Arroila oso hurbil dago Irunberritik. Bada, herri horretatik abiatu eta zintzurraren ondoan dagoen aparkalekura iritsiko gara. Irati errekak kareharrian hondeatutako haitzartea da Irunberriko arroila, Leire mendiaren mendebaldeko muturrean,
Nafarroako Pirinioen oinetan. Nafarroako mendi-zintzurrik ikusgarrienetakoa da, Irati ibaiak milioika urtetan landutako paisaia. Gaur egun ere, errekak hortxe dihardu egunez egun bere arrastoa uzten izadiaren santutegi honetan. Natur erreserba da 1987tik hona.
Irunberrikoa
arroila meharra eta txikia da, luzeran 1.300 metro ditu eta edertasun ikusgarria dario alde guztietatik. Hormarik altuenak 150 metro gora dira, eta bere arraildura, haustura eta erlaitzetan sai arre eta ugatz ugari bizi dira, haitzartera eginen duzun bisitan lagun izanen dituzunak. Arroila ere azerien, basurdeen, azkonarren eta sai zurien babeslekua da eta erkametzez eta abaritzez beterik dago. Baina era askotako zuhaixkak hazten dira kareharrizko hormetako arrailetan: ezkaia, izpilikua eta ollaga, besteak beste. Arroilaren sarreran eta irteeran, berriz, badira makalak, sahatsak eta lizarrak.
Beste mendi-zintzur batzuk ez bezala, Irunberrikoa aise egin daiteke oinez harkaitzen oinean doan bide zabal batetik. Guztira 2,6 kilometro dira. Beste mendi-zintzur batzuk ez bezala, Irunberrikoa aise egin daiteke oinez harkaitzen oinean doan bide zabal batetik:
Irunberriko arroilaren natur bidetik. Guztira 2,6 kilometro dira.
Bidea seinaleztatua dago, erreka ondotik doa eta argi artifizialik gabeko bi tunelen bitartez zeharkatzen du harkaitza: batak 167 metro ditu eta besteak, berriz, 206. Azken tartean, bideak arroka inguratu eta
Deabruaren Zubiaren arrastoetaraino iristen da. XVI. mendean eraikitako zubi horrek bazuen errekatik 15 metroko altueran zegoen arku bat. Independentziako Gerran, frantsesek 1812an suntsitua, izena elezahar bati zor dio. Kondaira horren arabera, zubigileak laguntza eskatu zion deabruari zubi hura egiteko.
Bigarren ibilbide bat dago han,
herribide batek markatzen duen. Kolore berde-zurien eta zurezko zutoinen bidez seinaleztaturik dago, bideak aldameneko mendi-hegaletatik arroila inguratu eta itzulbidea zintzur barrenetik egiten du, harik eta hasierako aparkalekura iritsi arte. 6 kilometro baino gehixeago luze izanik, 175 metroko desnibela duenez, inguruko bazterrak ikusteko aukera paregabea ematen du
Hegaztiei behatzea da natur erreserbak eskaintzen duen beste jarduera erakargarri bat. Gozatu sai arreen hegaldi dotorea NA-178 errepidearen ondoan dagoen behatokitik, Jakako errepideko bidegurutzetik hurbil. Behatoki horretatik saien janlekua ikusiko duzu eta, era berean, airean zintzilik dauden harrapari handiak, harrapakinen kontra jo baino lehen.
Ibilbide gomendatua, Irunberriko arroilaren ingurune hurbila ezagutzeko.