Corellak 7.500 biztanle ditu eta Nafarroako hego-mendebaldean dago, Erribera esaten zaion lurraldean. Alhama ibaiaren ibarreko nekazaritza lur emankorren artean eraikia dago, tradizio handia du mahastigintzan eta balio handiko arte ondareaz hornitua dago: Corella Nafarroako
barrokoaren ikurra da.
Mendez mende, Alhama ibaiaren ibarrean gerra ugari gertatu ziren Nafarroa eta Gaztela artean, mugaldean zuen kokapen estrategikoa zela eta. Herri honetan Errege-erregina katolikoen ezkontza hitzartu zen. 1630ean, Felipe IV.ak hiri titulua eman zion eta, 1711n, Espainiako Gortea hartu zuen lau hilabetez.
Barrokoa CorellanTxoko guztietan oin-etxeak, jauregiak -horietako asko armarridunak- eta komentuak aurkituko dituzu. Eraikin horiek guztiek iraganera eramamen zaituzte, hiriak ekonomian eta gizartean goia jo zuen garaira, hain zuzen. Corellako arkitektura zibilak bere berezitasunak ditu. Horrela,
adreiluz eraikitako eraikinak dira, baina sarrerako atariak eta armarriak harrizkoak. Halaber, balkoietan forja aurkituko dugu. Eraikuntzarako gaia izateaz gain, adreiluak aukera ere ematen zuen efektu handiko dekorazioa egiteko, argi-itzalezko kontraste handiz beterikoa.
Auzo monumentala bere osoan ikusteko eta arte arloko harribitxi bakar bat ere ez galtzeko, aukera ona da Foruen plazan hasten den ibilbideari jarraitzea.
Encarnación-Fundación Arrese deitutako museoan bukatzen da. Jarraian, hona hemen ikusi beharreko monumentu batzuk:
Foruen plazan Virto de Vera familiaren etxea aurkituko duzu (XVIII. mendea) eta
Arrosarioaren eliza (XV. eta XVI. mendeak) ere bai. Adreiluz egindako eraikuntza ikusgarria da, erretaula nagusia ederra da benetan eta Vicente Berdusanen lanak ditu. Merezi du, merezi duenez, Espainiako plazaraino iritsi eta
Bajamarreko Markesen etxe aurrean gelditzea, oso ongi kontserbatua dagoen jauretxea baita.
Ibilbidean herriko eraikin erlijioso barrokorik nabarmenena agertuko da,
San Migel parrokia, alegia. Corellako
zaharrena da, baina XV. mendetik aurrera, sakon birmoldatu zuten eta hasierako tenplu hartatik ez dago arrastorik ere. Ez galdu XVIII. mendeko erretaula nagusia ikusteko aukera. San Migel elizaren aitzinean dagoen etxe xume batean plaka batek gogoratuko dizu non bizi izan zen Mariano Jose de Larra idazle eta kazetaria (1809-1837), bere aita Corellan mediku aritu zelarik.
San Migel kalean Erriberako arkitektura zibil barrokoaren bi adibide bikain daude: batetik,
Arresetarren jauregia, pastel-koloretan egindako dekorazio rococo harrigarria duen eraikina -ez dago jendearentzako zabalik- eta, bestetik,
Kateen etxea. Eraikin hori deigarri gertatuko zaizu bere ate nagusietan zintzilik dauden burdinazko bi kate lodiengatik.
1711n, etxe horretan Saboiako Maria Luisa erregina bizi izan zen, Felipe V.aren emaztea, bere tuberkulosia sendatzera joan baitzen Corellara. Medikuen arabera, inguru honetako eguraldi idorrak eta baratxuritan oinarritutako dietak erreginaren osasuna hobetuko zuten. Lau hilabetez Espainiako Gortea Agustin Sesmakoaren etxean finkatu zen. Orduz geroztik, etxe horretako atarietan kateak daude errege-erreginei esker ona adierazteko.
Azkenik, Encarnacion-Fundacion Arrese museoa dago. Erakargarria da, besteak beste, XVII. mendeko ama beneditarren komentu batean dagoelako. Barnean, artelanen bilduma interesgarria dago ikusgai eta horien artean hauek dira nabarmentzekoak: Claudio Coelloren erretaula, Vicente Berdusanen lanak, bai eta Antonio Gonzalez Ruiz pintore corellarrarenak ere.
Ez ahantzi
Villarreko Ama Birjinaren santutegia bisitatzea (XVII. mendea). Baseliza hori hiriko zaindariari eskainia dago eta bere irudiak gogora ekartzen digu XII.-XIV. mendeetako tailu gotikoen estiloa.
Gastronomia eta festa ospakizunakAtsedenaldietan, gozatu zure kultur ibilbidea zapore pixka batekin. Corellako baratzaren espezialitateak
zainzuriak, karduak eta baratxuriak dira besteak beste, eta lur honetako ardo onarekin batera dastatu beharko dituzu. Ardoa Nafarroa jatorrizko deituraren barnean dago. Gozogintza gustatzen bazaizu,
"bollueloak" dastatu beharko dituzu, almendrazko eta hostorezko pastel frijituak, alegia.
Aste Santua garai egokia da Corellara etortzeko. Izan ere, diotenez, Ostiral Santuko prozesioa Ebro ibar osoko prozesiorik barrokoena eta deigarriena da.
Interes Turistiko Nazionala duen prozesioa da eta, era berean, Espainiako 50 prozesio tipiko eta berezienen artean dago. Zezenketa giroa nahiago baduzu, zatoz irailaren 23tik 30era San Migelen ohoretan egiten diren festetara.