Viana Donejakue bidearen azken herria da Nafarroan. Mugakide da Errioxarekin eta soilik 3,5 kilometrora dago Logroñotik. Labore soroz, mahastiz, almendrondoz eta olibondoz inguraturik dago 4.000 bizilaguneko hiri txiki hau.
Donejakue bideak markatu du, bai eta XVI. mendetik XVIII.era ekonomian eta kulturan bizi izan zuen goren aldiak ere. Garai hartako arkitektura zibilak eta erlijiosoak adibide bikainak utzi dizkigu.
Historia pixka batErrege Antso VII.a Azkarrak Viana ofizialki 1219an sortu zuen erresuma Gaztelatik defendatzeko helburu argiarekin. Muino batean eraikia, hiri gotortuaren egitura garbia du eta bere karrika estuak oraindik puska batean zutik dirauen Erdi Aroko harresi lodi eta altuaren gerizpean daude. Maiz, errege-erreginen egoitza izan zen. 1423an, errege Karlos III.a Prestuak Vianako Printzea titulua eratu. Gaur egun, Felipe de Borbon y Greciak eta Letizia Ortiz Rocasolanok dute Vianako Printzea titulua eta hiria 14 herriz osatutako Printzerri bateko hiriburu bihurtu zuen.
Vianak XVI. menditik XVIII.era bizi izan zuen bere garapenik handiena. Izan ere, 1630ean hiri titulua lortu eta, ondotik, hara bizitzera joan ziren nobleek eraikin zibil eta erlijioso ugari eraikiarazi zituzten.
Arkitektura erlijiosoaArte erlijiosoaren adibide bikain bi aurkituko dituzu Vianan:
Andre Mariaren eliza eta San Pedro eliza. Andre Mariaren eliza handi eta eder hori herriko
monumenturik deigarrienetakoa da. 1250etik 1312ra eraiki zuten estilo gotikoan. Gero, XVI. mendean, dorrea eta hegoaldeko atari errenazentista erantsi zitzaizkion. Tenpluaren oinetan, gorapeko lauzen azpian, hantxe dautza Zesar Borgia gerlari, printze eta kardinalaren gorpuzkinak, Vianatik hurbil 1507an hila.
Nahiz-eta XIII. mendeko San Pedro eliza hondatua egon, ongi kontserbatu da XVIII. mendeko bere atari barrokoa. San Pedroren irudia atari horretako horma hobi batean dago. Kanposantu zaharra ere ongi iritsi zaigu eta gaur egun parkea da. Handik zoragarri ikusiko dituzu Erdi Aroko hormak, bai eta Errioxako nahiz Arabako mendi bazterrak ere.
Hiriko eta inguruko beste eraikin erlijioso nabarmen batzuk dira San Frantzisko komentua eta hainbat baseliza: Nuestra Señora de Cuevas, Trinidad de Cuevas, Cruces edo Calvario eta, azkenik, San Martin de Tidón.
Arkitektura zibilaVianak ere baditu jauretxe armarridun aunitz, esaterako: Añoa y Bustotarren jauretxea, Santa Maria kalean; Ripatarren fatxada noblea, toskanar zutarriak dituena; Ichasotarren etxe handiko teilatu hegala eta barne kupula; Muzquiz-Aldunatetarren forjako balkoiak; Dicastillo, Urra edo Cerecedatarren jauregiak; eta Graziako Gure Ama Birjinaren ospitale zaharra, gaur egun Kultur Etxearen eta Herri Liburutegiaren egoitza dena.
Era berean, oso nabarmentzeko modukoak dira bi eraikin barrokoak, bi-biak XVII. mendekoak. Horietako bat plaza del Coso-n dago, balkoi luzea du eta ohorezko palkoa zen zezenketetan. Bestea, aldiz, Foruen plazan dago eta baditu arkupeak, toskanar zutarriak eta armarria. Gaur egungo udaletxea da.
GastronomiaGauza goxoak gustatzen bazaizkizu, urriaren erdian
Asteburu Gastronomikoa egiten da. Herriko tabernek era askotako pintxoak eskaintzen dituzte eta, nahi izanez gero, Viana eta Arasko upeltegietan egindako ardo bikainez busti ditzakezu, Errioxako Jatorrizko Deituran sarturik daudenak.
Gainera, azaroaren 11n, San Martin ospatzeko, aza prestatzen dute barraskilo eta fritadarekin. Bestalde, urtarrilaren 16an, patatak egosten dituzte haragi, lukainka eta baratxuriekin. Vianan ere beste hainbat jaki nabarmendu behar dira: artisautza-hestebeteak, babarrun gorriak, españoletak eta mantekadak, bai eta Nafarroako destilategi zaharrenetako batetik datorren patxarana ere.
Beste bisita interesgarri batzukViana eta Logroño artean, ez galdu Las Cañas urtegia bisitatzeko aukera. 1987an Natur Erreserba izendatu zuten eta 1990ean, berriz, Hegaztien Babesgune Berezi. Hegazti espezie asko bizi dira eta behatoki bat dago.
Arasko errepidetik Longarreko Hipogeora iritsiko zara, duela 4.500 urteko hileta ganberara, alegia. Vianatik hurbil, badira ehiza barrutiak eta arrantzan aritzeko eremu libreak.