Parkearen sarreran lorategi botanikoa dago. 100 urte baino gehiago ditu eta
natur parkearen altxorrik handiena da. Hango bide-sareak 120 zuhaitz eta zuhaixka espezie baino gehiago miresteko aukera emanen dizu. Zigak Nafarroako Gobernuari dohaintzan eman zion finka osoa 1949an eta, geroago, nafar Gobernuak Parke Naturala deklaratu zuen. Lehenengoen artean, pagoa da espezierik zabalduena, eta bitxienen artean ondokoak aurkituko ditugu: nekosta soildua, Libanoko zedroa, Txinako
gingkoa, Suaren Lurraldeko araukariak, Kaliforniako sekuoiak, kameliak, azaleak eta banbuak.
Art Nouveauren bitxi ederrek, urmaelek, estalpeek,
Belle Epoque estiloko behatoki batek eta jaurerriko kaperak handitzen dute paradisu horretako edertasun esklusiboa.
Dena den, lorategia ez da
Bertizko alderdi erakargarri bakarra. Behatoki horretatik hurbil Zigaren jauregia dago -gaur egun, erakusketa gela da-, bai eta
Naturaren Interpretazio Zentroa ere, parkeko ekosistemez eta inguruko naturguneez azalpenak ematen dituena. Lorategian ere, ikaztobiak erakusten du egur-ikatza nola egiten den eta gisu-labeak, berriz, kareharria egosteko modua.
Lorategitik at berdegune zabala dago, zerbitzu asko eskaintzen dituena: askaldegia eta zabuak; aparkalekua;
eskultura erakusketa aire zabalean; txondor bat, ikatz begetala nola egiten den erakusteko jarria; kareharria kiskaltzeko karobi bat; eta
turismo informazioaren bulegoa, zerbitzuan kalitate handia emateagatik
Q kalitateko ziurtagiria eskuratu duena. Bulegoan parkeko mapa-gidaliburu bat eskaintzen dute, natur kokagune horretako instalazioei eta ibilbideei buruzko argibideak dituena. Abiapuntu egokia da basoan sartu nahi baduzu. Parkeko lekurik zabalena da hura, eta 110 eta 842 metro bitarteko altuerak ditu.
Hona hemen
Bertizko Natur Parkean egin ahalko dituzun
ibilbide batzuk:
-
Aizkolegi: 11 kilometroko mendi-bide batek eramanen zaitu Bertizko eremurik gorenera: Aizkolegi jauregira. XX. mendearen hasierako eraikuntza modernista horrek erakutsiko dizu duela mende batean jaurerriak izan zuen osperik handieneko garaia. Gaur egun itxita dago. Begiratoki bikain bat osatzen du parkearen gainean eta ibar mugakideak.(Kalkulatutako denbora: 6 eta 7 ordu bitartean)
-
Plazazelai: 8 kilometroko ibilbide lineala da. Bertizko jaurerriaren eta Baztanen arteko muga zehazten duen atakaraino. (Kalkulatutako denbora: 5 ordu). Bizikletaz ibiltzeko baimena duen ibilbide bakarra da.
-
Irretarazu bidexka: txondorretik abiaturik, mendi-bideetan dabilen 7 kilometroko zidorra da. Basoaren erabilpen tradizionalak erakusten ditu ibilbide horrek. (Kalkulatutako denbora: 4 ordu). Hona hemen luzera gutxiagoko bi aldaera:
Senda del Suspiro (5 km) izenekoa eta
Iturburuako (3 km) zidorra.
Edozein urtaro egokia da parkea bisitatzeko, baina uda partea aukeratzen baduzu, landarediak bere edertasun osoa erakutsiko dizu, bai eta itzal freskagarria eskaini ere. Udazken erdian, udako berdeminari hostoen gorria nagusituko zaio -era guztietako gorria- eta, zalantzarik gabe, garai paregabea izanen da hegazti aunitzen migrazioa ikusteko.
Bertizko Parkea ere oso toki egokia da
Baztan aldean txangoak egin eta jauregien kanpoaldeko egitura eder-ederrak ikusteko. Konparazio batera, Arraioz, Elbete, Elizondo eta Iruritako jauregiak, denak XV. mendetik XVI. mendera bitartean Baztango harri gorriarekin eraikiak.
Ibilbide gomendatua, Bertiz jaurerriko ingurune hurbila ezagutzeko.