Muino zorrotz baten hegalean kokatua dago eta han ere
Lizarrako lehenbiziko gaztelu egon zen. Bada, kokapen horrexek eragin zuen tenpluaren oin irregularra. Erdi Aroan, erromesen kanposantu bezala erabili zen. Horrela, hementxe ehortzi zuten XIII. mendean San Andreseko Patras apezpiku greziarra. Bere erlikia eliza honetan gurtzen da.
Klaustroa 1170 ingurukoa da eta, egia esan,
multzo osoko atalik ederrenetakoa da. Soilik ipar eta mendebaldeko galeriak kontserbatu dira. Izan ere, beste biak desagertu ziren Zalatambor gazteluaren leherketarekin batera, errege Felipe II.ak 1572an agindutakoa. Oin karratua du, estiloz erromaniko berantiarra eta dekoratiboa. Donejakue bideko ikonografiarekin batera, bestelako landare nahiz animalia gaiak ageri dira. Erdi-puntuko arku xumeak ditu, bederatzina alde bakoitzeko, zutabe-bikoteetan bermatuak. Horrela, iparraldeko kapiteletan santuen eta Kristoren bizitzako irudiak ageri dira. Mendebaldeko horma-artean dauden kapiteletan, ordea, landare gaiak zizelkatu zituzten eta, era berean, izaki fantastikoak, harpiak eta arrano aldaera batzuk, esaterako. Eta ez galdu azken horma-arte horretako gauza aparteko bat ikusteko aukera, Burgo de Osman eta Silosko Santo Domingon ere dagoena:
elkarri lotutako lau zutabe dira, apainketa kiribildua dutenak. Erdiko arkuak zutabe horietan bermatuak daude.
Eliza honetako beste atal baliotsua bere
atari erromanikoa da, XII. mendearen bukaeran egindakoa. Arabiarren eraginpeko arku lobulatuak ditu eta oparo dago apaindua. Antzekotasun batzuk ditu
Garesko Donejakue eta Ziraukiko San Roman elizen atariekin.
Oin
laukizuzeneko dorre ikusgarri eta sendoa du, nabearen oinetan kokatua. Dorre horrek itxura militarra ematen dio multzoari, gezileihoek nabarmendua. Dorre honetan ederki islaturik gelditu dira garai bakoitzeko eraikuntzak. Horrela, adreiluzko azken tartea XVII. mendekoa da.
Eliza barnean, San Andresen kapera dago (1596), igeltsulan barrokoen bidez apainduta dagoen 1699ko kupula batek estalia. Ebanjelioaren nabeko XVII. mendeko erretaula barrokoan badago XIII. mendeko gurutze bat. Tradizioaren arabera, kristauen etsaia zen judutar batek Ega ibaira bota omen zuen gurutze hori. Mirariz, irudi hori errekan gora joan zen
Hilobi Santuaren elizaraino iritsi arte. Hantxe bildu zuten.
Eliza barnean badira ikusiko dituzun beste artelan eder batzuk. Belengo Ama Birjina erromanikoa, XIV. mendeko gurutze gotiko bat, 1687ko San Pedroren tailu bat eta XIII. mendeko bataiarri bat, zeinaren oinetan Bizitzaren Zuhaitza irudikatua baitago.
Bisitaren ondotik, gelditu tenpluraino igotzen den harmailadian, eta gozatu errege-erreginen jauregi erromanikorantz dagoen ikuspegi ederra. Gaur egun,
Gustavo de Maeztu museoaren egoitza da. Francisco Pons Sorrollak diseinatutako eskailera da, 1966an eraikia, jauregi ondoko San Martin plaza urbanizatzen zen bitartean.