Julian Gayarre
Erronkarin jaio zen 1844an, familia xume batean. Artzain izan zen 15 urte bete arte. Adin horretan Iruñera joan zen lanera. Hasieran, dendari aritu zen eta, gero, arotz. 18 urtetan, Joaquin Maya musikariak aurkitu zituen Gayarre gazteak kanturako zituen dohainak Iruñeko Orfeoia sortu berrian. Beka bat jaso zuen Madrilgo Kontserbatorioan ikasteko eta, 1868an, kantu arloko bigarren saria irabazi zuen. Gero, Nafarroako Gobernuak beka bat eman zion, Milanen ikasteko, eta Italiako hiri horretan berehala lortu zuen arrakasta. Txalo zaparraden artean atera zen Italian, Errusian, Austrian, Alemanian, Frantzian, Argentinan... harik eta 1889an, Madrilen abesten ari zelarik, ahotsa behin betiko urratu zitzaion arte. 1890eko urtarrilaren 2an hil zen.
Zoritxarrez ez da haren ahotsa inon ere grabatuta aurkitu, baina garai hartako kritikarien arabera, dohain berezia zuen kanturako, ahots ederra eta izen handi-handia. Bitxikeria gisa esan behar da
Gayarrek eman ziola Wagner konpositoreari erabateko arrakasta, alemaniarrak egindako Tannhäuser eta Lohengrin operak oholtza gainean abesterakoan.
Bere sortetxean ikusgai daude tenoreak bere saioetan erabilitako jantzi asko eta asko, bai eta attrezoko beste osagai batzuk ere, esaterako, eskularruak, zapatak, ezpatak eta postizoak.
Halaber, Gayarrek bere bidaia ugarietatik ekarritako gauza bitxiak daude, esate baterako, bizikleta bat, garai hartako karroza bat eta billar-mahai bat. Era berean, ikusgai daude abeslariak bere bizitzan jasotako sariak, dominak, opariak, edo argazkiak, bai eta lore-koroak ere.
Museoko toki nabarmenean
tenorearen laringea dago, familiak baimena eman baitzuen heriotza gertatu eta ordu gutxira huraxe erauzteko, adituek azter zezaten.
Bilduta dauden era guztietako agirien artean, badira partiturak, libretoak, diplomak, prentsa artikuluak, kritika musikalak, kartelak eta eskuz idatzitako gutunak eta, era berean, abeslaria hil eta bere oroitzapenetan egindako omenaldien eta abian jarritako ekimenen materialak.
Bukatzeko,
garai hartako altzariak ere ageri dira goiko solairuko logelan eta aldameneko gelan. Horra abeslariaren etxean bisitariak ikusiko dituen gauzak.
Museo etxearen bisitaren osagarri, badago tenorearen gorpua barne hartzen duen
mausoleoa ikusteko aukera. Eskultura lan ederra da eta herriko kanposantu lasaian dago.