Aviso Aviso
Koronabirusari aurre egiteko pixkanaka hartzen ari diren neurriak direla eta, programatutako ekintza eta jarduera asko aldatu edo bertan behera uzten ari dira. Beraz, atarian argitaratutako edozein eduki egiaztatzea gomendatzen dugu.
KoronabirusaNafarroa-ri buruzko azken berriak jarrai ditzakezu web atari honetan: http://koronabirusa.nafarroa.eus
Berriak

2020ko eka. 12ko prentsa-oharra

Donejakue bidea baliabide ezin hobea da tokiko turismoa berrindartzeko, baita estatukoa nahiz nazioartekoa ere, jasangarritasunari eutsiz

Donejakue bidea baliabide ezin hobea da tokiko turismoa berrindartzeko, baita estatukoa nahiz nazioartekoa ere, segurtasuna eta askotariko eskaintza bermaturik ibilbideko autonomia erkidego guztiek elkarlana eginez, kudeaketa errazten duten irtenbide teknologikoak bilatuz eta tokiko eragileekin lan eginez, horrela konfiantza sor dadin.



Jarduketa horiek abian dira jada eta helburu dute segurtasunari eutsiz uda honetan Bidea suspertzea eta Done Jakueren urtea beste era batean ospatzea 2021ean, egungo egoera aintzat hartuta, bide honek dituen indargune eta aukeretatik abiaturik, uztartzen baititu pertsona bakoitzaren esperientzia sakona, eta ondarearen, kulturaren eta turismoaren alorretako aberastasuna. Nafarroako IV. Turismo Jardunaldian honako gai hauek jorratu dira, besteak beste: Donejakue bide frantsesaren eraldaketa eta aukerak COVID-19aren garaian.

Topaketa horri Manu Ayerdi Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak eman dio hasiera, eta Rebeca Esnaola Kultura eta Kiroleko kontseilariak bukatu du. Parte-hartzaile ugari izan dira: Grial Ibáñez de la Peña, Kultura Ministerioko autonomia erkidegoekiko lankidetza kulturaleko zuzendariordea; Cecilia Pereira, 2021 Done Jakueren urtearen kudeatzailea; eta turismoko zenbait zuzendari nagusi: Nafarroakoa, Maitena Ezkutari; Gaztela eta Leongoa, María Estrella Torrecilla Crespo; eta Aragoikoa, Ellén Allué. Gainera, Nagore Espinosa In2destination-eko zuzendari exekutiboa aritu da moderatzaile lanetan.

Manu Ayerdi kontseilariak gogorarazi du Donejakue bideak “balio ikaragarria” duela, Nafarroako ondare materiala eta immateriala den aldetik, eta “garatzeko indar handia” duela. Bere ustez, “gure komunitatean gehien sendotu diren marketako bat da eta lehen mailako segmentu kultural berezi gisa dago eraturik, hala hurbileko merkatuari begira nola Europakoari, Nafarroako Turismoaren 2018-2025eko Plan Estrategikoak aitortzen duen bezala”; horrez gain aipatu du “bideari esker bizi diren eragile enpresarial turistiko eta kulturalen sare garrantzitsua”.

Inklusioari dagokionez, eztabaida foroak zenbait jarduketa ildo erakutsi ditu. Alde batetik, aztertu da Bidearen irisgarritasuna landu beharra dagoela: bai irisgarritasun fisikoa (horretarako badago jada Tur4all-en proposamen bat), bai digitala, ONCE Fundazioarekin lankidetzan garatzen ari den proiektuarekin. Beste alde batetik, azpimarratu da garrantzitsua dela Bidea adeitsua eta askea izatea emakumeendako. Dagoeneko Lizarrako Udalak ekimen bat bultzatu du ildo horretatik, eta Bideko udal orotara zabaldu beharko litzateke hori.

Rebeca Esnaola Kultura eta Kiroleko kontseilariak, bestalde, nabarmendu du “esparru kulturalak eta esparru turistikoak oso harreman estua” dutela. Haren esanetan, “Donejakue bideak ederki erakusten du harreman hertsi hori, zeinetan bi esparruek elkarren beharra duten eta elkar aberasten duten”; jarraian gaineratu du Bidea dela etengabeko bilakaera duen ondarea, “non elkartzen diren ondare historikoa, paisaia kulturala eta ondare naturala”.

Guztiak bat etorri dira ideia hauetan:

1) Donejakue bidea da mundu osoan aitortzen eta baloratzen den marka bat.
Hona datu batzuk:
-Nafarroan, penintsulara sartzeko atari handi horretan, Donejakue bideko turisten %75 nazioartekoak dira.
-Asian dagoen interesak gora egin du, ez bakarrik Japonian, Korean eta Txinan, baita Asiako hego-ekialdeko pertsonengan ere.
-Aurreikusten da uztailetik aitzina nabarmen handituko dela erromesen kopurua ibilbide guztian.
2) Beharrezkoa da erronkak eta lan-proposamenak mahai gainean jartzea, lehiakortasuna, jasangarritasuna eta inklusioa aintzat hartuta.
3) Donejakue bidea aukera bat da barne turismo pertsonalizatua eta jendetzarik gabea izateko. Iniziazio esperientzia bat, berriro ere geure buruarekin topatzen laguntzen diguna.
4) Bideak bertako herritarrei ere aukera ederra ematen die ondarea ezagutzeko, kultura ibilbideak eta txango ederrak egiteko, eta kultura jardueretan parte hartzeko.
5) Pandemiak irakatsi digu beharrezkoa dela harreman hertsiagoa izatea naturarekin, kulturarekin, hausnarketa sakonarekin eta elkartasunarekin. Balio horiek guztiak lotuta daude, noski, Bidearekin.
6) Erreserbak digitalizatu beharra dago, informazioa eman eta jarduera osagarriak egin, bertatik bertara gozatu ahal izateko, bai naturaz eta bai Bidearen esperientziaz.
7) Genero ikuspegia sartu behar da Bidearen plangintzan.
8) Ostatu eta zerbitzu egokitu eta inklusiboak behar dira.

Abian diren ekintza eta proposamenak:

Grial Ibáñez, Autonomia Erkidegoekiko Lankidetza Kulturaleko zuzendariorde nagusia (Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioa) eta Done Jakueren urtearen Kontseiluko kidea.

Hasiera beretik ekin zioten zenbait lantaldek lanari, Bidean segurtasuna bermatzeko, eta laguntza emateko alarma-egoeraren hastapenean Bidean zeuden erromesei, 4.000tik gora baitziren.

Maitena Ezkutari, Nafarroako Gobernuko Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusia.

Nafarroak badu Bideari lotutako Plan estrategiko bat. Bertan zenbait departamentu eta zuzendaritza nagusik hartzen dute parte, ekintzen koordinazioa indartzeko. Bi mahai dira Planaren euskarriak: bata barnekoa da, eta bestea kanpokoa, inplikatutako sektorearekin eta eragileekin lan egitekoa.

Hauxe dugu osoko begirada honen ondorioetako bat: uda honetan, egoera berriari egokiturik, turismo dinamizazioa egin beharra dago kultura enpresen laguntzarekin (antzezpenekin aberasturiko bisitak, kontzertuak).

Erreserbak Internet bidez egiteko sistema bat ari dira lantzen, eta turismoko Lanbide Heziketa duten gazteen prestakuntza ari da indartzen, etorkizunean gidari eta informatzaile gisa jardun dezaten.

Beste ildo estrategiko bat da bidea zikloturismorako prestatzea EuroVelo3 ibilbidean barrena.

Cecilia Pereira, 2021 Done Jakueren urtearen komisarioa, Galiziako Xunta.

Done Jakueren urtea birplanteatzea inplikatuta dauden talde guztiekin (Administrazio kudeatzaileak, turismoko enpresak, elkarteak, tokian tokiko eragileak, eremu akademikokoak eta ikerketaren alorrekoak, beste askoren artean). Segurtasuna betiere aintzat hartuta, zenbait helburu estrategiko finkatu dituzte: “ekonomia sustatzeko eta gogo aldarteak indartzeko faktoreak izanen dira”, tokian tokiko susperraldia bideratzeko, nazioarteko ikuspegi batekin. Hona berrikuntzak: Aplikazioak, aterpetxe publikoen erreserbak Interneten bidez egiteko. COVID-19aren inpaktuari buruzko azterlana, Santiagoko Unibertsitateak egina.

Maria Estrella Torrecilla Crespo, Turismoko zuzendari nagusia, Gaztela eta Leongo Gobernua.

Erkidego horrek du Bideko tarterik luzeena, eta han arte erromanikoaren erakusgarri bikainak daude.

Ibilbidea hobetzeko lanak ari dira egiten. Hobetze horiek, gainera, dibertsifikazioa bultzatu nahi dute, eta gutxiago ezagutzen diren tarteak dinamizatu, atseden- eta informazio-guneak jarrita erromes gutxiago ibiltzen den eremuetan. Erantzukizunpeko adierazpena, aterpetxeendako eta zerbitzuendako.


Ellén Allué, Turismoko zuzendari nagusia, Aragoiko Gobernua.

Donejakue bideari pisu gehiago eman nahi diote Aragoiko turismoa suspertzeko Talka Planean, eta nazioarteko merkatuei begiratu, erromes gehiago erakartzeko.