Uztailaren 6tik 14ra, "jai" hitza letra larriz idazten da
Iruñean. Sanferminak heldu dira. "Txupinazoak" eztanda egiten duenean, hiriburua antzaldatu eta lehertu egiten da. Mundu osoko milaka pertsonak betetzen dute zuri-gorriz janzten den hiria; esperientzia dibertigarrienak, alaienak eta bat-batekoenak bizi dira han, baita une hunkigarri, harrigarri eta goxoenak ere. Hasi daitezela jaiak!
Edonorentzako ehunka ekitaldi dituen egitarauaTxikientzat zein helduentzat, hemengoentzat zein hangoentzat, emakumezkoentzat zein gizonezkoentzat. Sanferminetan guztiontzako lekua dago, gure maximak errespetua eta bizikidetasuna direlako. Egitaraua horren erakusgarri zehatza da. Ekitaldi-proposamenen artean sanferminetako berezko jardunaldiak daude (txupinazoa, Gaixoa ni, eguneroko entzierroak, konpartsa edo su-artifizialak), baita erlijiosoak ere (bezperak, prozesioa edo zortziurrena), eta hainbat kultura-ikuskizun: kontzertuak, antzezlanak, zirkoa edo dantzak, besteak beste.
EntzierroaFesta-giroa gelditzen den une bakarra da. Izan ere, tentsioak mendean hartzen du ibilbide guztia zezenak lasterkarien atzetik korrika hasi baino minutu batzuk lehenagotik. Sentsazio-eztandak zezen-plazan du akabera. Jaiak aurrera jarraitzen du salda eta txokolatea eta txurroak hartuta, eta baita erraldoi eta buruhandiekin ere.
TxikientzatEtxeko txikienek gune ugari dituzte sanferminetan: Birjolastu, Taconeran, non birziklatuz ongi pasatuko duten; Kirol Ari, San Bartolome gotorleku txikiaren ondoan, hainbat kirol egiteko; Hauek festak hauek!, puzgarriak eta jolasak Askatasun Plazan; edo Barraketan dauden atrakzioak.
GazteentzatGazteentzat prestatu den gunea Foruen plazan dago, eta, han, gazteek, honako jarduera hauek topatuko dituzte: atrakzioak, trebetasun-jolasak, tailerrak, dantza ikastaroak, kirolak, karaokea, apar-jaia, DJ musika eta beste asko, sanferminetako arratsaldeetaz gozatzeko.
TradizionalenentzatEgitarauak ekitaldi tradizionalenak ere biltzen ditu, San Ferminen ohoratzeko egiten diren erlijiozko jaien bitartez: bezperak, prozesioa, lore-eskaintza edo zortziurrena. Eta baita ekitaldi seinalatuenak ere, sanferminak festa paregabeak bihurtzen dituztenak: konpartsaren desfilea, su-artifizialak edo entzierroak.
MelomanoentzatMusikak eta dantzak Iruñeko kaleak betetzen dituzte sanferminetan, baina beste hainbat agertokitan ere disfrutatu ditzakegu: Foruen plaza, pop eta rock kontzertuekin; Compañía plaza, jazz eta munduko musika ekitaldiekin, baina baita dantzaldi ugarietan ere.
Iruña, Nafarroaren bihotzaBaliatu Iruñean zaudela Nafarroa osoarekin zoratzeko. Egin ezazu etenaldi bat jaietan eta indarberritu zaitez basoetako, haranetako eta herrietako lasaitasunaz disfrutatuz. Ihesalditxoa eginda, gogo gehiagorekin itzuliko baitzara jaietara.