Paisaia ahaztezinak; baserri txukunak;
eliza erromaniko ederrak,
Egiarretako Santiago Itxasperrikoa, adibidez, kanpai-horma sendoa duena; gastronomia gozoa; festa bihurtu diren ohiturak; eta zerbitzu ugari. Horrela laburbiltzen da
Sakanaren muina. Irurtzundik Gasteizera doan A-10 autobidearekiko paraleloa da korridore hura. Aralar mendiak babesten du iparraldean, eta hegoaldean, berriz, Urbasa-Andiako Natur Parkeak. Bi paisaiek txango ugari eskaintzen dizkiete
mendizaletasuna eta
mendi ibiliak gogoko dituztenei.
Aralar mendia gune karstiko handia da, eta bi sarbide ditu, Lekunberritik, bata, eta Uharte-Arakiletik, bestea. Azken horretatik abiatuta
Zamartzeko monasterio erromanikora heltzen da. XII. mendeko monumentu historiko-artistikoa da hura, landa erromanikoaren adibide ederra. Handik, porlanezko pista bat abiatzen da ezkerretara, eta 17 kilometroko zidor lineal batetik
Aralarko San Migel santutegira heltzen da. Txikia da hango tenplua, eta San Migelen irudi barrokoa eta XII. mendeko erretaula erromanikoa gordeta daude elizan. Azken hori Europako esmaltegintzako obra nagusietako bat da.
Arakil ibarra zeharkatuta, Etxarri-Aranatzera helduko gara.
Trikuharrien ibilbidea dago han. Bi ibilbide biribil daude han, eta hariztiak, pagadiak eta erreka freskoak zeharkatzen dituzte. Bidearen kilometroen kopurua eta bisitatzen diren trikuharrien kopurua dira bien arteko desberdintasunak. 15 kilometro ditu luzeenak, eta Historia Aurreko monumentu horietariko 10 ikusteko aukera eskaintzen du. Besteak, berriz, 9,7 kilometro besterik ez du, eta 2 monumentu megalitikotara soilik eramanen gaitu.
Urbasa-Andiako Natur Parkean larreak eta pagadi usuak tartekatzen dira. Hango paisaia karstikoan ugari dira leize-zulo eta pitzadurak, turkesa koloreko iturburuak eta ikuspegi mugagaberik gabeko behatokiak. Ehiztari, artzain, egurgile eta ikazkinek mendeetan izan zuten bizimoduaren oihartzunek zipriztintzen dituzte paisaiak. Merezi du
parkearen interpretaziorako zentroan bisita hastea, flora eta faunari buruzko datuak biltzeko eta bertako zidor ugarien berri izateko aukera izanen baitugu.
Parke horretako txangorik ohikoena da
Beriain mendira igotzea (1.493 metro), erdaraz
San Donato izenez ere ezaguna, gailurreko baselizako santuaren izena baita. Hamarna kilometrotatik ikusten da mendiaren profil izugarria. Hondartuta dagoen harrizko itsasontzi izugarria ematen du menditzar horrek. Izan ere,
Andia mendiko gailur gorena da. Hara igotzeko ibilbide batzuk dauden arren,
Unanutik abiatzen da erabiliena. Herri horretako elizaren karrika oihan pista batean bukatzen da, eta, handik, Beriain mendiaren hego-ekialdeko magalera abiatzen da pista hura. Aski handia da ibilbidea egiteko behar den ahalegina, malkar handiak igo behar baitira igoeran. (Denbora, gutxi gorabehera: 3,30 ordu)
Gastronomia Eskualdeko artisautza produktuak dastatzeko gomendatzen dizugu.
Ardi-gazta atxikirik dago Nafarroak eta Gipuzkoak partekatzen duten
Idiazabal sor-markari.
Txistorra txerrikiz egindako hestebetea da, errea edo frijitua jatekoa. Sakanan egiten dira herrialdeko txistorrik onenak. Beste jaki gozo batzuek betetzen dute gastronomia saskia, haragi samurrek edo sagardo zaporetsuak, besteak beste.
Festak eta ohiturak Santa Ageda eguneko ospakizunak garrantzitsuak dira Altsasun. Gazteak, musika eta dantza tipikoak dira festaren protagonistak, besteak beste:
zortzikoa;
inauteriak eta
hango momotxorroak, Historia Aurreko erritu batetik aterata ematen duten pertsonaia bereziak; eta azienden urriko azoka. Ibarreko beste festa ospetsuetako bat da
Uharte-Arakileko Artzai Eguna. Egun horretan ere egiten dira artzain txakurren Nafarroako txapelketa eta gazta lehiaketa.
Aipamen berezia merezi du eskualdeko kulturaren eta idiosinkrasiaren beste ezaugarri nabarmenetako bat:
euskara. Belaunaldiz belaunaldi transmititu da hizkuntza hori, eta, gaztelaniarekin batera, ofiziala da eskualdean.