Nafarroako Erriberak arte ondare aberatsa eskaintzen dio bisitariari eta horren adierazgarririk gorena Tuterako
katedrala da, 1884an monumentu nazionala deklaratua. Katedrala udalerriko kolegiata izan zen aspaldian eta 1180an hasi ziren eraikitzen, zistertarren arkitekturaren arauei jarraiki eta
meskita zaharraren arrastoak baliatuta.
Tenplua Alde Zaharraren bihotzean dago eta
hiru ate ditu. Hegoaldeko atari erromanikoa edo
Ama Birjinarena, hiruetan zaharrena; bere zutabeetako kapiteletan Kristoren mirariak ageri dira.
Iparraldeko ataria ere erromanikoa da, baina geroago eraikia eta Andre Mariarena deitzen diote. Eta, zalantzarik gabe, hiruretan ikusgarriena
Azken Judizioaren ataria da. Erromanikoa eta gotikoa nahasita, dekorazio eder-ederraz dago jantzia: Genesiaren eta Itun Zaharraren irudiak, eta Azken Judizioaren irudikapena. Ezkerrean, Paradisua eta gizon-emakume zintzoentzako sariak; eskuinean, aldiz, infernua eta bekatuak, horien artean lizunkeria, diruzalekeria, sabelkeria eta birao egitea.
Katedralak
klaustro erromaniko ederra du, handi-handia, XII. mendearen azkenean eraikia. Hiru eskultorek egin zuten, gutxienez. Lorategi ederra inguratzen duzun bitartean, erreparatu zutabeetako kapitelei, Itun Berriko pasarteen bidez apainduak.
Katedralak artelan ikusgarriak ere baditu
barnean. Oinplano erromanikoa du, hiru nabetan zatitua, gurutze gotiko ikusgarria eta T itxurako burualdea. Aldare nagusiaren aurrean, elizaren erdian,
koruko aulkiak daude, Ubrayko Esteban frantziarrak tailatuak. Guztira, 86 eserleku dira eta erdikoak grabatu bitxia du. Badirudi artistak arazoren bat izan zuela lana kobratzeko, eta bi bele tailatu zituen giza buru baten begiei mokokadaka. Beraz, esaera zahar honen aipamen garbia da: "Lagundu deabruari, emanen dizu infernua sari".
Eraikin preziatu honetatik atera baino lehen, komeni da erdiko absidera joatea, erretaula nagusia ikusteko; estilo gotiko hispaniar-flandestarretan egina dago (XV. mendea). Ondoan, alboko gangetako batean, Ama Birjina Zuriaren eskultura erromaniko bikaina dago. Halaber, merezi du Tuterako zaindariaren tailu gotikoa duen
Santa Anaren kapera barrokoa bisitatzea, eta ikusi ere ikus itzazue beste bi kapera: Espiritu Sainduarena (XVIII. mendekoa) eta San Martinena, burdinsare plateresko ederra duena.
Esperantzaren Ama Birjina kapera, Francisco de Villaespesa kantzilerraren hilobia gordetzen duena; jatorri aragoarra zuen elizgizon noblea zen, 1421ean zendua. Alabastro polikromatuz egindako obra monumentala da, XV. mendearen hasierako estilo gotikokoa.
Kultur ibilbide honi bukaera ezin hobea emateko, gal zaitezte Tuterak bere garaian izan zituen judutegietako eta mairu-auzoetako karrika estu eta pasabideetan barna. Ezker-eskuin, arkitektura altxor ederrak gozatuko dituzue. Bestela, jo hiriko jatetxeetako batera, Erriberako
baratzeetako barazki famatuak ahogozatzera.