 4.100 kilometro baino gehiago daude garapen-fase ezberdinetan. Esate baterako, EuroVelo 1 eta 3 errepideen Nafarroako zatian 393 kilometro ditu, hots, Europa iparraldetik hegoaldera zeharkatzen duten nazioarteko bi ibilbidetan. EuroVelo1ek, Norvegia bizikletaz Portugalekin lotzen duenak, Nafarroan 203 kilometro ditu, eta garatzen ari dira Europako Ederbidea eta AtlanticOnBike proiektuei esker. Bestalde, EuroVelo3ak 190 kilometro igarotzen ditu Nafarroako lurretan Norvegia eta Galizia arteko ibilbidean, Done Jakue bidearekin bat eginez; azken bide hori ere bizikletaz egin daiteke, eta ibilbidea mugaz haraindiko Bicimugi (Interreg-POCTEFA) proiektuari eta Atlantikoko Arkuko funtsei esker garatzen ari da.

Halaber, 123 kilometroko bide berdeak ditu Nafarroak honako hauetako trenbide zaharretan barrena: Bidasoa (34), Plazaola (41), Irati (6,4), Vasco-Navarro (29) eta Tarazonikoa (13). Ibilbide horiei guztiei beste 3.050 kilometro gehitu behar zaizkie, gehienak balizatuak eta beste batzuk seinaleztatzeko prozesuan, BTT deituriko espazioetan; hau da, mendiko bizikletaz egiteko ibilbideak. Lizarraldeko zonan aurkitzen dira gehienak, gutxi gorabehera 2.200 kilometro, joan-etorriko ibilbideetan. Ondoren, Irati-Abodi ingurua dago 400 kilometrorekin eta Eremua 120rekin. Horrez gain, Plazaolako BTT ibilbideak daude Larraungo haranean (60 kilometro); beste 170 kilometro Jurramendi Bizi ibilbidean, Dicastillon eta Arellanon; azkena Nafarroa Erdialdekoa sartu da, eta Bigangoz BTTk 100 kilometro ditu, Erronkarin; eta, azkenik, Bardeetako (33 kilometro) eta Urederrako (23 kilometro) bideak ere aipatzekoak dira, besteak beste.

Txirrindularitza-ibilbideen sarea zazpi BTT zentrorekin osatzen da; zikloturistak hartzeko guneak dira, eta horietan hainbat ibilbide hasten dira. Zentroak honako herri hauetan daude: Lizarra, Zubiri (Esteribar harana), Otsagabia, Lekunberri, Leitza, Latasa eta Erriberri.

Hain zuzen ere, lursail lauak, batzuk desnibel handiagokoak, basoak, desertuak, trenbide zaharrak,… dira. Gustu guztietarako ibilbideak, egun bakar batean, bitan edo aste batean egin daitezkeenak, eta familiarekin, lagunekin edo bikotearekin. Aukera mordoa bisitariek zein nafarrek lurraldea bi gurpilen gainean aurkitzeko edota berraurkitzeko. Gainera, Foru Gobernuak bizikletaren aldeko apustua egiten du turismo segurua, iraunkorra eta osasungarria suspertzen laguntzeko elementu gisa, COVID-19aren osasun-krisiak eragindako efektuen ondoren. Bestalde, kontsumorako eta aisiarako pandemiak bultzaturiko ohitura berriekin loturiko eskaera gero eta handiagoari erantzuten dio.

Gabeziak eta hobetzeko proposamenak

Hala ere, eskaintza turistiko honek proiekzio garrantzitsua eta garatzeko gaitasun handia ditu oraindik. Hori dela-eta, Foru Exekutiboarentzat beharrezkoa da ibilbide bakoitzaren egoera zein den berrikustea eta produktuaren fitxa bat egitea, estatu eta nazioarteko mailako ibilbideetan helmuga nabarmena izateko beharrezko ibilbide guztiarekin. Kontuan izan behar da bereziki zikloturismoa ingurumen-inpaktu baxuko eskaintza turistikoa dela, ingurune naturalarekiko ez erasokorra, eta eragin ekonomiko positiboa duela barne eta landa eremuetako garapen ekonomikoa sustatzeagatik. Gainera, inbertsio baxu samarrak eskatzen ditu, eta amortizazioa oso azkarra da.

Garapen horretarako gakoetariko bat toki-administrazioen arteko koordinazioa eta lankidetza dira, eta baita Foru Gobernuarekikoa ere, gune horien kudeaketari eta mantentzeari buruzko akordioak lortzeko eta bertako biztanleak sentsibilizatzen aurrera egiteko.

Planaren bitartez, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiaren asmoa da “zikloturismoko produktu egituratua, egokitua eta helburu den publikoarekin koherentea dena sortzea, sinergia publiko-pribatuak bilatuaz, Nafarroa helmuga natural, iraunkor, adimentsu, osasungarri, ekologiko, zikloturista eta inklusibo egiten laguntzearren”.

Horretarako, zikloturismoaren inguruko zerbitzuen sare osoa bultzatzea proposatzen du, oraindik hasierako fasean dagoena. Gaur egun, ostatu-eskaintza osoaren %0,67a baino ez dira bizikleta-zerbitzuak dituzten gune ziurtatuak. Gaur egun, zikloturismoan espezializatutako 27 enpresak kopuru osoaren %17ra iristen dira. Beraz, zikloturismoarentzat zuzendutako beharrezko inbertsioetarako errefortzua sartu da Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiak inbertsioetarako laster aterako dituen laguntzetan.

Planaren helburuetariko bat bizikleta bidezko turismoarekin loturiko baliabideen sare hori guztia bultzatzea da, Nafarroa arlo turistiko horretan erakargarria izatearren. Modu horretan, hurbileko eskualdeen eta inguruko herrialdeen eskaintza aztertzeaz gain, herritarrek parte hartzeko dokumentua ireki du, eta, horrela, ekarpenak egin ahal izango dira abuztuaren 15era bitarte.

Neskato bat bizikleta ibilbideetako bat zeharkatzen.