Zarrakaztelutik bi kilometrora, Aragoi ibaiaren ertzean eta ia landarerik ez duen zelai baten erdian, hatxe dago eraikia Erdi Arotik hona La Olivako monasterioa osatzen duen eraikin multzoa. Izena elezaharrari dago lotua. Izan ere, tradizioaren arabera, arabiarren aurka borrokan ari zela, nafar errege bat zauriturik gertatu eta basa-olibondo baten oinetara joan zen hiltzera.
Basa-olibondoaren tokian La Olivako monasterioa eraiki zen, Zistertarren ordenak 1149an sortua. Monasterioak goia jo zuen Erdi Aroko mendeetan. Gero, ordea, Independentziako Gerraren eta desamortizazioaren ondorioz, erreka jo zuen. Beraz, hutsik egon zen harik eta XX. mendean zaharberritu eta monjeak bizitzera itzuli ziren arte.
Monasterioaren zelaira iristean, soiltasun
handiko monumentu-multzo ikusgarria ikusiko dugu. Sarreran arku zorrotza dago, albo banatan XII. mendeko harresi zaharraren arrastoak eta, goiko aldean, abade-jauregia. Sarrera zeharkatzean, hainbat eraikin ikusiko dituzu klaustroaren eta patio irekien inguruan elkartuta.
Erdialdean,
Andre Mariaren eliza dago (XII-XIII), elementu gotikoak eta erromanikoak dituena. Diotenez, eskola hispaniar-langedoziarraren eraikuntzarik bikainenetakoa da. Barnealdea hunkigarria da eta argitasun apala du.
Elizaren iparraldetik monasterioaren
Erdi Aroko ataletara sartuko gara, XII. mendeko klaustroaren inguruan banatuta. Klaustroa XIV. eta XV. mendeetan zaharberritu zuten. Klaustroaren inguruan kapitulu-gela (arte proto-gotikoaren adibide ederra), sakristia zaharra, jangela, sukaldea eta XVI. mendeko eskailera ikusgarria daude. Atal horien inguruan, aletegiaren arrastoak daude, bai eta San Jesukristoren kapera ere. Kapera hori baratzean dago, ermita txikia balitz bezala.
Arte aberastasunaz gain, monasterioak aukera ere emanen dizu monjeek egunero herri-hizkuntzan kantatzen dituzten elizkizunetara joateko. Behar bezala jantzita joan behar da eta isilean. Hona elizkizunetako ordutegia: 4:30ean, otoitzak; 7:00etan, meza; (8:15ean, tertzia; 12:45ean, seigarrenekoa; 15:10ean, hiruretakoa; 18:30ean, bezperak eta, azkenik, 20:45ean, arratseko otoitzak eta salbea.
Monasterioak badu bisitari ororentzako ostatua, bai eta mahastiak eta upeltegiak ere. Horrela, Monasterio de la Oliva markapean, era askotako ardoak merkaturatzen ditu: beltza (erreserbakoa, ondua, gaztea), gorria, likore-ardoa eta mezako ardoa.
Nafarroako Jatorrizko Deituraren barnean daude ardo guztiak, likorea izan ezik. Salgai daude monasterioko bertako dendetan.
Naturguneak gustuko badituzu, zoaz Pitillasko aintzirara edo El Ferial urtegira -pinuz inguratutako lakua da-. Bietan badira hegazti behatokiak. Halaber, aukera izanen duzu
Errege Bardeako Natur Parkean barneratzeko edo, bestela, zoaz
Uxuera (monasteriotik iparraldera kilometro gutxira) herria ikusi eta artzain-apurrak jatera.